Espainiako Gobernua premiatzen da etxebizitza egoki baterako eskubidea bermatzeko dauzkan nazioarteko betekizunak bete ditzan
Autonomía eta toki administrazioei etxebizitza hutsak uzteko hitzarmenak egin ditzaten eskatzen da, alokairu sozialera bideratzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, PSN, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “etxebizitza egoki baterako eskubidea bermatzeko dauzkan nazioarteko betekizunak bete ditzan. Horretarako, legeak garatuko ditu eta aurrekontuetako partidak handituko ditu, halako moduan non beteko dituen 5/2015 zenbakiko Jakinarazpenaren gomendio lotesleak. Jakinarazpenean jasotzen da, halaber, DESC batzordeak 61. bilkuraldian (2017ko maiatzaren 29tik ekainaren 23ra arte) onetsitako irizpena”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat dauka, eta Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “neurri egokiak har ditzan, legegintzakoak zein administraziokoak, bermatze aldera maizterren utzarazpenen prozesu judizialetan demandatuek aukera izan dezaten aurka egiteko edo errekurtso bat aurkezteko, epaileak ebaluatu ahal izan ditzan familia demandatuen ahultasun egoera eta etxebizitza eskuratzeko modua. Bereziki, Gobernua premiatzen da Prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea eta Hiri Errentamenduei buruzko azaroaren 24ko 29/1994 Legea alda ditzan, bermatze aldera babes judizial eraginkorrerako eskubidea eta beste etxebizitza-aukerarik gabeko utzarazpenen debekua”.
Gainera, eskatzen zaio “bete egin ditzan Nazio Batuen Eskubide Ekonomikoei, Sozialei eta Kulturalei buruzko Batzordearen 7. Ohartarazpen Orokorrean eta Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotako xedapenak, berehala debekatu eta geldiaraztearren pertsonak eta familiak beren lehen etxebizitza eta bakarra den horretaz gabetuak izatea, beste etxebizitza-aukerarik ez dutenean”.
Laugarren atalean, Gobernua premiatzen da “tresna administratiboak jar ditzan, borrokatzearren sozietate handien edo etxebizitza-edukitzaile handiak diren entitateen eskuetan etxebizitzak pilatzearen aurka. Halaber, premiatzen da legegintzako neurriak har ditzan, etxebizitza-edukitzaile handiak direnak behartzeko haien etxebizitza hutsak laga diezazkieten administrazio publiko eskudunei, bazterketa arriskuan dauden pertsona edo familien larrialdi sozialeko egoerari aurre egite aldera”.
Horrez gain, “sustatzea hitzarmenak egin daitezen SAREB-Bankuen Berregituratzetik Heldutako Aktiboak Kudeatzeko Sozietatearekin eta bankuekin, haien etxebizitza hutsak laga diezazkieten autonomia eta toki mailako administrazioei, alokairu sozialera bideratzeko”.
Seigarren puntuan, Estatuko Gobernua premiatzen da “kontrolerako mekanismoak ezar ditzan, Espainiako etxebizitza-edukitzaile handiak behartze aldera alokairu soziala bermatzera ahultasun egoeran dauden familien mesedetan, familia-unitatearen diru-sarrera ponderatuak konprometitu gabe”.
Azkenik, eskatzen zaio “kreditu-lerro bat ezar dezan ICO-Kreditu Ofizialeko Institutuan, alokairura bideratuko diren etxebizitzen eraikuntza edo zaharberritzea finantzatzeko”. Puntu honen aurkako bozkatara batu da PSN, UPN eta PPNrekin bat eginez.
Geroa Baik gehitzeko in voce zuzenketa bat aurkeztu du eta Podemos-Ahal Duguk, sustatzaileak onartu egin du. Bertan Espainiako Gobernua premiatzen da “DESC Komitearen 2018ko martxoko txosteneko azken behaketak bete ditzan, Etxegabetzeak eta Etxebizitza Egokirako Eskubideen ataleko 35, 36, 37, 38 puntuak hain zuzen ere”.
