2017ko urriaren 9ko bilkura
NAFARROAKO PARLAMENTUKO MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR, ASTELEHENA, URRIAK 9, EGINIKO BILKURAN HARTUTAKO ERABAKIAK
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura egin dute gaur –astelehena, urriak 9–, 10:00etan, eta honako erabaki hauek hartu dituzte:
Izapidetzeko onartu diren gaiak eta hartu diren erabakiak:
FORU LEGE PROPOSAMENAK:
- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Diputatuen Kongresuaren jakinarazpena, Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorraren legedia aldatzeko Lege proposamena aintzat ez hartzeari buruzkoa.
- Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea aldatzen duena. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
INTERPELAZIOAK:
- Titulartasun pribatuko zentro soziosanitarioetan laguntza farmazeutikoa emateko politikari buruzkoa. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
MOZIOAK:
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da jaiotzarako laguntzaren eta amagandiko edoskitzearen humanizaziorako ekimena bultza dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Mónica Doménech Linde andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da hiru hilabeteko epean txikizkako merkataritzari laguntzeko plan bat egin dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Carlos García Adanero jaunak aurkeztu du.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Toki Inbertsioei buruzko Planerako aurrekontu-partida handitu dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko María Carmen Segura Moreno andreak aurkeztu du.
- Horren bidez, Estatuko Gobernua premiatzen da Sociedad Estatal Correos y Telégrafos, SAn langile finkoak sartzeko deialdia alda dezan aldi baterako enplegua finko bihurtzearen esparruan. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan kontratazio-zerrendak bitarteko telematikoen bidez kudeatzeko sistema bat ezar dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Sergio Sayas López jaunak aurkeztu du.
AGERRALDIAK:
- Garapen Ekonomikorako kontseilariarena, errepide-sarearen narriadura zuzentzera bideratutako jarduketak finantzatzeko egin diren azterlanen txostenari buruz informa dezan. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Luis Zarraluqui Ortigosa jaunak aurkeztu du.
- Nafarroako Gobernuko lehendakariarena, azal dezan zer iritzi dion Nafarroako Kontseiluaren irailaren 29ko 40/2017 Irizpenari, eta zer aldaketa eginen dituen Gobernuak Nafarroako administrazio publikoetan, haren mendeko erakunde autonomoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren proiektuan. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Hezkuntzako kontseilariarena, azal ditzan irakasleen oposizioetarako gaztelania/euskara zerrenda bakarrari buruzko aurreikuspenak, zer helburu dituen, zer terminotan planteatuko den eta Nafarroako hezkuntza sistema publikoari zer hobekuntza ekarriko dion. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
- Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariarena, Nafarroako hizkuntza berekiak administrazio publikoetan erabiltzeari buruzko dekretua dela-eta Nafarroako Kontseiluak emandako irizpena balora dezan. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
LAN-BILKURAK ETA BISITAK:
- Espainiako Tropa eta Marinel Elkartearen ordezkariekin, troparen eta marinelen eskubideen defentsarako beren proposamenak azal ditzaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, Podemos-Ahal dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
- Nafarroako Harrera Familien Elkartearen ordezkariekin, legedia egokitzeko eta harrerako seme-alaben babeserako neurriak hobetzeko beren proposamenak azal ditzaten. Unión del Pueblo Navarro, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Nafarroako Alderdi Popularreko eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteek aurkeztu dute.
- 78ko Sanferminak Plataformaren ordezkariekin, urte hartan izandako gertakari larrien 40. urteurrena ospatzeko prestatzen ari diren ekitaldien programa azal dezaten. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
- STEE-EILAS eta ELA sindikatuen ordezkariekin, hezkuntza-itunari dagokionez zer jarrera duten eta Nafarroako eskola publikoari laguntze aldera mahai sektorialean planteatutako beharrizanak azal ditzaten. Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioko María Teresa Sáez Barrao andreak aurkeztu du.
- Rozalejoko Markesaren jauregira egin beharreko bisita dela-eta Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuko Ondare Zerbitzuaren idazkiarekin lotuta, bisita egin ahal izateko zuzemenak eginen dira.
- Hurrengo bilkura batean aztertzeko geratu da Barcelosako eta Santa Anako zelaiguneetara egitekoa den bisitan laguntzaileak ere egoteari buruzko eskaera.
