Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen aldaketa onetsi da
Aldaketaren bidez eremu mistoan 44 udalerri gehiago sartu dira, toki entitateei ahalmena aitortu zaie euskararen erabilera arautzeko edo sustatzeko, eta vascuence hitza kendu da
Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPN taldeen aurkako botoekin, Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legearen 5.1.b) artikuluaren aldaketa onetsi du gaur. Aldaketa horren bidez, eremu mistoa beste 44 udalerritara hedatzen da, guztira 98 herri biltzeraino, eta Atetz eremu euskaldunera pasatzen da.
Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako testuak eremu mistoan sartzen ditu gaur egun eremu ez euskaldunean dauden 44 udalerri, “araua errealitate soziolinguistikoak izan duen bilakaerara egokitzeko, dagoen eskari sozialari erantzunez; izan ere, udalerri horietako udalbatzek eskari horren isla diren zenbait erabaki onetsi dute”.
Zehazki, Atetz eremu euskaldunean sartzeaz gain, testuak proposatzen du honako udalerri hauek eremu mistoari gehitzea (izenak udalerri bakoitzaren deitura ofizialera egokituko dira): Abaigar, Adios, Allin, Ameskoabarrena, Antzin, Añorbe, Aranaratxe, Arellano, Artazu, Bargota, Beriain, Biurrun-Olkotz, Cabredo, Deikaztelu, Eneritz, Erriberri, Eulate, Galoze, Garinoain, Itzagaondoa, Larragoa, Leotz, Lerga, Longida, Mendigorria, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Nazar, Obanos, Oibar, Oteitza, Puiu, Tafalla, Tebas, Tirapu, Untzue, Urraulbeiti, Urrotz-Hiria, Uxue, Villatuerta, Zangoza, Zirauki eta Zuñiga.
Gainera, Noain-Elortzibarko udalerria ere eremu mistoan “automatikoki” sartzea aurreikusten da, “baldin eta toki korporazio horretako udalbatzak gehiengo osoz hartzen badu erabakia”.
Bestalde, toki entitateei eskumena aitortzen zaie beren barrutietan “euskararen erabilera arautu eta sustatzeko ordenantzak onesteko, edozein hizkuntza eremutan egonda ere”. “Legearen interpretazio murriztailea saihestu” nahian jaso da aurreikuspen hori.
Legearen gaztelaniazko testuan vascuence hitzaren ordez euskera erabiltzen da; gaztelaniazko testuak, beraz, aurrerantzean Ley Foral 18/1986, de 15 de diciembre, del Euskera izanen du izenburua.
Ildo horretan argudiatzen da hitz hori erabiltzen duela Euskaltzaindiak, 18/1986 Foru Legearen arabera aholku-organo ofiziala denak, eta RAEren hiztegian ere termino hori jaso dela. Europako Kontseiluak eta Erregioetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren ebaluazio-txostenak egiten dituen aditu taldeak ere euskera hitza erabiltzen dute; hain zuzen ere El euskera en Navarra du izenburua Nafarroari buruz egindako azterlanak.
Zioen azalpenean gogora ekartzen da legea 2010eko otsailaren 18an aldatu zela azkenekoz. Orduan, Parlamentuaren Osoko Bilkurak eremu mistoa Aranguren, Beraskoain, Galar eta Noain-Elortzibarrera hedatzeko aukera onetsi zuen, UPNk kontrako botoa emanda, eta lau udalerri horietatik azkenak bakarrik egin zion uko, udalbatzak hala erabakita (gehiengo osoz onartu behar zen).
Bestalde, Javier Enériz Arartekoaren balorazioa jaso da, eremu mistoa handitzeak “euskararen aitorpenari eta babes bereziari eta hizkuntza autoktono hori berriro gara dadin sustatzeko helburuari ere erantzuten diela” berresteko.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Legeko 5.1.b) artikulua aldatzeko Lege proposamenaren artikulu bakarrak hau dio:
«b) Eremu mistoa, ondoko udalerriek osatua: Abárzuza, Abaigar, Adiós, Aibar/Oibar, Allin, Améscoa Baja, Ancín/Antzin, Ansoáin, Añorbe, Aoiz, Aranaratxe, Aranguren, Arce, Arellano, Artazu, Barañáin, Bargota, Belascoáin, Beriáin, Berrioplano, Berriozar, Bidaurreta, Biurrun-Olcoz, Burgui, Burlada, Cabredo, Cirauqui/Zirauki, Ciriza, Cizur, Dicastillo, Echarri, Egüés, Enériz/Eneritz, Etxauri, Eulate, Ezcároz, Esparza de Salazar, Estella-¬Lizarra, Ezcabarte, Galar, Gallués/Galoze, Garinoain, Garde, Goñi, Güesa, Guesálaz, Huarte, lsaba, Iza, lzagaondoa, lzalzu, Jaurrieta, Juslapeña, Larraona, Leoz/Leotz, Lerga, Lezáun, Lizoáin, Lónguida, Mendigorría, Metauten, Mirafuentes, Murieta, Názar, Obanos, Ochagavía, Odieta, Olaibar, Olite, Cendea de Olza, Ollo, Orkoien, Oronz, Oroz-Betelu, Oteiza, Pamplona, Puente la Reina, Pueyo, Roncal, Salinas de Oro, Sangüesa/Zangoza, Sarriés, Tafalla, Tiebas, Tirapu, Unzué/Untzue, Ujué, Urraúl-Bajo, Urroz-Villa, Urzainqui, Uztárroz, Vidángoz, Villava, Villatuerta, Yerri, Zabalza, Zizur Mayor y Zúñiga.
Eremu misto hori automatikoki hedatu ahalko da Noain-Elortzibarko udalera, baldin eta toki korporazio horretako udalbatzak gehiengo osoz hartzen badu erabakia. Erabakiak eragingarritasun osoa izan dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da».
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (33. NPAO, 2017-02-16koa)
- Zuzenketak (77. NPAO, 2017-05-29koa)
- Irizpena (85. NPAO, 2017-06-09koa)