Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Urriak 23

‘Bost urte euskarari puzka’ kanpaina aurkeztu du Errigorak Nafarroako Parlamentuan

Bost urte pasa dira egitasmoa martxan jarri zenetik, eta dagoeneko, 800.000 euro bideratu ditu Errigorak Nafarroa hegoaldeko euskalgintza indartzeko proiektuetara

Urriaren 25etik azaroaren 14ra bitartean abiatuko den Bost urte euskarari puzka kanpaina aurkeztu du gaur Errigorak Nafarroako Parlamentuan. Ekimenaren helburua Nafarroako hegoaldeko euskalgintza sustatzea da, baita elikadura-burujabetzaren bidean lan egitea eta auzolana lan-molde gisa balorean jartzea ere.

 

Urriaren 25etik azaroaren 14ra bitarte, Errigorak Erriberako 23 ekoizleren produktuez osatutako bi saski eskaintzen ditu 50 euroren truke: Errigoraren saski klasikoa, beltza, eta berritasunak eta produktu bereziagoak jasotzen dituena, zuria. Auzolanari esker, irabazien %25, hau da, ekoizpen prezioa eta merkatu prezioaren arteko tartea, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. Iker Ajuriagerra Errigorako kideak azaldu du aurtengo kanpaina berezia izango dela, izan ere, bost urte pasa dira jada ekimena martxan jarri zutenetik.

 

Ibai Sueskun Errigorako kideak, urteurrena dela eta, egitasmoak eta honen inguruan sortu den komunitateak urteotan eduki duen bilakaera azaldu du. 2013ko udazkenean abiatutako lehen kanpainaz geroztik, Errigorak 800.000 euro bideratu ditu Erriberako euskalgintza indartzeko proiektuetara, eta ekarpen ekonomikoaz gain, euskalgintzari “bozgorailua eta arnasa” eman zaiola azpimarratu du Sueskunek, “euskarak espazio berriak irabazi ditu eta euskararekiko ikuspegia aldatzeko pausu txikiak eman ditugu”.

 

Aurkezpenean Argiñe Korta, Aitziber Lizeaga eta Alizia Iribarren izan dira, hurrenez hurren, zonaldeko ikastolen, Sortzen elkartearen eta AEKren izenean, urte hauetan euskalgintzara bideratutako diruaren hartzaile izan baitira.

 

Argiñe Kortaren hitzetan, Nafarroako hegoaldeko ikastolei “arnasa lasaiago hartzeko” balio izan die egitasmoaren bidez lortutako diruak, “hutsuneak bete eta konponketak egiteko, baita erronka berriei heltzeko beharrezko hainbat inbertsiori aurre egiteko aukera ere” eman die. Horrez gain, auzolanaren garrantzia azpimarratu du, izan ere, ikastolak hasieratik lan molde honetan oinarritu baitira.

 

Aitziber Lizeagak azaldu du Sortzen Elkarteak jaso duen diru partida sare publikoan D ereduko taldeak sustatzeko erabili duela, hiru ikasturteotan 9 herritan abiatu baitira D ereduko lerroak, eta “honetan izan du eraginik Sortzen elkarteak egindako ahaleginak”.

 

Alizia Iribarrenek esan duenez, AEKk ikasleei matrikula arintzeko beka-sistema abiatu du diru-ekarpen honekin, eta beka hauek “ikasleen poltsikoetan ez ezik, Erriberako AEKren matrikulazioan nabarmen antzeman dira”, hiru ikasturtetan matrikulazioak %70 egin baitu gora.

 

Aurkezpenera bertaratu direnen artean, Virginia Alemán (Geroa Bai), Esther Korres, Maiorga Ramirez, Dabid Anaut (EH Bildu), Laura Pérez eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai) parlamentariak izan dira.