Estatuko Gobernua premiatzen da berrezar dezan Mendekotasun Sistemako zaintzaile ez profesionalen gizarte segurantzako hitzarmen berezia ordaintzeko finantzaketa
Eskatzen da gainera, hitzarmena aldatu eta kotizazio horren zenbatekoa handitu dadin, zaintzaileek langabeziarengatiko prestazioak jasotzeko eskubidea izan dezaten
Eskubide Sozialetako Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “Estatuko Aurrekontu Orokorren bidez berrezar dezan Mendekotasun Sistemako zaintzaile ez profesionalen Gizarte Segurantzarako hitzarmen berezia ordaintzeko finantzaketa”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Espainiako exekutiboari eskatzen dio “hitzarmena aldatu eta kotizazio horren zenbatekoa handitu dezan, zaintzaileek langabeziarengatiko prestazioak jasotzeko eskubidea izan dezaten”.
UPNk gehitzeko in voce zuzenketa bat aurkeztu du, I-Ek, ebazpenaren sustatzaileak onartu ez duena, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Estatuaren neurria eraginkorra egin bitartean, laguntza deialdi bat martxan jar zezan, Mendekotasun Sistemako zaintzaile ez profesionalen Gizarte Segurantzari, behintzat partzialki, aurre egiteko”.
Zioen azalpenean, Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak 20/2012 Errege Dekretua itzultzea defendatzen du, “mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzako Gizarte Segurantzaren kotizazioa amaitzen baitu, eta hori dela eta, 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera kotizazioari buruzko hitzarmen berezia zaintzaile ez-profesionalaren bizkar egotera pasatu zen. Neurri horrek berekin ekarri zuen Gizarte Segurantzarako kotizazioa eragoztea 148.000 pertsona ingururi”.
Zentzu horretan, eta zaintzaile ez profesionalen Gizarte Segurantzarako kotizazioaren berreskurapena “justizia sozial ekintza bat dela, berdintasun ekintza, duintasun pertsonalarena eta enpleguarena” adierazi ondoren, kolektibo honen “diskriminazio bikoitza” azpimarratzen da, emakume hauek “euren lan bizitza atzean uztera behartuta baitaude edo zaintza lanetara dedikatzeko euren inkorporazioa atzeratzera”.
Hala, jakitera ematen da “zaintzaileen profila %85eko kasuetan batez besteko 52 urteko emakumearena dela. Hauetatik, %43 mendekotasun egoeran dauden pertsonen alabak dira, %22 emazteak eta %7,5 errainak. 24 orduko lan jardunaldiak egiten dituzte, asteko, hilabeteko eta urteko egun guztietan”.
Testuinguru horretan eta langabezian dauden 3.400.000 pertsonak kontuan hartuz, PPren Gobernua premiatzen da beharrezko baldintzak sor ditzan “700.000 lanpostu sor daitezen, mendekotasun egoera dauden 1.200.000 pertsona ingururen arretarako”.
Bakartxo Ruiz (EH Bildu) lehendakari duen saiora bertaratu dira Maribel García Malo, Carmen Segura, Mónica Domenech, Cristina Altuna (UPN), Consuelo Satrustegi, Virginia Alemán, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).
-
Mozioaren argitalpena (NPAO, 30.zk, 2018-03-09koa)