Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Urriak 16

2017ko urriaren 16ko bilkura

NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 16, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 16–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:

 

Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:

 

FORU LEGE PROIEKTUAK:

- Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituen Foru Lege proiektutik bereiztea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen aldaketa.

 

FORU LEGE PROPOSAMENAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Gobernuaren erabakia, zeinaren bidez adierazi baitu ez dagoela ados Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko apirilaren 28ko 9/2010 Foru Legea aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartu izanarekin, eta proposamena izapidetzen jarraitzea erabaki dute.

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da beharrezkoak diren neurriak ezar ditzan gure erkidegoan bizi diren Venezuelako erretiratu eta pentsiodunek oinarrizko soldata soziala eta gizarte-laguntzen zerbitzu eta sistema autonomikoak eskuratu ahal izateko, beren herrialdeko pentsiorik ez badute jasotzen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da onar dezan ez direla egokiak izan Ingelesez Ikasteko Programa ezarrita duten ikastetxe publikoetako irakasleen gaitasunari eta ikasleen eskola-emaitzei buruzko bere ekintzak eta adierazpenak. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Horren bidez, Hezkuntza Departamentua premiatzen da berma dezan irakasle kualifikatuenak hautatuko direla departamentuak egiten duen lan eskaintza publikoan. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da arbuia dezan Nafarroak Espainiaren barneko foru komunitate bereizia izateari uztea bilatzen duen adierazpen oro. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du. (9-17/MOC-00139).

 

AGERRALDIAK:

- Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariaren agerraldi-eskaria erretiratzea. Agerraldiaren xedea zen kontseilariak informatzea AUDENASAren kapital-murrizketari buruz eta Nafarroako Gobernuaren 2017ko abuztuaren 23ko erabakiari buruz, zeinaren bidez garatu baita Nafarroako autobidearen lehen fasearen emakida-kontratuaren 7.4 klausula. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko Laura Lucía Pérez Ruano andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltzako fiskal nagusiarena, 2016ko oroitidazkia aurkez dezan. Nafarroako Foru Komunitateko Fiskaltza Nagusiko fiskal nagusi José Antonio Sánchez Sánchez-Villares jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, iritzia eman dezan Bilduk Nafarroa barne hartzen duen Euskal Herriko Errepublika Konfederal bat sortzeko eginiko proposamenari buruz. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, balora dezan Nafarroako administrazio publikoetan, haren mendeko erakunde autonomoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua dela-eta Nafarroako Kontseiluak egindako txostenaren legezkontrakotasun-ohartarazpenaren norainokoa eta kontseilariak txostenaren inguruan eginiko manipulazioa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Iñaki Iriarte López jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, Bilduk planteatzen duen Euskal Errepublika Konfederal sortzeari buruzko iritzia eman dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko José Javier Esparza Abaurrea jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, informa dezan Lanbide Heziketako ikastetxeetako irakasle gabeziaz eta Pedagogia eta Didaktika Masterrik edo pareko prestakuntzarik ez duten irakasleak kontratatzeari buruz. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

- Hezkuntzako kontseilariarena, azal dezan 2017-2018 ikasturterako beka-deialdia. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Javier García Jiménez jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, azal dezan irailaren 12ko 35E/2017 Foru Agindua. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

- Nafarroako Gobernuaren 2017ko urriaren 11ko Erabakia, zeinaren bidez foru erkidegoaren intereseko inbertsio deklaratzen baita Cárnicas Galar SLk sustatutako enpresa-proiektua. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Terrorismoaren Biktimen Elkartearen ordezkariekin, elkartearen helburuei eta jarduerei buruz informa dezaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

- Pio XII Auzo Plataformaren ordezkariekin, trafikoaren berrantolamenduaren ondorioz sorturiko problematika azaltzeko. Unión del Pueblo Navarro eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.

- LAB sindikatuaren ordezkariekin, informa dezaten Lanbide Heziketako irakasleen profilaren egoerari, ziklo berriak ezartzeko bermeei eta etorkizunerako plangintzari buruz. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Esther Korres Bengoetxea andreak aurkeztu du.

- Eskaera, Barcelosako eta Santa Anako zelaiguneetara egitekoa den bisitan laguntzaileak ere egon daitezen. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerra foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- Bigarren Hezkuntzako Masterra ez daukaten irakasleak kontratatzeari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.

- Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa kentzeari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.

- S3 estrategiari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.

- Itoiz eta Allozko ura Ebroko lehortea arintzeko puntualki erabiltzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.

- Jakiteko ea Nafarroako Gobernuak zergatik ez dituen argitara eman Ingelesez Irakasteko Programaren ebaluazioaren aurreko ikasturteko emaitzak. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.

- Birformulatu eginen da 110/1986 Foru Dekretuari buruzko galdera. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

- Birformulatu eginen da Kontratazio publikoaren protokoloei buruzko galdera. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.

