Ez da onartu amatasun-prestazio publikoak PFEZetik salbuesteko bi foru lege proposamen aintzat hartzea
Zerga-oinarrian salbuespen orokorra aplikatzearen ordez Parlamentuak berriro hautatu du kenkaria, justizia fiskalaren ideiarekin hobeki ezkontzen delako
Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren kontrako botoekin, ez du onartu aintzat hartzea foru lege proposamen bat, zeinaren bidez, “Administrazioarekiko Auzien III. Salako Bigarren Atalaren epai batean ezarritako lege-doktrinarekin bat”, eskatzen baitzen “PFEZetik salbuestea amatasun eta aitatasun prestazio publikoak, 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera”. UPN, PSN, PPN eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (1) taldeen babesa ez da nahikoa izan eta, 25 botorekin hiru berdinketa egon ostean, ekimenak ez du aurrera egin.
PPNren proposamena irakurraldi bakarrean izapidetu da, Ekitatea argudiatzen zuen, alegia, “Espainiako gainontzeko lurraldeekiko konparaziozko bidegabekeriak” ekidin beharra, bai eta “familia eta amatasuna aldezteko politika publikoak sendotzea” ere.
Proposamena bertan behera geratu da, zeren eta, kenkariaren bide progresiboaren ordez kenkariaren bide orokorra lehenetsi duen oposizioaren jarreraren aurka, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek berriz adierazi baitute “subjektu pasiboaren errentaren araberako birbanaketa” hobesten dutela, “guztientzako hobariak baino bidezkoagoa delako”.
Gobernuari eusten dioten taldeen iritziz, PPNk aipatu duen Auzitegi Gorenaren doktrina hori “Estatuko arauan xedatutakora mugatzen da soil-soilik”. Gogorarazi dute nola arlo horretako legegintzarako autonomiak ahalbidetu duen “Nafarroan prestazio horiek salbuetsita egotea 2012. urtera arte, eta ordutik aurrera salbuespena berariaz kentzea”.
Zerga bilketari begira, laukoak argudiatu duenez, likidazio oinarri orokorrean sartu behar den etekin bati, kasu honetan amatasun eta aitatasun prestazioei salbuespena aplikatzeak “garrantzizko eragin erregresiboa izan dezake”.
UPNk bere eskaera 2018ko abenduaren 31ra arte mugatu du
Nafarroako Parlamentuak, gaur egindako osoko bilkuran ez du onartu aintzat hartzea PFEZari buruzko Foru Legearen testu bategina, ekainaren 2ko Legegintzako Foru Dekretuak onetsia, hein batean aldatzen duen Foru Lege proposamena. Aldaketa horren bidez amatasun- eta aitatasun-prestazioen salbuespena deklaratu nahi zen 2014ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra arte. UPN, PSN, PPN eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (1) taldeen babesa ez da nahikoa izan eta, 25 botorekin hiru berdinketa egon ostean, ekimenak ez du aurrera egin.
UPN talde parlamentarioak bultzatutako proposamena irakurraldi bakarrean izapidetu da. Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluaren arabera “espainiar guztiak legearen aurrean berdinak” direla eta, PFEZari buruzko Nafarroako arauaren aldaketa eskatzen du konparaziozko bidegabekeria ekiditeko.
Proposamenaren egilearen iritziz, amatasun- eta aitatasun-prestazioen salbuespenak atzeraeragina izan dezake, “Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrak ez baitu halakorik debekatzen, eta interesdunen aldekoagoa da”.
Ez dira horrekin ados agertu Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E. Aitzitik, nahiz eta ordenamendu juridikoan berariaz debekatuta ez egon foru lege proposamena atzeraeraginez aplikatzea, hori onartu ahal izateko, “Konstituzio Auzitegiak behin eta berriz azaldutako doktrinaren arabera, interes orokorreko arrazoi oso argiak behar dira, atzeraeragina goreneko mailakoa denean, oraingoan bezala”.
-
PPNren foru lege proposamena (124. NPAO, 2018-10-19koa)
-
UPNren foru lege proposamena (129. NPAO, 2018-10-30ekoa)