Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Otsailak 4

Barkosek ukatu egin du zerga erreformak enpresen itxiera dakarrela

Gobernuak jakinarazi du saiatuko dela bide guztietatik bermatzen TRWren enpresa proiektuak Nafarroan irautea ahalik eta baldintzarik onenetan

Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek esan du "tristura sakona" eragiten diola nola Nafarroako Alderdi Popularra "ERE baten drama edo enpresa baten itxiera erabiltzen ari den albiste-titular baten bila", eta Ana Beltrán eledun 'popularrari' eskatu dio Parlamentura joan dadila "modu positiboan lan egitera, kritikatzera ere bai, aberastasuna sortzeko, eta tarte libreetan bere alderdia onbideratzen jardun dezala, orduan ere modu positiboan".


Horrela mintzatu da Barkos Parlamentuko kontroleko osoko bilkuran, PPNren galdera bati erantzunez. Izan ere PPNk Nafarroako Gobernuari galdetu dio ea zerga erreformak eraginik izan duen TRWk Iruñean aurkeztutako EREan edo General Electric-en Buñuelgo lantegiaren itxieran.


Barkosek esan du zerga erreformak ez duela eraginik izan enpresa horien erabakian, ez dutelako sozietateen gaineko zergarik ordaintzen, beste arrazoi batzuen artean.


General Electricen kasuan, "erabakia Europa mailan hartu da eta hainbat lantegiri eragin die; Gobernu honen jarduketa bakar batek ere ez du erabaki horretan eraginik edo zerikusirik izan". Hain zuzen ere, esan du beharbada eragin handiagoa izanen zuela PPren Gobernuak Espainian energia berriztagarrien arloan egindako erreformak, haize-sorgailuen eskaria murriztea ekarri baitu.


TRWri dagokionez, azaldu du "itxuraz galerak izatea" dela arazoa, eta horregatik zerga erreformak ezin izan duela "inola ere eraginik izan".


Hala, Barkosek baieztatu du "gezurra" dela esatea Nafarroan zerga erreformaren ondorioz enpresak "arrapaladan" joan direla, eta beste erkidego batzuek "zergak igo" dituztela gogorarazi du, tartean Aragoik, Balearrek edo Errioxak, azken horrek PPren gobernupean.


"Arrapaladako ihesa eragiten duena Administrazioak hornitzaileei ez ordaintzea da, eta horretan Nafarroa eredugarria izan da, aurreko Gobernuaren lana aitortu beharra dago. Arrapaladako ihesa eta lotsa eragiten dutenak black txartelak dira, ETE-ei finantzaketa ukatzen ari zaien bitartean. Arrapaladako ihesa eragiten duena Valentziako udal talde oso bat ustelkeriagatik inputatuta egotea da. Azken bosturteko hauetan zure alderdiko pertsonak protagonista izan dituzten ustelkeria kasuen zerrenda irakur dezaket", bota dio Barkosek Beltrani.


Ana Beltranek (PPN FPE) Nafarroarentzat negatiboak diren zenbait datu ekonomiko aipatu dizkio lehendakariari, hala nola langabeziak urtarrilean gora egin duela edo etxebizitzen salerosketa ez dela gehitu. "Enpresa ihesa gertatzen ari da zenbait autonomia erkidegotan, batez ere Nafarroan, zerga erreforma dela eta", baieztatu du.


"Espainia osoan presio fiskal handiena duen erkidegoa izatearen ohore tristea dugu. Nafarroako industria politikak eta zerga politikak ez dute inola ere laguntzen enpresa berriak erakartzen, ezta daudenei eusten ere", kritikatu du.


Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu PT) ere TRWren egoeraz galdetu dio Gobernuari. Barkosek bezala amorrugarritzat jo du "honelako lan gatazkak baliatzea diskurtso ideologikoa egiten saiatzeko, jakinik, gainera, zerga erreformaren inguruan erabiltzen ari den argudioa erabat faltsua dela. Enpresek lan egin eta inbertitu ahal izateko giro garbia eskatzen dute, besteak beste, baina azken urteotan PPren Gobernuarekin ez dugu horrelakorik izan eta hori kapital ihesaren arrazoi izan da", adierazi du.


Gainera, Carlos Cousoren esanetan, TRWren gatazkan "bitartekari aritzeaz gain ezer gutxi egiteko eskumena izanen dugu toki eremuan". "Hori da errealitatea, ez dugu araugintzarako eskumenik", erantsi du.


Bestalde, Foru Gobernuko Garapen Ekonomikoko lehendakariordeak, Manu Ayerdik, Podemosi erantzunez esan du Gobernuaren helburua dela "bide guztietatik saiatzea enpresa proiektuak Nafarroan iraun dezan bermatzen, ahalik eta baldintzarik onenetan".