Aintzat hartu da 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarren errekonozimendurako 33/2013 Foru Legea aldatzeko Foru Lege Proposamena
Erregimen zigortzaile bat proposatzen da, diktadura frankista gorestea eta sinboloak kentzea baimentzen duen diskrezionalitatearekin amaitzeko
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin, aintzat hartzea foru lege proposamena, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa.
Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako Foru Legearen helburua erregimen zigortzaile bat ezartzea da, sinboloak kentzea eta diktadura frankista goratzen duten aipamenak baimentzen dituen diskrezionalitatea ekiditeko. Beraz, Parlamentuak behin eta berriz hartutako erabakiekin bat etorriz, maila normatiboan ere, “biktimentzako eta gizarte demokratiko baten balioentzako irain” gisa ulertzen denari amaiera ematea da helburua.
Horretarako, “askatasunaren aurkako arrastoak” ezabatzeko, eta azpimarratzen denaren arabera, “gainditu beharreko iragan baten seinaleekin” amaitzeko, zigor sistema bat ezartzen da 33/2013 Legeak ezartzen dituen betebeharrak hausten dituzten ekintzak zigortzeko.
Hala, arau-hauste astuntzat hartzen dira (2.001 eta 10.000 euro arteko isuna) sinbolo, idazkun eta aipamen frankisten elementuak erretiratzeko errekerimendua egiten duen ebazpena ez betetzea, Nafarroako memoria historikoaren toki batean edo foru lege honetan araututako seinalizazioan kontserbatze- eta mantentze-betebeharrak ez betetzea nahiz haiei kalteak egitea eta Foru Administrazioari ez komunikatzea gerra zibilean edo diktadura frankistan desagertutako pertsonenak izan daitezkeen aztarnen aurkikuntza.
Zigor astunak dagokion bitarteko ofizialean argitaratuko dira, baita Foru Erkidegoko hedapen handiena duen egunkarian ere.
Zigor arinak (200-2.000 euro) errepikatuz gero kalifikazioa larritu daiteke, eta arinen artean sartzen da Estatu-kolpe frankistari eta geroko diktadurari babesa emateagatik nabarmendu ziren pertsonen aldeko aipamenei eta omenaldiei buruzko elementuak berrezartzea edo elementu berriak jartzea eta Foru lege honetatik heldutako beste edozein betebeharren ez-betetzea, baldin eta falta astunaren kalifikazioa ez badagokio.
Erregimen zigortzaileak aurreikusten ditu, era berean, zigor osagarri batzuk, esaterako diru-laguntza, hobari edo laguntza publikoak eskuratzeko eskubidea galtzea, gehienez ere bi edo hiru urtez, arau-hauste arin edo astunen kasuan, hurrenez hurren, eta edozein kontzeptu dela-eta emandako diru-laguntza guztiz edo partzialki itzultzea.
Bidezko izan daitezkeen zehapenak eragotzi gabe, sinbolo frankistak erretiratzeko errekerimendu bat ez betetzeak ahalmena ematen dio departamentu eskudunari exekuzio subsidiarioa egiteko eta hertsapen-isunak ezartzeko, ondoz ondo hamabi jarri arte, hilabeteko alditan, 600 eta 6.000 euro bitartekoak. Betiere, ezarri den azken hertsapen-isunaren ondoriozko borondatezko betetzearen epea amaiturik, administrazio jardulea behartuta egonen da agindutako obrak modu subsidiarioan exekutatzera, behartua den horren kontura.
Lege honetan aurreikusitakoaren arabera arau-haustea izan daitezkeen jarduketen berri duten agintariak behartuta daude halakoak jakinaraztera memoria historikoaren arloan eskuduna den departamentuari.
Foru lege honetan tipifikatutako arau-hausteen erantzuleak dira titulu honetan deskribatutako jokabideen egile edo ez-egile diren pertsona fisiko eta juridikoak, bai eta, kasua bada, nortasun juridikorik gabeko batasunak eta entitateak eta jaraunspen-ondareak ere, independenteak zein autonomoak, doloz edo erruz haien erantzuleak baldin badira. Ez-betetzea pertsona bati baino gehiagori batera baldin badagokie, modu solidarioan erantzunen dute, salbu eta posible denean erantzule bakoitzaren partaidetza-maila ebazpen zehapen-jartzailean zehaztea.
Behin aintzat hartzea onetsita, foru lege proposamena, zeinaren bidez aldatzen baita azaroaren 26ko 33/2013 Foru Legea, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eraildako eta errepresioaren biktima izandako Nafarroako herritarrei errekonozimendua eta ordain morala ematekoa, Batzordean egingo da irizpena, berriz ere Osoko Bilkuran azken eztabaida eta bozketa egin aurretik.