Ez da onartu Irakasleen Babeserako Foru Lege proposamena aintzat hartzea
Parlamentuko gehiengoak uste du hezkuntza kalitatea mantentzeko eta ikasgeletako elkarbizitza mantentzeko eskaeren atzean ikuspegi autoritario eta klasista duela PPk
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak uko egin dio irakasleen autoritateari buruzko foru lege proposamena aintzat hartzeari. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek lege proposamenaren aurka bozkatu dute, eta PPNk alde.
PPNko foru parlamentarien elkarteak aurkeztutako foru lege proposamenak xede zuen “irakaslearen autoritatea aitortu, eta hark bere eginkizun eta erantzukizunetan diharduenean zor zaizkion itzala eta errespetua sustatzea. Horren helburua da hezkuntzaren kalitatea eta bizikidetasun giro egokia bultzatzea ikastetxeetan, non dibertsitate kultural eta sozialak, familiaren erantzukizunen eskualdatzearekin batera, kolokan jartzen baitu eskubideen funtsezko bermea”.
Horretarako, “Foru Komunitateko irakasleek merezi duten duintasuna eta gizartearen aitormena babesteko, eta berariazko lege propiorik ezean”, arauaren bidez “zenbait diziplina-tresna” ezarri nahi ziren, “horrela, autoritate publikoaren izaera oinarri hartuta, egiazkotasun-presuntzio eta guzti, irakaslearen figura aintzat hartu eta indartzeko, muturreko larritasuneko jokabide nahastaileak (erasoak, hitzezkoak nahiz fisikoak) ugaritu diren garai honetan”.
2016ko irailaren 15ean gertatu zen bezala —orduan hezitzaileen autoritatea babesteko ekimena aurkeztu zen—, lege proposamena bertan behera geratu da, Parlamentuko gehiengoak iritzi diolako hezkuntza kalitatea mantentzeko eta ikasgeletako elkarbizitza mantentzeko eskaeren atzean ikuspegi autoritario eta klasista duela PPk. Oraingo honetan UPNren babesa izan duen arren ez da proposamena onetsi.
-
Foru lege proposamena (127. NPAO, 2018-10-26koa)