“Klima gure eskuetan” topaketetako lehen jardunaldia Parlamentuan ospatu da
2017-2030 Nafarroako Klima Aldaketaren ibilbide orriak jasotzen dituen ekintzen barnean kokatzen da, eta zortzi mahai monografiko osatu dira gai desberdinak lantzeko
Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, Klima gure eskuetan topaketei irekiera eman die gaur. Klina, 2017-2030 Nafarroako Klima Aldaketaren ibilbide orriak jasotako ekintza da eta konpromiso esparruan antolatutako lan eta dibulgaziorako bi jardunaldi egingo dira, bigarrena Planetarioan ospatuko da.
Ehun pertsonatik gora bildu dituen jardunaldiaren helburua, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekiko eta klimaren aurreko ekintzarekiko konpromisoa konpartitzea izan da, parte hartze kolaboratiboa, artea, zientzia eta sentsibilizazioa konbinatuz.
Ainhoa Aznarez Igarzak, Parlamentuko Lehendakariak eta Isabel Elizaldek, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Kontseilariak ireki dute Osoko Bilkuren Aretoan 18:00etan ospatu den ekitaldia.
Aznarezek topaketa hauen garrantzia azpimarratu du, izan ere, “ukondoz ukondo” lan egitea ahalbidetzen baitute, eta arazo larri honi aurre egiteko ezinbestekoa da. Bere hitzetan, jardunaldi hauek “ezinbestekoak dira eragile sozialekin, lurraldeekin batera aurrera egiteko, klima aldaketaren aurka elkarrekin borroka egin behar baita”:
Parlamentuko Lehendakariak oroitarazi du 2016ko azaroan Parlamentuan Pleno Sozial bat egin zela, non “Klima Aldaketaren aurkako Boluntarioen” plataforma batek klima aldaketa gelditzeko oinarri eta zutabeak ezartzeko ideiarekin jardunaldi bat antolatu zuen. Oroitarazi du egun hartan “agenda politikoan garrantzia izugarria duen gai bat txertatu zela, gizarteak aspaldi lanean ziharduen gai bat”.
Gainera, Berta Cáceres Hondurasko ekintzaile eta lider ekologista gogoratu nahi izan du, 2016an erail zuten, eta 2015. urtean Goldman saria jaso zuen, Nobel berde gisa ere ezaguna, herrialde indigenaren eskubideen aldeko borrokaren aitorpen gisa.
Isabel Elizaldek azaldu du Nafarroako Gobernua 2016 urtean klima aldaketarekin martxan jarri zela, parte hartzean eta komunikazioan ahalegin berezia jarriz. Burututako lanaren emaitza KLINA izan da, 2018ko urtarrilean sinatutako Klima Aldaketaren ibilbide orria.
Jarraian, Andreu Escrivák, ingurumen dibulgatzaileak eta klima aldaketan adituak, “Oraindik ez da berandu” hitzaldia eskaini du. Escrivaren hitzak kezkagarriak baina, era berean, itxaropentsuak izan dira, izan ere, nabarmendu baitu “egoerak ezin duela atzera egin, baina oraindik ere etorkizun katastrofikoak ekiditeko garaiz gaudela”.
Klima aldaketa arazo sozial bat da, eta horregatik, Escrivak era sozialean aurre egin behar zaiola uste du. “Giltza gure esku dago, irtenbidea gizartean dago, hitz egin behar da, sareak josi, komunikatu, eta Klima aldaketaren gaiari lehentasuna eman behar zaio”.
Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak, Eva García Balaguerrek, nabarmendu du Nafarroak erronka honetan parte hartuko duela eta “gure erkidegoak Gobernuaren, Parlamentuaren eta herritarren ekintza konpromisoa duela. Erronka zaila daukagu aurretik. Azken bi urteetan ezagutza hobetu dugu, ikusi dugu zer nolako eragina izan duen klima aldaketak Nafarroan eta agora Klina osatu dugu”.
Jardunaldia osatzeko, zortzi mahai monografiko osatu dira, bakoitza bere dinamika propioarekin eta hurrengo gaietan banatuta: energia, mugikortasuna, nekazaritza, basoak, Osasuna, ura, tokiko ekintza eta hiri-birsorkuntza.
Rafael Alday izan da jardunaldia gidatu duena, Lursarea, Nafarroako Jasangarritasun Agentziako klima aldaketan aditua.