Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 19

Ez da aintzat hartu prestazio bermatuetako itxarote-zerrenden bermeei buruzko Foru Lege proposamena

UPNren ekimenak informazio eta prozedura neurri batzuk proposatzen zituen, tartean, lehentasuna ematea epean erantzun ezin izan zaien eskaerei

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazio bermatuetako itxarote-zerrenden bermeei eta gardentasunari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkako botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aldekoa.

 

UPNk aurkeztutako lege proposamenaren xedea zen Gizarte Zerbitzuen Zorroak bermatzen dituen prestazioetan hartzaileei erantzuteko bermeak eta gardentasuna ezartzea.

 

Horretarako, “itxaronaldien egiazko egoera ezagutzeko eta eskaerak epearen barruan ebazten saiatzeko”, informazio eta prozedura neurri batzuk ezarri nahi ziren, tartean “lehentasuna” ematea epean erantzun ezin izan zaien eskaerei.

 

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuaren webgunearen bitartez hilero informazioa ematea proposatzen zen; hala, hilabete bakoitzeko lehenengo egunean argitara eman behar ziren eskatzaileen kopurua, batez besteko itxaronaldia eta espezialitate bakoitzerako itxarote-zerrenda.

 

Datu horiek guztiak erabilita, gizarte zerbitzuen arloko departamentu eskudunak urtero txosten bat egitea iradokitzen zen; txosten hori Parlamentuan aurkeztu behar zen eta Gobernuaren Gardentasun Atarian argitaratu behar zen urte bakoitzaren lehenengo hiruhilekoan.

 

Aurreikusten zen, halaber, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroan ezarritako prestazioak emateko eskudunak diren toki entitateek eta departamentuek eskatzaile guztiei dokumentu bat ematea, non eskaera ebazteko gehieneko epea jasoko baitzen, bai eta isiltasunaren eraginak eta auzitegietan erreklamatzeko daukaten eskubidea ere.

 

Honako hau ere adierazten zen: “Ebazteko gehieneko epea iraganda, eskatzaileek eskubidea izanen dute organo eskudunari kontsulta egiteko beren eskaera ebazteko epe probableari buruz, eta horri 24 orduko gehieneko epean erantzun beharko zaio”.

 

Lege proposamenak Nafarroako Gobernuari hiru hilabeteko epea ezartzen zion aurreikusitako informazio sistemak abian jartzeko.