Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Maiatzak 2

‘Levántate contra el Bullying’ elkarteari harrera ofiziala egin zaio

Ainhoa Aznárezek “zero tolerantzia” eta prebentzioaren arloko “programa sozial eta hezkuntzakoak” eskatu ditu eskola-giro seguruaren aurkako jokabide oro desagerrarazteko.

Eskola jazarpenaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak harrera ofiziala egin dio Levántate contra el Bullying elkarteari, zeinak “bazterketaren errealitate sozialetan kokatuta dagoen eta milioika haur —baita Nafarroan ere— ukitzen dituen arazo baten” adierazgarri bat baita.

 

Harrera Erakunde Aretoan egin da, eta bertan Ainhoa Aznárezek hitz egin du, eta eskatu ditu “arintasuna eta irmotasuna egunerokoaren esparruan izaten diren zigorgabetasuneko egoeren aurka, zeinetan botere- eta indar-desoreka argiak gertatzen baitira, errepikatzearen poderioz amaieran onartu eta natural bihurtzen direnak. Jokabide erasokorrak eta, nolanahi ere, kaltegarriak izaten dira, biktimak bere baliabideekin aurrera egitea eragozten dutenak”.

 

Testuinguru honetan, lehendakariak dei egin du “prebentzio-politikak eta programa sozial eta hezkuntzakoak sustatzeko, jazarriei eta jazarleei tresnak eta laguntza ematera bideratuak, abusuzko jokabide horiek txertatuta dauden ingurune sozial eta emozionaletik bertatik desagerrarazteko”.

 

Hartara, “gurasoen, irakasleen eta ikasleen arteko lankidetza” eskatu ondoren, Ainhoa Aznárezek baieztatu du eskola-giro seguru eta aberasgarri bat sortzeko zero tolerantzia eduki beharra dagoela pertsonen oinarrizko eskubideen aurka egiten duten jokabide onartezinen aurrean”.

 

Julen Sesma Redondo, Levántate contra el Bullying elkarteko burua, pozik agertu da Parlamentuan hirugarren aldiz egoteagatik, eta adierazi du espero duela hurrengoan izan dadila “guztien artean berariazko foru agindu baten inguruan lan egiteko, hartan egin beharreko jarduketak eta jarraitu beharreko protokoloa finkatze aldera. Urte eta erdi daramagu lanean, eta jada 55 kasu artatzen ari gara. Berrehun dei baino gehiago jaso ditugu laguntza eske”.

 

Horri dagokionez, Sesmak adierazi du pozik dagoela erakundeak “lanean hasi direlako lakra hau ikustarazteko. Fatxada bat kolore berdez argiztatzea (gaurko gauaz) ederki dago, baina formaltasunekin ez dugu ezer ere konpontzen; orain gauzak zehazten hasi behar da: prebentzioa, antzematea, jarraipena eta konponbidea. Elkarrekin egin behar dugu aurrera, zeren eta gai zuria baita hau, ideologiarik gabea. Espero dezagun Hezkuntza Departamentuaren burutzan izan den aldaketarekin, guri entzuten hastea”.

 

Ekitaldian bertaratu direnen artean, Cristina Altuna (UPN), Rafael Eraso (Geroa Bai) eta Javier García (PPN) egon dira.

 

Maiatzaren 2a da Eskola jazarpenaren edo bullyingaren aurkako Nazioarteko Eguna. Mundu osoan milaka ikaslerengan eragiten duen arazo baten inguruan kontzientziatzeko kanpaina bat da.

 

Mundu osoko guraso-elkarteak eta GKEak ados jarri ziren egun hau ospatzearen inguruan, bullying edo jazarpenak ikasleei eragin diezaiekeen arriskuei buruz herritarrak kontzientziatze aldera eta egoera hori saihesteko metodoen zabalkundea egiteko.

 

Bullyinga ikasleek ikasgeletan pairatzen duten zuzengabekeria edo botere-abusua da. Beste ikasle batzuen eskutik eskola-jazarpena pairatzen duten edo behin eta berriz indarkeria-egoeren lekuko diren haur eta gazteek epe ertain eta luzean errendimendu akademiko txikiagoa dute. Egoera hori denboraren poderioz okerrago bihur daiteke eta depresioa eragin diezaioke hura pairatzen duenari, eta horrek berekin ekar dezake eskoletara ez joatea eta ikasketei uztea.