AHOZKO GALDERAK:
- Gainbalioen gaineko zergari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Ainhoa Unzu Gárate andreak aurkeztu du.
- Tuterako Fernando Remacha kontserbatorioaren finantzaketari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko Carlos Gimeno Gurpegui jaunak aurkeztu du.
- Italiatik eta Greziatik heldu diren asilo-eskatzaileak birkokatzeari dagokionez Europar Batasunak eta Espainiako estatuak beren konpromisoak bete ez izanari buruz Nafarroako Gobernuak daukan jarrerari buruzko galdera berriro aurkeztuko da. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko María Asunción Fernández de Garayalde Lazkano Sala andreak aurkeztu du.
- Jakiteko ea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Sistemak noiz abiaraziko duen Cascanteko osasun eskualde oinarrizkoan Hautatu 90 koloneko minbiziaren detekzio goiztiarreko programa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Victoria Chivite Navascués andreak aurkeztu du.
- Jakiteko ea Gobernuak zer eginen duen landa-eremuetako oinarrizko osasun laguntzako mediku-lanpostuak profesionalentzako erakargarriak izan daitezen. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Begoña Ganuza Bernaola andreak aurkeztu du.
- Lanbide Heziketako irakasle teknikoei Prestakuntza Pedagogikoko Masterra edukitzea exigitzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Miren Aranoa Astigarraga andreak aurkeztu du.
- Nafarroako administrazio publikoetan, haren mendeko erakunde autonomoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen Foru Dekretuaren proiektua dela-eta Nafarroako Kontseiluak egindako txostenari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Inmaculada Jurío Macaya andreak aurkeztu du.
- Foru Administrazioan Nafarroako hizkuntza berekien erabilera arautzen duen Foru Dekretuari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteko Ana Beltrán Villalba andreak aurkeztu du.
GALDERA IDATZIAK:
- Kotizazio gabeko pentsioen osagarria ordaintzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Maribel García Malo andreak aurkeztu du.
- Skolae Plana abian jartzeari buruzkoa. Unión del Pueblo Navarro talde parlamentarioko Ana San Martín Aniz andreak aurkeztu du.
- Europar Batasuneko estatuetako enpresen arteko transakzioetan eta zerbitzuetan BEZa ordaintzetik salbuesten duen araua kentzen duen erreformaren ondorioei buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
- 9.4 N 121-A errepideko Sunbillako bidegurutzeari buruzkoa. EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioko Maiorga Ramírez Erro jaunak aurkeztu du.
KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:
- Mahaiak adierazi du honako honen berri izan duela: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak egindako aurrekontu-aldaketak, zeinak urriaren 2an sartu baitziren erregistroan.
BESTELAKO GAIAK:
- Eledunen Batzarrak erabaki du heldu den urriaren 19rako aurreikusitako Osoko Bilkuraren gai zerrendatik ateratzea Foruzaingoari buruzko Plan Zuzendaria eztabaidatu eta bozkatzeari buruzko puntua. Proposamena PSNk aurkeztu du, eta UPN, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta Geroa Bai eta EH Bilduk, berriz, aurkakoa.
- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere laguntasun osoa eta baldintzarik gabeko babesa adierazi nahi baitizkie Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari, herritar guztien eskubideak eta askatasunak aldezteko eta babesteko beren lanean. Nafarroako Alderdi Popularreko foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.
Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.
Erabaki proposamenak honako hau zioen:
“1.- Nafarroako Parlamentuak bere laguntasun osoa eta baldintzarik gabeko babesa adierazi nahi dizkie Polizia Nazionalari eta Guardia Zibilari, herritar guztien eskubideak eta askatasunak aldezteko eta babesteko beren lanean; bereziki, subiranotasun nazionala, Zuzenbideko Estatua, demokrazia eta espainiarren arteko bizikidetza legezkotasun konstituzionaletik aldezteko eta babestekoan.
