Enpleguaren eboluzioa positiboa izan arren, Gobernuak ez du behin-behinekotasunaren arazoa alboratzen
PSNren interpelazioak ohartarazten du gero eta langile txiro gehiago daudela, eta Uxue Barkosek ekoizpen egitura babesteko politiken garrantzia azpimarratu du
Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, Uxue Barkosek baieztatu du datuek Foru Erkidegoko enpleguaren “joera positiboa” islatzen dutela, eta zifrek “ez dituztela enplegu arloko arazoak ezkutatzen”. Hala eta guztiz ere, bere kezka adierazi du behin-behinekotasunaren arazoa eta “iraupen motzeko” kontratuei dagokienez.
Kontrolerako Osoko Bilkuran PSNren interpelazio bati erantzunez, Barkosek adierazi du Nafarroa behin-behinekotasun tasa txikiena duen laugarren erkidegoa den arren, %23,5eko tasak “onartezina izaten jarraitzen duela”. Gainera, kezka adierazi du “iraupen motzeko kontratuek nabarmenki gora egin dutelako” eta hilabetean egiten diren kontratuen ehuneko 40 direlako. Arazotzat onartu ditu gainera “gogoz kontrako jardunaldi partzialak, batez ere emakumeei eragiten dietenak”.
Barkosek azpimarratu du langabeziaren datuak “ez direla inoiz onak izango enpleguaren indizea okupazio osoarena ez den bitartean”, eta baieztatu du “langabezian dagoen pertsona bat bera ere ez dela ahazten, bere egoera gainditzeko ahaleginak egin eta neurriak hartzen baitira”.
Gainera, Lehendakariak ziurtatzen du langabeziaren esparruan egindako aurrerapausoak “garrantzitsuak eta positiboak izan direla, eta aurreikuspenek bide bera jarraitzen dutela, hobea ez bada”. Dena den, berriz ere azpimarratu du “joera positiboak ezin gaituela autokonplazentziara eraman”.
Datu ugari eskaini ditu Barkosek, esaterako martxoan 4.300 langabetu gutxiago daudela eta Gizarte Segurantzan 9.485 afiliatu gehiago daudela.
Bestalde, onartu du lehen hiruhilabetean Biztanleria Aktiboaren Inkestak “ez dituela datu positiboak eskaintzen. Duela urtebete, Biztanleria Aktiboaren Inkestaren emaitza positiboa zenean, Gobernu honek adierazi zuen inkesta hau beti langabeziaren eta erregistratutako afiliazioaren datuekin osatu nahi zela”.
Uxue Barkosek adierazi du Gobernua “enpresen ekoizpen egitura babesteko politikak martxan jartzen ari dela, enpleguaren kalitate hoberena duten sektoreak indartzen, eta enpleguaren kalitatea hobetzeko eta gizarte guztiari heltzeko neurriak hartzen ari dela”.
Maria Chivitek (PSN) adierazi du Nafarroako Gobernuak “enpleguari dagokionean dominak jartzen dituela, Rajoyren estiloan. Enplegua hazten ari dela ukaezina da, baina Gobernu honek ez du haratago joan nahi, ez du datuen irakurketa sakonago bat egin nahi, Erkidegoko pertsona askoren egoerarekin ahaztu egiten da”.
Hala, Chivitek azaldu du 32.500 pertsona daudela langabezian, eta “iraupen luzeko langabetuak aipatu ditu, partzialitatea eta behin-behinekotasuna sufritzen duten emakumeak, soldata arraila, eta aukera bila ihes egin duten gazteak”.
Era berean, eledun sozialistak ohartarazi du “enplegu prekarioa sortzen ari dela, behin-behinekotasun handiarekin, eta desberdintasun egoerara garamatzan eredua da hau, txirotasuna sortuz eta gizarte bazterketaren arriskuarekin, lanean dihardutenen artean ere. Langile txiro gehiago dauzkagu”, azpimarratu du.
Javier Esparzak (UPN) salatu du Barkosek “egiari zor egiten diola enpleguari buruz hitz egitean. Bere politikek Nafarroan enpleguaren sorrera ekiditen dute. Gobernuaren egungo politika fiskalak enpresak uxatzen ditu”.
Kezka adierazi du “inork ez duelako erkidego honetan inbertitu nahi”, eta salatu du hiru urtetan ez dela enplegu planik garatu. “Gobernu honen enplegu politikek porrot egin dute”.
Rafael Erasok (Geroa Bai) esan du Gobernua “gogor lan egiten ari dela” 2015ean aurkitutako egoera “negargarriari” buelta emateko, “Garapen Ekonomikorako eta Gizarte Eskubideetako departamentuen inplikazio osoarekin”.
Arantxa Izurdiagak (EH Bildu) ohartarazi du oposizioak erakusten duen ikuspegi “katastrofista” ez datorrela bat datuekin, hauek erakusten baitute “Nafarroako errealitatea duela 4 urtekoa baino askoz ere hobea dela. Neurri garrantzitsu eta positiboak hartu dira enpleguaren arloan. Lan harremanen marko propio baten aldeko apustua egin dugu”.
Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) kezka adierazi du Estatuan “eskuinak gobernatzen jarraitzen duelako eta haiek direlako egoera honen erantzule”. Ana Beltranek (PPN) era berean salatu du Foru Gobernuak “ez duela bere lana egiten”.
Alderdi Popularreko eledunak ohartarazi du Gobernuak “datu positiboei buruz hitz egiten duela bere geldotasuna ezkutatzeko”, baieztatu du Foru Erkidegoak zifra positiboak erregistratu dituela “baina ez dela Nafarroako Gobernuaren kudeaketagatik izan. Alderdi Popularrak egiten duenaren atzetik zoazte”.
José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) adierazi du “lan garrantzitsu eta positiboa” egiten ari dela, baina “diskurtso autokonplazientean erortzeko arriskuaz ohartarazi du".