Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 14

Espainiako Gobernua premiatzen da Egoitza Santuarekiko akordioak sala ditzan, hezkuntza-sistema laiko bat ahalbidetzeko

Gorte Nagusiak premiatzen dira behar diren lege-aldaketak abiaraz ditzaten, eskola-curriculumean erlijio konfesionalik ez irakasteko

 

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Espainiaren eta Egoitza Santuaren arteko akordioak sala ditzan, hezkuntza-sistema laiko bat lortu ahal izateko Espainia osoan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Estatuko Gobernuari eskatzen dio “Estatuaren eta konfesio-erlijio ezberdinen arteko akordio indardunak sala edo alda ditzan, helburu hori lortzeko”.

 

Horrez gain, Espainiako Gobernua premiatzen da “behar diren lege-aldaketak abiaraz ditzaten, eskola-curriculumean erlijio konfesionalik ez irakasteko”.

 

Azkenik, ezartzen da “erabaki hau Estatuko Gobernuari eta Diputatuen Kongresuko eta Senatuko mahaiei helaraziko zaiela, bi legebiltzarretako talde parlamentarioei igor diezaieten”.

 

PSN talde parlamentarioak lehen bi atalak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Bai talde parlamentarioak onartu ez duena, eta Espainiako Gobernua premiatu nahi zuen 1979an Egoitza Santuarekin egindako akordioak indargabetu zitzan.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak azpimarratzen du “hezkuntza-sistema laiko baten aldeko apustua ezartzen zuela Gobernua osatzen duten lau alderdiek sinatutako Programa Akordioak”, eta zentzu horretan, adierazten du taldeak berak “lege proposamen bat eta Konstituzioa aldatzeko beste bat aurkeztu dituela, eskola-curriculumean ez dadin erlijio konfesionalik irakatsi”.

 

Zentzu horretan, oroitarazten da 1979anEgoitza Santuarekin sinatutako akordioen arabera, erlijio katolikoa “arlo edo ikasgai gisa sartzen dela hezkuntza-maila guztietan, halako moduan non ikastetxeek nahitaez eskaini beharko baitute, eta ikasleentzat, berriz, borondatezkoa izanen baita”.

 

Halaber, beste erlijio batzuen irakaskuntza egokituko da Espainiako Estatuak egindako Lankidetza Akordioetan xedatutakora, besteak beste Espainiako Erlijio Erakunde Ebanjelikoen Federazioarekin, Espainiako Komunitate Israeldarren Federazioarekin eta Espainiako Batzorde Islamikoarekin eta beste erlijio-konfesio batzuekin izenpetutako akordioetan xedatutakora.