2.- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du beren kideak indarkeriazko ekintzen bidez pairatzen ari diren jazarpen sistematikoa, zein ere den horien atzean dagoen ideologia, eta orobat gaitzesten du ekintza horiek justifikatu, babestu edo gutxiesten dituen ekintza edo adierazpen oro; horrenbestez, arbuiatu egiten du elkarrekin bakean eta askatasunean bizitzearen aurka doan eta gure demokraziaren oinarriak ahuldu nahi dituen jokabide antidemokratiko oro.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez.. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak salatu egiten ditu giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararren eta kazetarien aurka Salé-ko (Maroko) Arlo Kriminaleko Salan egindako epaiketan izandako irregulartasunak eta berme-ezak. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten ditu giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararren eta Gdiem Izik taldeko kazetarien aurka Salé-ko (Maroko) Arlo Kriminaleko Salan egindako epaiketan izandako irregulartasunak eta berme-ezak, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean nahiz Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean ezarritakoaren aurka, eta bere egiten ditu prozesuaren baldintzak ezagutzen dituzten gizarte erakundeek eta nazioarteko behatzaileek epaiketa hau dela-eta adierazitako irizpenak.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari, Espainiako Gobernuari, Europako erakundeei eta nazioarteari eskatzen die Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan gerta litekeen giza eskubideen urraketa oro salatzen jarrai dezaten.
3. Nafarroako Parlamentuak berretsi egiten ditu “Bakea eta Askatasuna Saharar Herriarentzat” talde parlamentarioen arteko taldeak Mendebaldeko Saharako egoerari buruz kaleraturiko irizpenetan oinarritutako adierazpen instituzionalak, eta lan egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du, Nazio Batuek afera horri dagokionez eginiko ebazpenak betetzearen alde”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari berriro eskatzen dio Marokoko Erresumari exigi diezaion giza eskubideak zehatz-mehatz errespeta ditzan Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuetan. “Paz y Libertad en el Sahara-Bakea eta Askatasuna Saharan” taldeartekoak aurkeztu du.
Adierazpenak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari berriro eskatzen dio Marokoko Erresumari exiji diezaion Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan giza eskubideak zorrozki errespetatzeko eta sahararrek pairatzen dituzten eskubide-urraketak amaitzeko. Halaber premiatzen du aktiboki lan egin dezan Europar Batasunaren barruan, MINURSOk bere eginkizunen artean orobat edukitze aldera Mendebaldeko Saharan giza eskubideak betetzen direla zaintzea eta babestea. Aintzat hartu beharrekoa da Auzitegi Nazionalaren autoa, Espainiak potentzia administratzailearen eginkizuna duela gogorarazten duena.
2. Nafarroako Parlamentuak berriz ere dei egiten dio Espainiako Gobernuari estatus diplomatikoa eman diezaion Fronte Polisarioaren Espainiako Ordezkaritzari, saharar herriaren ordezkari zilegi bakar gisa, Nazio Batuen Erakundeak aitortzen duen moduan, eta halaber Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aitortua izan dadin”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunarekin. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Adimen Osasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko ospakizunarekin eta herritar guztiei dei egiten die egun hori dela-eta antolatzen diren ekimenetan aktiboki parte har dezaten.
2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du adimen osasunari lehentasuna ematearen garrantzia, eta horren ondorioz adimen osasunaren sustapen- eta prebentzio-politikak ezarri behar direla, herritar guztientzat eta bereziki haur eta nerabeentzat, arreta goiztiarra garatuz, patologia larriagoen sorrera ekiditeko.
3. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die buru nahasmendu larriak dituzten pertsonei, haien autonomia sustatu eta dituzten gaitasunak maila handienean garatzeko asmoz, bereziki gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei begira.
4. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten die buru nahasmendu larriak dituzten pertsonen senideei eta hurbileko pertsonei, egoera horrek eguneroko bizitzan sorrarazten ahal dizkien ondorioengatik.
5. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du gaixotasun mentala duten pertsonen gizarteratzea eta gizarte ongizatea laguntzeko, eta pertsona horien enplegua laguntzen jarraitzeko, kolektibo horren aldeko ekintza positiboen bidez.
6. Nafarroako Parlamentuak kezka berezia adierazten du gaixotasun mentala izan eta genero indarkeria pairatzen duten emakumeengatik, eta administrazio eskudunak premiatzen ditu are ikusezinago dagoen kolektibo horri begira diezaioten, dituen beharrizanei erantzun egokia emateko.
7. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du eta Nafarroako erakunde, enpresa, sindikatu eta komunikabide guztiak eta gizartea, oro har, premiatzen ditu begirada zabalagoa eskain diezaioten buru nahasmenduak dituztenen kolektiboari, eta hizkera inklusiboa erabil dezaten, gaixotasun mentala duten pertsonak gaizki tratatu edo umildu edo haiekiko estereotipoak edo diskriminazioko elementuak dituzten diskurtsoak, irudiak edo edukiak kendu edo ekidite aldera, estigmari aurka egin eta haien gizarteratzea erraztu ahal izateko”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du taxuzko lanerako ingurune egoki bat sustatu eta sortzeko. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Adierazpenak honako hau dio:
“I. Taxuzko lanerako ingurune egoki bat sustatu eta sortzeko konpromisoa, funtsezkoa baita handitzen ari den injustizia sozialak eta desberdintasunak gaur egun dakartzaten erronkei erantzuteko, eta aldi berean giza duintasuna sendotu eta guztion onura laguntzeko.
2. Politika publikoak egituratzeko beharra, Nafarroan, Europar Batasunean eta Nazio Batuen esparruan, helburu hori lortze aldera.
3. Dagoen egoera ikusarazi eta salatzeko konpromisoa, taxuzko lana eskuratzeko desberdintasunari eta horren ondorioz lan eskubideak galtzeari dagokienez”.
- Eledunen Batzarrak baztertu egin du adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten Arnaldo Oteguik egindako proposamena, Euskal Herriko Errepublika Konfederala sortzekoa. PPNk aurkeztu du.
Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkako botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aldekoa.
Erabaki proposamenak honako hau zioen:
Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu Arnaldo Otegiren hitzak, zeinetan sustatzen baita Euskal Herriko Errepublika Konfederal bat sortzea, Nafarroak, Euskadik eta Frantziako euskal probintziek osatuko luketena. Nafarroako Parlamentuak premiatzen du legezkotasuna eta Nafarroako estatus juridiko eta politikoa errespetatzera, eta Nafarroa Espainiaren barneko foru komunitate gisa defendatzearen eta aitortzearen alde agertzen da”.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak urriaren 12a Espainiako Jai Nazional gisa opatzearekin bere konpromisoa agertu baitu. UPN talde parlamentarioak aurkeztu du.
UPNk, PSNk eta PPNk aldeko botoa eman dute; Geroa Baik, EH Bildu Nafarroak eta I-Ek aurkako botoa eman dute; Podemos-ahal Dugu abstenitu da.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak urriaren 12a Espainiako Jai Nazional gisa ospatzearekin bere konpromisoa adierazten du.
2. Nafarroako Parlamentuak herritarrak babestu eta animatzen ditu Espainiako Jai Nazional hori dela-eta eginen diren ekitaldietan parte har dezaten.
- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak urriaren 12a izendatzen du “Herri indigenen eta kultur aniztasunarekiko errespetuaren eguna”. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPNk eta PPNk aurka; PSN 1. puntuan abstenitu da, 2. puntuaren aurka bozkatu du eta 3. puntuaren alde bozkatu du.
Adierazpenak honako hau dio:
“1. Nafarroako Parlamentuak salatu egiten du kolonizatzaileek “Amerikaren aurkikuntza” deitutakoaren testuinguruan egindako genozidioa eta harrapaketa, eta bere konpromisoa adierazten du Ameriketako herri indigenen memoria eta kultura aitortu, ordaina eman eta berreskuratzearen alde, izan ere, herri horiek odolez eta suz kolonizatu baitzituzten europar konkistatzaileek.
2. Nafarroako parlamentuak urriaren 12a izendatzen du “Herri Indigenen eta Kultur Aniztasunarekiko Errespetuaren Eguna”, eta bere konpromisoa adierazten du urtero ospatzeko ekitaldi ofizial baten bidez, zeinetan herri indigenen memoria historikoa jasotzen den eta kultur aniztasunaren aberastasuna goraipatzen den.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bat egin dezan ekimen honekin eta parte har dezan ekitaldiaren antolakuntzan”.