Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Ekainak 19

‘Emakume sahararrak: injustiziaren aurkako erronka” argazki erakusketaren inaugurazio ekitaldia

Ainhoa Aznárezek dio emakume sahararra “zintzotasunaren, egia eta justiziaren eta legez kontrako okupazioaren aurreko borroka pertsonalaren eta erresistentzia baketsuaren ikurra” dela.

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak gaur arratsaldean Emakume sahararrak: injustiziaren aurkako erronka izenburua daraman argazki erakusketa inauguratu du. Erakusketa Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan talde parlamentarioen arteko taldeak gatazka eta egungo egoera politika aztertzeko antolatu dituen bi jardunaldien osagarria izanen da.

 

Ekitaldia Parlamentuko egoitzaren atalondoan izan da, eta bertan, besteak beste, honako hauek egon dira: Begoña Ganuza (UPN), Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Ainhoa Unzu (PSN), Fronte Polisarioak Nafarroan duen ordezkari Baddadi Benamar, Ahmed Baba Dahi Sid Brahim eta parlamentari ohi Koldo Amezketa eta Fátima Andreo.

 

Bere hitzaldian, Ainhoa Aznárez Igarzak azaldu du Parlamentuak interesa duela “emakume sahararrari ikusgarritasuna emateko, herri baten balio benetakoenen eramailea baita: beren zintzotasuna, egia eta justizia direla-eta emakume horiek basamortuko zaitasunen eta Marokoko okupazio-indarren aurkako borroka pertsonalaren eta erresistentziaren ikurra dira”: hori guztia islatzen du erakusketak.

 

“Askotan errefuxiatu-eremu bat besterik ezagutu ez duten” neskatoen, neska gazteen eta emakumeen “ahalduntzea” nabarmendu ondoren, lehendakariak azpimarratu du “Parlamentuak konpromisoa duela elikadura, osasuna eta hezkuntza bezalako gai garrantzitsuetan orain arte egon den lankidetza-ildoei eusteko eta lankidetza hori produkzio-sektorera ere zabaltzeko”.

 

Testuinguru horretan eta “gobernurako Programa-akordioan jasotzen den bezala Foru Komunitateak Saharako auzia dela-eta daukan sentiberatasun eta elkartasun bereziak azpimarratu ondoren”, Ainhoa Aznárezek “harremanak estutzen jarraitzearen alde eginez” amaitu du: “Sekula baino presenteago eduki nahi zaituztegu. Haurrei abegi egiteko urteroko programa izanen da hurrengo urratsa".

 

Fronte Polisarioak duen ordezkari saharar Baddadi Benamarrek “bere estimua eta esker ona” adierazi ditu, Saharako herriari “laguntza emateko eguneroko ahaleginarengatik”, bereziki basamortuaren furfuria pairatzen ari diren egun hauetan. 40 urtez ahalegin guztiak egiten jardun duen heroi horixe da, emakume sahararra, harritza hartako bizimodua gozagarri eta alai bihurtzen duena. Eskerrik asko Nafarroako Parlamentuari eta talde parlamentarioen arteko taldeari, beren inplikazioarengatik".

 

Saharako Parlamentuko Batzorde Politikoaren arduradun Ahmed Baba Dahi Sid Brahimek “kanpalekuak bisitatzeko gonbita berretsi du, esperientziak elkarrekin trukatu eta independentziaren aldeko argumentuak biltzen jarraitzeko, zeren eta Saharako herriak grinatsu jarraitzen baitu bere estatua askatasunean eraikitzeko ahaleginean. Eskerrik asko zuen ahaleginarengatik”.

 

Bere aldetik, ANARASDen koordinatzaile Charo Pardok adierazi du erakusketa “Saharako emakumearen aldeko omenaldi txiki bat izan nahi duela, haiek baitira kanpalekuetan dagoen guztiaren egileak; izan ere, mediku, maistra, kudeatzaile eta abar gisa jardun izan dute gizonezkoak frontean egon diren bitartean. Lagina puzzle bat da, Saharako emakumeari buruzko laburpen bat: emakume indartsuak dira, erresistentzia handikoak, biziraupen hutsa”.

 

'Emakume sahararrak: injustiziaren aurkako erronka' RASD Adiskidantzarako Nafar Elkartearen (ANARASD) ekimen bat da: 28 argazki eta zortzi azalpen-panel dira, gaztelaniaz eta euskaraz idatziak. Adin desberdinetako emakume sahararren erretratuak ageri dira haietan, Saharako eguneroko bizitzaren erakusgarri.

 

Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da ikusgarri ekainaren 30era arte, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 14:00etara, berriz, larunbatetan.

 

Erakusketa inauguratu ondoren, Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan talde parlamentarioen arteko taldeak programatutako bi jardunaldietatik lehena izan da, egungo egoera politikoaren analisian sakontzeko, Tindoufeko errefuxiatu-eremura egindako azken bisitan (2016ko maiatza) hitzartu bezala.

 

Gaurko jardunaldiko protagonistak Fronte Polisarioak Foru Komunitatean duen ordezkari Baddadi Benamar eta Saharako Parlamentuko Batzorde Politikoaren arduradun Ahmed Baba Dahi Sid Brahim izan dira, bai eta ANARASDeko eta Nafarroako Sahararen Lagunen Elkarteko (ANAS) ordezkariak ere. Aurkezpena Ainhoa Unzuk egin du, taldeko koordinatzailea baita.

 

Programa datorren astelehenean osatuko da, hilaren 26an, emakume sahararraren egoera eta egitekoa aztertzeko bigarren saio batekin (18:00etan, atalondoan). Aurreikusita dago Tebraa filma ematea eta solasaldi bat egitea, zeinean parte hartuko baitute Emakume Sahararren Elkarteko Rabub Mohamed Lamin Mehdik eta Fronte Polisarioak Nafarroan dauzkan ordezkariek.

 

Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan talde parlamentarioen arteko taldea Ainhoa Unzuk (PSN) koordinatzen du, eta honako beste kide hauek badauzka: Consuelo Satrustegi (Geroa Bai), Begoña Ganuza (UPN), Maiorga Ramírez (EH Bildu), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).