‘Kolonbia, Bake Iheskorra’ azaroaren 17ra arte ikusgai egongo da Parlamentuko atarian
Argazki erakusketak erailketak, torturak eta sexu bortizkeria jasan dutenen arrangura jasotzen du, baita bahitu eta armak erabiltzera behartu dituztenenak ere
Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, gaur eman dio hasiera Nafarroako Amnistia Internazionalak eta Nazioarteko Brigadek (PBI) antolatutako Kolonbia, Bake Iheskorra erakusketari.
Erakusketa 25 argazkik osatzen dute, eta erailketak, torturak eta sexu bortizkeria jasan dutenen arrangura jasotzen du, baita bahitu eta armak erabiltzera behartu dituztenenak ere.
Hasierako ekitaldian Aznarezek azaldu du, “’nazioarteko komunitateko’ instituzioen parte garenok, Kolonbian eraikitzen saiatzen ari diren demokrazia babesteko erantzukizuna dugula, prozesua gertutik jarraitzeko”. Horregatik estatuari eskatu dio “gure herri anaiaren, kolonbiarraren” bake prozesuan aktiboki parte hartzeko.
Erakusketaren aurkezpenean Amnistia Internazionaleko ekintzaile den Marian Martin Escuderok parte hartu du, baita Nazioarteko Brigadetako Josu Eguarasek ere. Biek, euskaraz eta gazteleraz azaldu dute “Kolonbian bakeari buruz hitz egiten dela, negoziazio eta akordioei buruz, su-etenari buruz… azken batean itxaropenari buruz, bizitako bide luzearen ondoren”. 50 urte baino gehiago iraun duen gatazka armatuak utzi dituen zifrak oroitarazi dituzte: 265.000 hildako, 6 milioi desplazatu, 45.000 desagertze dira “gatazkak utzi dituen zifra ikaragarrietako batzuk. Gehiengoa zibilak eta ia erdia emakumeak”.
“Egia, justizia, erreparazioa eta giza eskubideekiko errespetua” bilatzeak duen garrantzia azpimarratu dute, bestela “bakeak iheskorra izaten jarraituko baitu”.
Hasiera ekitaldira joan den jendeak, tartean Mikel Buil García eta Fanny Carrillo Suárez parlamentariak, Alexandra Bermúdez Osorio, soziologoa eta Kolonbiako Giza Eskubideen defendatzaile ezagunaren eskutik bisita gidatua egiteko aukera izan dute.
Erakusketak Kolonbiako Bakearen inguruko jardunaldiei hasiera eman die, gobernuz kanpoko hurrengo sei erakundeek duela 18 urtetatik antolatzen dituzte jardunaldi hauek: Amnistía Internacional, Mugarik Gabe Nafarroa, PBI Nafarroa, Aldea, RED Repensamos los cambios y Protección Internacional Navarra. Datorren asteko astearte, asteazken, ostegun eta ostiralean ekintza ugari antolatuko dira gai honen inguruan, hitzaldiak eta proiekzioak, esaterako.
Parlamentuko erakusketa azaroaren 3tik 17ra egonen da ikusgai, 10:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera eta 11:30etatik 14:00etara larunbatetan.