Noiz argitaratua Asteartea, 2018.eko Abenduak 11

“Pertsonaren Duintasuna Hiltzeko Prozesuan” eztabaidagai Parlamentuan

Nafarroan Herritarren Partaidetza Sustatzeko Planaren eta Nafarroan Zahartzaro aktibo eta osasungarrirako estrategiaren ekimen bat da

Pertsonaren Duintasuna Hiltzeko Prozesuan” gaiari buruzko eztabaida publikoa ospatu da Parlamentuan astearte honetan. Nafarroan Herritarren Partaidetza Sustatzeko Planaren eta Nafarroan Zahartzaro aktibo eta osasungarrirako estrategiaren ekimen bat da, eta bertan parte hartu dute Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Nafarroako Unibertsitateak, Medikuen Elkargoak, Politologoen eta Soziologoen Nafarroako ELkargoak, Nafarroan duin hiltzeko Eskubidearen aldeko Elkarteak eta Nafarroako Zaintza Aringarrien Elkarteak.

 

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak ema dio hasiera ekitaldiari, eta “lehentasunezko eta ezinbesteko” gisa definitu du eztabaida, izan ere, hainbat ikerkerta soziologikoren arabera, “populazioaren gehiengoa eutanasiaren eta lagundutako suizidioaren alde baitago”.

 

Prozesu honetan emakumeen garrantzia azpimarratu du Aznarezek, “bai esparru publiko zein pribatuan zaintzaile gisa bete dugun rola dela eta, emakumeok sufrimendua gertutik ezagutu dugu, eta horregatik, gehiago dira azken borondate agiria eskatzen duten emakumeak gizonak baino”. Arrazoi honengatik, lehendakariaren hitzetan, “gaurko eztabaidan genero ikuspegia ezinbestekoa da”.

 

Pasa den urriaren 25ean Kongresuan eutanasiaren legea izapidetzeko onartzeak duen garrantzia azpimarratu du lehendakariak amaitzeko, izan ere, izapidetze horrek “heriotza duin baterako eskubideari buruzko lege aurreratuenetako bat ekarriko du, oinarrizko eskubide gisa aitortu nahi baitu bizitzaren amaiera duin bat edukitzeko eskubidea”.

 

Jarraian Ana Ollo Hualdek, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Kontseilariak azaldu du, eztabaida publiko hauen helburua “herritarrei ahotsa ematea” dela, baita horrelako gaiak “normalizatzea eta gizarteratzea” ere. Gaurko eztabaidaren helburua, zehazki, “hiltzeko prozesuan dauden pertsonen duintasunaren esanahian eta kontsiderazioan sakontzea, eta benetan gure heriotzaren gaineko erabakimenik ote dugun” hausnartzea dela azaldu du kontseilariak.

 

Ana Otazu Vegak, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Zuzenbide Publikoko esparruko irakasle eta abokatuak, eztabaida gaiaren testuinguru juridikoa azaldu du, “egungo Espainiako eta Nafarroako lege sistemak nola erantzuten dien heriotzaren prozesuan agertzen diren behar eta eskaerei”.

 

Xabier Azkoitia Zabaleta teologoa eta Doluan eta Zaintza Aringarrietan aditua da, eta zaintza aringarriaren garrantzi eta balioaren inguruko hausnarketa eskaini du, baieztatuz “bizitzaren bukaerak zaintzaileon duintasun etikoa eskatzen duela, eta helburu nagusia pertsona hauen bizitza, amaitzen ari denean, baliagarri gisa aitortzea" dela.

 

Albert Planes Magriñák, familia medikuak eta AMF aldizkariko zuzendariak, pertsonek “bizitza eta heriotza on bat” izaterako orduan familiako medikuek duten garrantziari buruz hausnartu du . Defendatu du eztabaida hau “soilik pertsona bakoitzaren balore eta sinesmenei errespetua izanik” eraman daitekeela aurrera.

 

Hizlarien aurkezpenen ondoren, bertaratu diren pertsonen partaidetzarekin eztabaida burutu dute, eta Ana Aliende Urtasun, Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologia irakaslea izan da moderatzailea.