Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 19

Baztertu egin da herri-festen politizazioa gaitzesteko eskatzen zuen mozioa

Politizazioak bizikidetasuna hondatzen duela, bestelakotasunaren errespetuaren aurka doala eta aniztasuna ezaugarri duen gizarte baten egiazko irudia desitxuratzen duela zioen

Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, ezetsi egin du “herri-festen politizazioa eta festaguneak propaganda politikoa egiteko eta gorroto-mezuak zabaltzeko erabiltzea” gaitzesteko eskatzen zuen mozioa. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek mozioaren aurka bozkatu dute, eta UPN, PSN eta PPNk alde.

 

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan, Nafarroako udal, kontzeju, peña eta kultur nahiz auzo elkarteei dei egiten zitzaien “festetan zehar bizikidetasuna hobetzeko eta festaguneak anitzak, integratzaileak eta gorrotorik nahiz nahiz propaganda politikorik gabekoak izatearen alde lan egin dezaten”.

 

Gainera, hirugarren atalean alderdi politikoei eskatzen zitzaien “festaguneetan ez dezaten ekitaldi politikorik programatu eta propaganda-ekitaldirik egin ez dezaten. Horri dagokionez, ez da halakotzat hartuko alderdien egoitzetako ostalaritza-jarduera”. Atal horri buruz PSN abstenitu egin da. Gainerako alderdiek gainerako ataletan bezala bozkatu dute.

 

Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion, bestalde, “Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren bitartez harremanetan jar dadila foru erkidegoko toki entitateekin, haiek premiatze aldera festa anitz, integratzaile eta gorrotorik nahiz propaganda politikorik gabekoak susta ditzaten”.

 

Azkenik, kanpaina bat abian jartzeko eskatzen zitzaion Foru Gobernuari, “herritarrak arazo hau dela-eta kontzientziatzeko eta helburu horiek sustatzeko”.

 

UPN parlamentu-taldeak sustatutako mozioaren zioen azalpenean adierazten zenez, “festen politizazioak eta festetan gorroto-mezuak zabaltzeak larriki hondatzen dute bizikidetasuna, bestelakotasunaren errespetuaren aurka doaz, eta aniztasuna ezaugarri duen gizarte honen irudi desitxuratua ematen dute”.

 

Ildo beretik gaineratzen zen “gorroto-mezuak eta indarkeria politikoa goratzekoak zabaltzen dituzten jarduerak” ugaritu direla, eta horiek baliatzen dituzten sektoreek “espazio publikoa zigorgabekeriaz konkistatu eta monopolizatu” dutela. Horren ondorioz, “pertsona asko sentitzen dira bazterturik, iraindurik eta mehatxaturik”.

 

Horregatik guztiagatik, proposatzaileak “festak despolitizatzeko” eskatzen zuen, “nafar guztion ondarearen funtsezko parte bat” baitira.