Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Urriak 11

‘Erresistentzia indigenaren eguna’ gogorarazteko ekitaldia

Egun horretarako egin den manifestuan honako hau defendatzen da: “errealitate historikoa egia osoarekin zabaltzeko eta defendatzeko betebeharra eta erantzukizuna”

Aurreko astelehenean, urriaren 12an, Herri indigenen eta aniztasun kulturalarekiko errespetuaren eguna izan zen, eta egun horri lotuta Nafarroako Parlamentuak Erresistentzia indigenaren eguna gogorarazi du gaur arratsaldean ekitaldi baten bidez. Ekitaldi folklorikoa izan da batez ere, eta kultura aborigenaren sei talde eta Nafarroako txistularien elkartea izan dira bertan.

 

Fanny Carrillok (Podemos-Ahal Dugu) irakurri du ekitaldiari hasiera emateko manifestua; izan ere, testua irakurtzean honako hau azpimarratu du: “errealitate historikoa egia osoarekin zabaltzeko eta defendatzeko betebeharra eta erantzukizuna dugu. Geure nortasunean milurteko zibilizazio indigenen duintasunaren zati bat eramateko pribilegioa dugunok urriaren 12a gogoratu behar dugu, egun hori gure arbasoen holokaustoa hasi zen eguna baita. Eta egun odoltsuak ez dira ospatzen; are gehiago, egun horiek ez dira eskertzen”.

 

Beraz, urriaren 12a “arrazaren edo Amerikaren aurkikuntzaren eguna” izan beharra zalantzan jarri ostean, Podemos-Ahal dugu taldeko parlamentariak eta Sumak-Kawsay dantza talde ekuadortarreko kidea ere badenak honako hau adierazi du: “konkistatzaileek, odola eta sua tartean zirela, heriotza, suntsipen, esklabotasun, harrapaketa eta mendekotasun kulturala zabaldu zuten”.

 

Haren esanetan, “ehizatzeko eta jateko asmatu ziren arkuak eta geziak defendatzeko arma bilakatu” baino lehen, Europako inbaditzaileek “milaka hilketa eta bortxaketa” eragin zituzten herri indigenak menderatu nahian. Carrillok zera aldarrikatu du: “gure arbasoak ausartak izan ziren. Haiek izan ziren gaiztakeriarik eta handinahirik gabe zapalkuntzaren eta ukapenaren aurka egin zutenak”.

 

Fanny Carrillok amaitzeko adierazi du “soilik horrela, egia aurretik dela, lor daiteke Amalurrak dituen kolore guztiez osatutako udaberria loratzea”.

 

Ondoren, ASVENA Venezuelarren Nafarroako Elkarteak urriaren 12a antzeztu du eta ondorengo taldeek ekitaldi batzuk egin dituzte: Bolivia dantza taldea, Herencia Latina dantza taldea, América India, Sumak-kawsay (bizi ona), Nafarroako Txistularien Elkartea eta Contigo Perú elkartea.

 

Ganberak duen egoitzaren atarian egin da ekitaldia eta, besteak beste, honako hauek egon dira: Nafarroako Parlamentuko presidentea Ainhoa Aznárez Igarza, parlamentari batzuk Virginia Alemán (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde, Maiorga Ramírez, Arantza Izurdiaga, Esther Korres (EH Bildu), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Inma Jurío, Ainhoa Unzu (PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra), eta Iruñeko Udaleko Kultura, Hizkuntza Politika, Hezkuntza eta Kiroleko zinegotzia Maider Beloki.