Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urtarrilak 17

Ez da onartu Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa prestakuntzan dauden zaintzaile profesionalak dituztenentzako laguntzak emateko aukera gogoan har zezan

Kontratua izan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon arren prestakuntzarik edo gaikuntzarik ez daukaten zaintzaile profesionalek euren lanpostua mantentzeko epe iragankor bat eskatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzio batekin, eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (6) eta I-Eren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen “mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzeagatiko laguntzak garatzen dituen foru aginduan –zaintzaile profesionalek edo etxeko laguntzako enpresek zaintzen dituztenen kasuan– gogoan har dadin laguntzak emateko aukera kontratua izan eta Gizarte Segurantzan alta emanda egon arren prestakuntzarik edo gaikuntzarik ez daukaten zaintzaile profesionalek zaindutako pertsonei, baldin eta zaintzaile horiek hamabi hilabeteko epean prestakuntza edo gaikuntza lortzeko konpromisoa hartzen badute, eta halakorik egin ezean laguntza horren eta zaintzaile ez profesional batek etxean zaintzeagatiko laguntzaren arteko alde itzul zedin”.

 

Baztertutako mozioak bigarren atalean Foru Gobernua premiatzen zuen “hurrengo lau hilabeteetan etxez etxeko laguntzako laguntzaileak prestatzeko behar adina ikastaro antola ditzan Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, doakoak eta lanean ari diren pertsonen ordutegietara eta formatuetara egokituak”.

 

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako mozioak positiboki baloratzen zuen mendekotasuna duten pertsonak etxean zaintzeagatiko laguntza-mota berriaren ezarpena, pertsona horiek zaintzaile profesionalek edo etxeko laguntzako enpresek zaintzen dituztenerako, baina “aldi iragankor bat eskatzen zuten, kontratuarekin eta Gizarte Segurantzan alta emanda dauden baina exigitzen den prestakuntzarik edo esperientziarik gabeko langileak ez kaltetzeko”.

 

Zentzu horretan, aipatzen denez “gaur egun ez dago prestakuntza ikastaro nahikorik etxez etxeko laguntzako laguntzaileentzat, eta daudenak ez dira doakoak, edo ordutegiaren aldetik ez dira bateragarriak mendekotasuna duen pertsonarekin lan egin beharreko ordutegiarekin. Hortaz, lana eduki arren langabeziara joanen diren pertsonei kalte egiten zaie, eta ez dute ia aukerarik izanen epe motzean prestakuntza lortzeko”.