Espainiako Gobernua premiatzen da Adingabearen babes juridikoaren legea eta adingabeei buruzko beste arau batzuk alda ditzan
Atzerritartasun Legea alda dezan eskatzen da, bizileku-baimena automatikoki emateko adingabearen babesgabetasuna deklaratzen den unetik
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkako botoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Adingabearen babes juridikoaren legea (12.4 artikulua) alda dezan, bermatze aldera inongo haur edo neraberi ez zaiola ezarriko, haren adina egiaztatzen duen dokumentazioa edukiz gero, adina zehazteko prozedurarik, Atzerritartasun Legearekin eta Auzitegi Gorenaren jurisprudentziarekin bat”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu batean, Gobernu Zentrala premiatzen du “Atzerritarrei buruzko Erregelamendua (190. artikulua) alda dezan, bermatze aldera adina zehazteko prozeduran prestakuntza berezia duen abokatu baten laguntza egotea bidaiderik gabeko adingabeentzat, Espainiako lurraldera iristen diren unetik”.
Era berean, hirugarren atal batean Espainiako Gobernua premiatzen da “bidaiderik gabeko adingabe atzerritarrekiko jarduketa jakin batzuen gaineko protokolo-esparrua indargabetu dezan, eta protokolo berri bat presta dezan, zeinak koordinatuko baititu administrazio guztien jarduketak, adingabeen eskubideak bermatuz, legedi nazionalarekin eta Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioarekin bat”.
Halaber, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “zorrotz bete ditzan Espainiara iristen diren haur guztien erreseina eta erregistroa, haien adinaz eta daramaten dokumentazioaz zalantzarik ote dagoen kontuan hartu gabe”.
Horrez hain, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “berma dezan administrazioek beraien gain hartzea, ex lege, babesgabetasun egoeran dauden adingabe guztien tutoretza, nazionalitatea kontuan hartu gabe”.
Seigarren puntuan, Espainiako Gobernua premiatzen da “Atzerritartasun Legea eta Atzerritartasun Legearen Erregelamendua alda ditzan, bizileku-baimena automatikoki emateko adingabearen babesgabetasuna deklaratzen den unetik. Bermatzea baimena ematen zaiela 16 urtetik goitikoei, lan-merkatura iristeko espainiarren baldintza beretan”.
Bestalde, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “sustatu dezan Melilla eta Ceuta hirietan dauden bidaiderik gabeko adingabe guztiak penintsula eramatea, betiere haien interes gorenaren araberakoa bada eta haiei entzutea eman ondoren, autonomia erkidegoei dagokion diru-esleipenarekin batera, haien eskubideak eta bizi-baldintza materialak bermatzeko”.
Zortzigarren atalean, Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “adingabe horien garapenerako jarraipen- eta laguntza-programak susta ditzan behin adinez nagusi egiten direnean, horren barne dela osasun laguntzara, gazte bermeko programetara eta enplegurako prestakuntzara iristearen bermea”.
Azkenik, Espainiako Gobernua premiatzen da “indartu ditzan birkokatzeko politikak, asiloa eskatzen duten adingabeetatik gure administrazioek artatu ahal dituzten guztiak Espainian hartzeko. Xede horrekin, gobernuak dei eginen die autonomia-erkidegoei eta ahalegin politiko eta diplomatiko guztiak eginen ditu prozesua azkartzeko”.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu dute, Espainiako Gobernua premiatuz:
“26/2015 Legea eta lagundu gabeko adingabe atzerritarren inguruko protokoloa berrikus ditzan, hitzarmenak ezarritakoa betetzen dutela ziurtatzeko”.
“Lurralde guztian zehar haur hauei babes juridiko eraginkor bat ziurtatzea, eta ez itzultzearen printzipioa ezartzen dela bermatzea, bai eta haurraren interesa izan dadila lehentasuna, eta interes hau profesionalen orientazio eta aholkularitzatik pasa dadila”.
“Estatuko lurralde guztietarako adinaren zehaztapenerako protokolo uniforme bat garatzea, giza eskubideak errespetatuko dituena eta soilik zalantzazko egoeretan erabiliko dena, dokumentazioa edo beste ebidentziak aintzat hartu ondoren”.
“Haurren beharrei moldaturiko harrera zentroak ezartzea, eta euren eskubideen edozein urraketa sakonki aztertuko duena eta salaketa tresna eraginkorrak dituena”.
“Haurren berehalako itzulerari amaiera ematea, araudi nazional eta internazionalekin bat datozen prozedurak ziurtatuz”.
“Informazio bilketa hobetu, lagundu gabeko haurren, pertsonen trata biktima diren haurren eta babes internazionala eskatzen duten haurren babeserako zerbitzuen lana errazteko”.
“Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Ordezkariekin kooperazioa indartu gomendio hauek ezartzeko”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak argudiatzen du, lagundu gabe etortzen diren adingabe atzerritarren “ahultasuna eta babesgabetasuna” dela eta, “Estatuaren betebeharra dela babes neurriak hartzea eta haien hezkuntza eta garapena bermatzea”, Atzerritartasun Legearen 35. artikuluak dioen bezala, baita Europako Parlamentuaren 2013ko irailaren 12ko Ebazpenak ere, non gainera, ohartarazten den “inolako haurrik ez dela itzuli behar prozedura sumario baten bidez estatu kide bateko mugan”.
Adin frogari dagokionez, aintzat hartu ez dadila eskatzen da, bere “fidagarritasun falta dela eta, akats tartea bi urterainokoa izan daitekeelako eta proba hori ezbaian jarri izan dutelako, Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi-komisarioaren Bulegotik hasi eta Arartekoaren Bulegoraino”.
Cristina Altuna (UPN) lehendakari izan duen saiora bertaratu diren parlamentarioak Mónica Doménech, Begoña Ganuza, Iñaki Iriarte (UPN), Consuelo Satrustegi, Virginia Alemán, Patxi Leuza (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde, Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez, Rubén Velasco (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Guzmán Garmendia (PSN), Javier García (PPN) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).