Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroak 15

Ez da onartu Ingurumena Babesteari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea

Arau-esparrua herritarren informazioa eta parte-hartzea bermatzera bideratutako ikuspegi ez hain prebentibo bati egokitzeko asmoak ez du aurrera egin

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak uko egin dio Ingurumena Babesteari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzeari. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4), PPN eta I-Ek aurkako botoa eman dute, PSN abstenitu da eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik (3) alde bozkatu dute.

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak bultzatutako foru lege proposamen horrek xedetzat zuen “foru legeriaren esparrua Europako Erkidegoko eta Estatuko araudiari eta Nafarroako gizarteak gai honetan daukan sentiberatasun gero eta handiagoari egokitzea”. Horregatik, perspektiba berri bat planteatzen zen, prebentzioaren ohiko ikuspegia gaindituta apustu egiten zuena “ingurumenaren defentsarako eta babeserako jarduerak sustatzearen alde, herritarrei informazioa eskuratzeko bidea eta parte-hartze publikoa bermatuz”.

 

Ildo horretan, ingurumenari buruzko informazioa modu ordenatu eta sistematizatuan lortzea errazteko, Nafarroako Ingurumen Informazioaren Sarea sortzea iradokitzen zen. Ingurumena Kontserbatzeko Foru Funtsa ere ezarri nahi zen, prebentzio, hobekuntza edo leheneratze jarduketetarako funts publikoak izatea bermatzeko neurri gisa, kasu horretan.

 

Ingurumena kontrolatzeko lau teknika jasotzen ziren testuan. Horietatik bi, ingurumen-baimen integratua eta ingurumen-ebaluazioa, nahitaez sartu beharrekoak dira, oinarrizko legeria garatzen baitute. Beste biei, jarduera sailkatuaren lizentziari eta erantzukizunpeko adierazpenari, erregulazio osoa eta exhaustiboa egiten zitzaien, Estatuko ordenamendu juridikoan arautu gabeko tresnak izateagatik.

 

Ingurumen erantzukizuna partekatzeko eta ingurumen lankidetzarako neurri hauek azaltzen dira, besteak beste: ingurumenaren defentsarako akzio judizialetarako laguntza, ingurune fisikoa babesten duen pertsonaren eta ingurumena babesten duen pertsonaren figurak, ingurumena hobetzeko borondatezko akordioak, borondatezko kontrolak, eta ingurumen-kalitatearen bereizgarria.

 

Testuinguru horretan, ingurumen arloko elkartegintzaren eta ikerketa, hezkuntza, prestakuntza eta zabalkundea sustatzearen aldeko apustua nabarmentzen da.

 

Beste alde batetik, zaintza, kontrol eta ikuskapen jarduketei dagokienez, zehapen-araubide “osoa eta eraginkorra” ezartzen da.

 

Proposamenak planteatzen du, azkenik, kodetze-batzorde bat ezartzea, Ingurumenaren Kodea egin dezan, kode horretan bildu ahal izateko gaiari buruzko araudia, orain hainbat arautan “barreiatuta” baitago.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek uko egin diote Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldearen testua babesteari, haien ustez, kredituen gehikuntza albora utzita, planteatutako neurri gehienak “ez direlako zehatzak, edo abian direlako, edo prestatzeko nahiz ezartzeko prozesuan daudelako”.