EH Bilduk ere gehitzeko in voce zuzenketa aurkeztu du eta onartua izan da, Nafarroako Gobernuari eskatuz “24/2013 Foru Legean, Nafarroan etxebizitzarako eskubidea ziurtatzeko neurri urgenteei buruzkoan ezartzen diren neurriak ahalik eta azkarren martxan jartzeko”.
Era berean, Foru Exekutiboari eskatzen zaio “etxebizitza beharra duten pertsona eta familien errolda bat sortu dezan, bereziki logeletan bizi diren pertsonena. Errolda hau Gizarte Zerbitzuekin, Osasun etxeekin eta Ikastetxeekin lankidetzan egingo da”.
Nafarroako Gobernua premiatzen da baita ere “2018-2028 Etxebizitza Planaren ondoren, etxebizitzari buruzko lege oso bat egiteko proposamena egin dezan, etxebizitzarako eskubidea uler dadin etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko eskubide gisa”.
Azkenik, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “errespeta ditzan Nafarroako Parlamentuak etxebizitza esparruan hartzen dituen erabaki eta neurri guztiak”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenean aipatzen da “Nazioarteko erakundeen gomendio lotesleak egon arren, Espainiako Gobernuak sistematikoki hausten jarraitzen duela etxebizitza duina izateko eskubidea. Espainiako Administrazio Publikoek ordea, etxebizitzaren eskuratzea merkatuko kontu bat bezala garatu dute, sektorea hórrela liberalizatuz eta hipoteka kreditua bide errentagarri gisa sustatuz”.
Etxebizitza eskuratzeko arazoa “are larriagoa egin da hipoteka-krisiarekin, milaka familiarendako ezinezkoa egin delako higiezin-kredituak ordaintzea. Horrek milaka nahitaezko utzarazpen ekarri ditu, askotan etxebizitzarako beste aukerarik egon gabe”. Gaur egun Espainian Europako etxebizitza hutsen % 30 metatzen dira. Populazioaren eta etxebizitzaren gaineko errolda ofizial berrienaren arabera, 2011n hutsik zeuden etxeak 3,44 milioi ziren.
Pobreziaren eta Gizarte-bazterkeriaren aurka Borroka egiteko Nafarroako Sareak zazpigarren Arope txostena aurkeztu du (2017ko azaroan), eta horren arabera “nafarren % 46k zailtasunak dituzte hilabete bukaerara iristeko, eta % 13 pobrezian edo gizarte-bazterketako egoeran daude. 83.000 pertsona dira; alegia, 2010ean baino 30.000 biztanle gehiago”.
Zentzu horretan, azpimarratzen da “herritarrei etxebizitza eskura dezaten errazteko politika publikoen gabezia deigarriak ekarri duela etxebizitza bat edukitze aldera gehiegi zorpetu eta gehiegizko ahalegin ekonomikoa egin beharra”. Hala, nabarmentzen da Espainian alokairu sozialeko etxebizitzen portzentajea “ez dela iristen guztiaren % 2ra, Europar Batasuneko batez bestekoa, berriz, % 15etik % 18ra artekoa denean”.
Alokairuen ordainketari aurre egiteko zailtasunen ondorioz, Espainian 2016. urtean izan ziren 67.359 etxegabetzeen % 54k zerikusia izan zuten errenta ez ordaintzearekin, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren datuen arabera. Arazo honez gain, alokairuaren arazoa dago, zigortua izan baita Hiri Errentamenduei buruzko Legearen hurrenez hurreneko aldaketetan, ezegonkortasuna ezarri dute-eta pertsonen bizi-proiektuan 3 urtean behin eta, halaber, kontratua berritzen den bakoitzean nolanahiko prezio-igotzeak ezarri ahal izatea.