Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Ekainak 30

Banca Cívicari buruzko prozedura judizialak ez ditu agerraldiak eragotziko, baina haien garapena aldaraz lezake

Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeak Auzitegi Nazionalean bideratzen ari diren jarduketen eraginari buruz eskatu duen txosten juridikoan halaxe ondorioztatzen da

Nafarroako Kutxaren desagerpenari buruzko Ikerketa Batzordeak bilera egin du gaur, Legebiltzarreko zerbitzuek egin dioten txosten juridiko baten jakitun geratzeko, izan ere Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSN taldeen ekimenez eskatutako txosten horrek zehaztu behar baitu ea Auzitegi Nazionaleko Instrukzioko 6. Epaitegi Zentralak emandako auto batek nolabait ukitzen edo mugatzen ote duen uda ondorako aurreikusita dagoen agerraldien fasea. Auto horren bidez, bat-egite prozesuan eta Banca Cívicaren burtsaratzean ustez egindako maula delituak ikertzeko prozeduraren instrukzioa 18 hilabetez luzatu da, Fiskaltzak hala eskatuta (ikerketa hori Kontuz Kontsumitzaile, Erabiltzaile eta Zergadun Elkartearen eskariz abiarazi da).

 

Txosteneko ondorioetan azaltzen denez, nahiz eta bi prozesuak aldi berean egiteak konbergentziarako elementuak sor ditzakeen, ezerk ez du galarazten Parlamentuan agerraldiak egitea, horien garapena nola edo ala aldaraz badezake ere.

 

Zehazki, txostenaren arabera, 16/2013 Aurretiazko Eginbideetan sekretu deklaratutako jarduketa judizialen bat egonez gero —ez da halakoen berririk izan—, neurri egokiak hartu beharko dira hura aditzera eman ez dadin; adibidez, sekretu deklaratu beharko da Ikerketa Batzordeak agerraldi horietarako eginen duen bilkura.

 

Horren haritik txostenean ohartarazten denez, eginbide penaletan ikertutako norbaiti Ikerketa Batzordean agertzeko agintzen bazaio, agertzera behartuta egonen da, baina ez deklaratzera. Deklarazioa egiten badu, ordea, egia esateko betebeharra izanen du, eta, bere berme prozesalak babesteko, bilkura sekretu deklara dadila eskatu ahal izanen du.

 

Auzitegi Nazionalaren autoak luzatu egin du Carmen Lamela epaileak bere gain hartu berri duen instrukzio judiziala (epaile hori Eloy Velascoren ordez ariko da 2018ko abendura arte), prozeduraren konplexutasuna eta eginbide gehiagoren beharra oinarritzat harturik. Luzapen-autoaren arabera, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari nagusi ohia dira ikertuak, besteak beste.

 

Ikerketa Batzordea bere eginkizunak amaitu arte arituko da lanean. Ikertzeko epea uztailaren 31ra arte luzatu denez, bere lana amaitu eta emaitzak txosten batean jaso beharko ditu abenduaren 31rako beranduenez.

 

Onetsitako arauei jarraituz, 2016ko apirilaren 27an eratutako Ikerketa Batzordeak helburu du jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako entitateen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzearen ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.

 

Unai Hualde (Geroa Bai talde parlamentarioa) da Ikerketa Batzordeko burua, eta hauek dira batzordekideak: Luis Casado, Luis Zarraluqui (UPN talde parlamentarioa), Koldo Martínez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz, Arantza Izurdiaga (EH Bildu talde parlamentarioa), Laura Pérez, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoInforme jurídico