Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Azaroak 30

2018ko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldia. Motxila 21en kontzertua

“Pertsonen bizitza haien abiapuntuko gaitasun eta egoeren arabera baldintzatzen jarraitzen duten egiturak eta inguruneak” apurtzeko deia egin du lehendakariak

Ekitaldi instituzional baten bidez, Nafarroako Parlamentuak gaur arratsaldean jarraipena eman dio Nafarroaren Eguna dela-eta antolatutako jardueren egitarauari. Abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatzen da 1985az geroztik. San Frantzisko Xabierkoaren jaia ere ospatzen da, eta, kasu honetan, Desgaitasuna duten Pertsonen Nazioarteko Eguna ere bai, “gaur inoiz baino ageriago”, Ainhoa Aznárez Igarza legebiltzarreko lehendakariak baieztatu duenez.

 

Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da. Lehendakariaren agur-hitzen ondoren Motxila 21 taldearen kontzertua izan da. Kargudun hautetsi ugari bildu dira, bai eta gizarte zibileko hainbat erakunde, elkarte eta kolektibotako ordezkariak ere.

 

Nafarroako himnoaren interpretazioaren ondoren, Ainhoa Aznárez Igarzak bildutakoak agurtzeko hitzaldia egin du. “Ekitatearen erronka” jarri du ikusmiran, “baldintza-, tratu- eta aukera-berdintasunezko eskubide sozial berriak aintzat hartuko dituen kontratu sozial bat eskatzeko”. “Gure inguruan, maiz oharkabean, eraikitzen diren ezberdintasun horien guztien aurka borrokatzeak zalantzarik gabeko erronka eskatzen du hezkuntza inklusiboaren alde, ezberdintasunak aukera bilakatzearen alde”.

 

Horiek horrela, eta “eskubide guztiak beren alderdi guztietan erabat operatibo bihurtzeko gai izanen den gizarte baterako trantsizioa bizkortzeko beharra” aipatu ondoren, Aznarezek deia egin du “pertsonen bizitza haien abiapuntuko gaitasun eta egoeren arabera baldintzatzen jarraitzen duten egitura eta inguruneekiko loturak eteteko. Lehendakaritza hartu nuenean jarri nuen erronka da, eta parlamentu hau eginahalean ari da horretan, ni neu lekuko”.

 

Horretarako, eta bistatik galdu gabe badirela “gure aurretik dabiltzan eta bidea irekitzen duten kolektiboak”, lehendakariak zoriondu egin du Desgaitasun Fisiko eta Organikoa duten Pertsonen Espainiako Konfederazioa (COCEMFE), desgaitasuna edo mugikortasun urria duten pertsonei arkitektura-oztopoek sortzen dieten diskriminazioa salatzen duen ‘Arrestópolis’ izeneko kanpainarengatik. “Aipatzen dituzuen horma horiek eta kartzela horiek eraistea guztion egitekoa da”.

 

“Eta hormak eta hesiak eraisteaz ari bagara” —gehitu du Aznarezek— “bidezkoa da Motxila 21 taldea ere aipatzea, agertokira igotzen den bakoitzean musikaz, lanez, salaketaz eta jarreraz ereiten baitu ezberdintasun sozialak, hain bidegabeak izateagatik, gero eta ozenago gaitzesten dituen ingurunea. Berdintasuna gizarte honetako kide bakoitzaren lehentasunezko helburu bihurtzeko zuen borroka hori gurea ere bada”.

 

Bukatzeko, lehendakaria pozik agertu da “beste urte batez zuekin batera ospatu ahal ditugulako erakunde honen benetako kontzientzia, gure ezberdintasuna, gure dibertsitatea eta gure aniztasuna. Etxe honetan herritarrek etengabeko presentzia izateak eragiten du Parlamentuak oso kontuan izatea, bizikidetza hurbil horretatik abiatuta, nor ordezkatzen duen eta norekin duen zorra. Eskerrik asko”.

 

Jarraian, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak Nafarroako Gorteetako antzinako hautestontzien kopia eman dio Motxila 21 taldeari.

 

Gero kontzertua egin da. Bildutako berrehun bat lagunen aurrean, musikariek askotariko errepertorioa interpretatu dute: Mugitu zaitez gurekin, El sueño de Lorexika, Gurpilak sutan, Erromatar garaiak, Somos la banda Motxila 21, La ragazza del elevatore (Silvio Fernández), Ovo Je Muski Svet (Emir Kusturika), A tutta rockie, No somos distintos, Rap, Big Beñat (Fermín Muguruza). Hamaika pieza guztira, gaztelaniaz, euskaraz, italieraz zein ingelesez.

 

Motxila 21 rock taldea osatzen duten hamabi gazte nafarrak musikaren bidez eta baldintza genetiko baten bidez daude elkarri lotuta, 21. kromosoma hirukoiztuta zutela jaio baitziren (Down-en sindromea), eta hortik hartu du izena taldeak. Lehen agerraldi publikoa 2006. urtean egin zuten Donibane auzoko bizilagunen aurrean, eta geroztik ehundik gora kontzertu eman dituzte. Motxila 21 Live! Zuzenean! En vivo! izeneko dokumentala taldea Londresen aritu zen bederatzi egunetan zehar grabatu zen, eta 2016an film onenaren saria jaso zuen Collado Villalbako (Madril) Desgaitasunari buruzko Nazioarteko Zinemaldian.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko lehendakariorde lehena, eta Maribel Gárcía Malo (UPN), Isabel Aranburu, Jokin Castiella, Patxi Leuza (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz, Esther Korres, Asun Fernández de Garaialde, Arantxa Izurdiaga, Dabid Anaut (EH Bildu), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu-Oarain Bai), María Chivite, Nuria Medina (PSN) eta José Miguel Nuin (I-E) parlamentariak, Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria, eta Javier Enériz, Foru Komunitateko arartekoa.

 

Ate irekiko jardunaldiak

 

Parlamentuak 2018ko Nafarroaren Eguna ospatzeko antolatutako egitaraua larunbatean amaituko da, abenduak 1, bigarren Ate Irekiko Jardunaldia eginez.

 

Bisitariek Nafarroako Parlamentuaren egoitzako gelak ikus ditzakete, osoko bilkuren aretoa, batzordeen aretoak, Mahaiaren eta Eledunen Batzarraren aretoa, atalondoa eta erakunde aretoa.

 

Ibilbidean zehar herritarrek Parlamentuko lanak egiten diren tokiak ezagutzeko aukera dute: legeak onesten diren eta Nafarroako Gobernuko kideei kontrola egiten zaien egoitzako bazterrak. Azken batean, azalpenak eta informazioa jasotzen dituzte Nafarroako botere legegilearen eginkizunei, antolaketari eta funtzionamenduari buruz. Nafarroako Parlamentuko arte bildumaren zati bat ere ikus dezakete, bisitetan zeharkatzen diren aretoetako hormetan zintzilikatuta dauden obren bitartez.