Espainiako Gobernua premiatzen da sexu eraso gisa izendatu ditzan adostasunik gabeko sexu harremanak
Istanbuleko hitzarmenarekin bat egin nahi da, herrialde sinatzaileak behartzen baititu adostasunik gabe egindako sexu-egintza oro zigortzera
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, eta UPNren eta PPNren abstentzioarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baita “Zigor Kodea alda dezan, halako moduan non bertan jasoko baita sexu-erasoa direla –bortxaketa, alegia– adostasunik gabeko sexu-harremanak”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Espainiako Gobernua premiatzen du “genero indarkerian espezializatutako formakuntza eraginkor bat berma dezan esparru judizialean lan egiten duten profesionalei zuzenduta (magistratuei, fiskalei, poliziei, abokatuei eta forentseei) diputatuen Kongresuak 2017ko irailean onetsitako Genero Indarkeriaren inguruko Akordioak jasotzen duen gisan, baita 2017ko “Sombra Cedaw” txostenak ere”. Epigrafe hau Podemos-Ahal Dugu taldeak eskatuta gehitu da, aurkeztutako in voce zuzenketa Geroa Baik onartu baitu. Aho batez onetsi da puntu hau.
Bestalde, Espainiako Gobernua premiatzen da “genero indarkerian espezializatutako formakuntza eraginkor bat berma dezan esparru judizialean lan egiten duten profesionalei zuzenduta diputatuen Kongresuak 2017ko irailean onetsitako Genero Indarkeriaren inguruko Akordioak jasotzen duen gisan”.
Azkenik, Espainiako Gobernua premiatzen da “uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa, Botere Judizialarena aldatzeko Proposamena babes dezan, Diputatuen Kongresuan Alderdi Sozialistak proposatutakoa”. Azken bi epigrafeak PSNk eskatuta gehitu dira, aurkeztutako gehitzeko zuzenketa Geroa Baik onartu baitu, eta aho batez onetsi dira, UPN eta PPNren babes gehituarekin.
UPNk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, Geroa Baik onetsi ez duena, eta Espainiako Gobernua premiatu nahi zuen Gorte Orokorretan Zigor Kodea arautzen duen Lege aldaketa bat izapidetu zezan eraso sexualen inguruko artikuluak gizartearen errealitatera moldatzeko.
Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako mozioak deia luzatzen du europar herrialdetako 33 herrialdeetatik 24k euren ordenamendu juridikoetan emakumeei luzatzen dieten inpunitate mezuarekin amaitzera, adostasunik gabeko ekintzak ez baititu bortxaketaren maila berean jartzen. Gainera, Istanbuleko hitzarmenak, emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria borrokatze aldera orain arte lortu den esparru juridiko osatuenak, hitzarmena sinatu duten herrialdeak behartzen ditu adostasunik gabe egindako sexu-egintza oro zigortzera.
Honen harira, ohartarazten da “ohiko erantzun fisiologiko eta psikologiko gisa onartua” izan dela “sexu-erasoko egoera baten aitzinean blokeatzea, halako moduan non kasuko pertsona gaitasunik gabe geratzen baita erasoari aurre egiteko, mugitu ezinik geratzeraino”, (Suedian egindako ikerketa baten arabera, bortxaketetatik bizirik atera diren %70), eta nazioarteko arauek jasotzen dutenarekin bat datorren lege bat zehazteko beharra errepikatzen da.
Testuinguru honetan, “ideologia patriarkalak oraindik duen indarraz” ohartarazi nahi da, eta 2016an Europar Batzordeak egindako genero indarkeriaren inguruko inkestaren emaitzak aipatzen dira argudio gisa, non “elkarrizketatutako pertsonen ia heren batek adierazi zuen beren ustez “zenbait kasutan” justifikatuta egon litekeela adostasunik gabeko sexu-harremana; esate baterako, alkoholaren edo drogen eragina, biktimari etxera borondatez laguntzea, haren janzkera edo erresistentzia aktiborik eza”.
-
Mozioaren argitalpena (59. NPAO, 2018-05-08koa