- Argibide Fundazioarekiko kontratuari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.

- Nafarroako Berdintasunerako Institutuak Nafarroan Emakumeen genitalen ebaketaren aurkako prebentzio eta jardunerako protokolo bat ezartzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Eskaria, epea luzatzekoa Nafarroako Gobernuak bizilagun-erkidegoetan energia alorreko trantsizioari laguntzeko eginen dituen urratsei buruzko eta energia berriztagarrietako murrizketa berriaren aitzineko jarrerari buruzko galderari erantzuteko. Nafarroako Gobernuak aurkeztu du.

- Cabanillas, Fustiñana eta Ribaforadako ikasleak eskolatuko dituen Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutu berriari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Alberto Catalán Higueras jaunak aurkeztu du.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Nafarroako Foru Komunitateko senatari gisa X., XI. eta XII. Legegintzaldietan gaur egun arte eginiko jarduerari buruzko txostena. Idoia Villanueva Ruiz andreak aurkeztu du.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa azaltzen du Pobreziaren aurkako Nafarroako Ituna berrikusi eta eguneratzeko. Adierazpena Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Bada agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat, pobrezia Estatu barruan nahiz Estatutik kanpo desagerrarazteko helburua lortzeko eta gizarte-kohesioa lortzeko.

 

2. Espainiako Estatuak 2030eko Agendarekin eta agenda hori Garapen Jasangarriko Helburuen bidez garatzearekin bat egitea adostasun politiko eta sozialeko osagai sendo bat da, herrialde txirotuenganako elkartasun aktiboko politika bat mantentzeari dagokionez herritarrek daukaten borondate orokorretik ondorioztatzen den legez; halatan, beharrezkoa da nazioarteko erkidegoak ahalegin etengabea egitea, eta Nafarroak ahalegin horretan lagundu beharra dauka, agenda hori mundu guztiak bete beharrekoa delako.

 

3. Ekonomia solidarioa –zeinak bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta finantza solidarioak jasotzen baititu– Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari begira beharrezkoa den eredu baten gisa planteatzen da, eta bazterkeriaren nahiz pobreziaren zergatien aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkor bat sustatuz eta gaurko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak jasoz.

 

4. Bultzada handiagoa eman behar zaie pobrezia eta gizarte-bazterkeria desagerrarazteko politika publikoei, Nafarroan gizarte-kohesioa handiagoa bilatzea helburu, politika eraginkorrak sustatuz eta behar adina baliabide jarriz.

 

5. Ahalegin solidario hau garatzen duen esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren fruitu eta herritarren ondare komuna da, akordio politikoaren eta herritarren mobilizazioaren fruitu. Hori dela-eta, iraganean hartutako konpromisoak gaurkotu beharra dago konpromiso horiek egiaz bete daitezen eta errealitate politiko eta sozial berrien argitara areagotu daitezen. Borondate hori Pobrezia Desagerraraztearen eta Gizarte-kohesioaren aldeko Tokiko Ituna gaurkotuz gauzatu behar da; izan ere, lankidetzarako politika eta gizarte-politikak ezin dira interes partidisten mende jarri”.

 

- Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten baitizkie galiziarrei, pairatzen ari diren sute-bolada hau dela-eta.

 

Onetsi den testua Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak eta Geroa Bai, aEH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta I-E foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako proposamenak bat egitetik heldu da.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna eta babesa adierazten dizkie galiziarrei pairatzen ari diren sute-bolada hau dela-eta, sute hauen jatorrian egon litezkeen delitu-egintzak gogor salatu bidenabar.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere doluminak eta nahigabe sakona helarazten dizkie gertakari latz hauetan hildakoen familiei eta gertukoei, eta bere hurbiltasuna eta atsekabea helarazten dizkie.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bere errespetua eta mirespena adierazi nahi dizkie suteak itzaltzeko lanetan ari diren pertsona guztiei, eta haien esku jartzen da laguntzeko eskain dezakeen orotan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere laguntza eta lankidetza eskain diezazkien galiziarrei, beharrezkotzat jotzen dituzten baliabide guztiak haien esku jarrita.

 

5. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten du ingurumenaren babes aktiboarekiko konpromisoa, zeina funtsezkoa baita bizitzaren iraunkortasunerako.

 

6. Nafarroako Parlamentuak Galiziako Xuntari eta Galiziako Parlamentuari igorriko die adierazpen instituzional hau”.

 

- Mahaiak erabaki du hamabost egun luzatzea Nafarroako Gardentasunaren Kontseiluko lehendakaritzarako hautagaiak aurkezteko epea, zeina 2017ko urriaren 19an bukatzen baitzen, eta Kontratu Publikoei buruzko Foru Lege proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, zeina 2017ko urriaren 23an bukatzen baitzen.