Eztabaidatutako 26 ebazpenetatik 13 onetsita, Komunitatearen egoerari buruzko 2017ko eztabaida amaitu da
Legebiltzarrak Euskararen Lege berria egiteko ponentzia bat eratzeko konpromisoa hartu du, eta iritzi dio Nafarroak baduela bere estatus juridiko eta politikoaz erabakitzeko gaitasuna
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen egoerari buruzko 2017ko eztabaidan aurkeztutako 26 ebazpen-proposamenetatik 13 onetsi ditu (PSNren 3, Geroa Bairen 2, EH Bilduren 1, Podemos-Ahal Duguren 2, PPNren 1, I-Eren 1 eta laukoak adostutako 3).
Hau da ONETSITAKO ebazpenen zerrenda:
PSNren 2.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
-XXI. mendeko gizarte bati dagozkion bide-azpiegiturekin horni dezan Nafarroa, mantentzeko nahiz eboluziorako behar adinako arreta ematen zaien errepideekin, eta Europar Batasunaren eskakizunak bete ditzan, Nafarroako errepideen balio zenbatetsiaren % 2ko inbertsioak eginez.
-Prestazio Handiko Trenbidearen Nafarroako zatiaren eraikuntzan lan egin dezan, proiektuari bere babesa eskainiz eta hartan parte hartuz, inplikatutako agente guztiekin batera.
-Nafarroako Ubidearen bigarren fasea eraikitzearen alde apustu egin dezan; kalitatezko ura eskain dezan, eta behar adinakoa Foru Komunitateko hainbat eskualdek dituzten premiei erantzuteko.
-Nafarroako bazter guztietan argindar hornidura berma dezan, enpresen eta pertsonen funtzionamendu egokirako eska daitezkeen kalitate- eta jarraitutasun-baldintzetan, eta energia elektrikoaren garraioaren eta banaketaren arduradunei beren sare osoaren eboluziorako eta mantentzeko inbertsioa exiji diezaien. PSNk aurkeztu du. UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin onetsi da.
PSNren 4.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure komunitateko ekoizpen-ehuna indar dezan, balio erantsi handiko enpresen eta enplegua sortzen duten proiektuen erakargune izateko, hartara 2019. urterako 20.000 lanpostu sortzeko helburua lor dezagun.
Bereziki premiatzen dugu honako sektore hauetako enpresa berrien ezarpena berma dezan: automobilgintza eta mekatronika, nekazaritzako elikagaien katea, energia berriztagarriak eta baliabideak, osasuna, turismo integrala eta industria sortzaile eta digitalak. Horretarako:
-Sei hilabeteko epean enplegu plan handinahi bat aurkeztuko da, Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren espektroan kokatua. Nafarroako eskualde guztiek dituzten beharrak jasoko ditu, eta Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluan adostuko da.
-Indartu eginen da prestakuntza-enpresa binomioa, Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategian lehentasunez garatu beharrekotzat definitzen diren sektoreen eskariak landunen, langabeen eta, batez ere, gazteen prestakuntzarako programekin lerrokatzera bideratua.
-Sinergia-eremuak bilatuko dira, ikerketak, garapenak eta berrikuntzak bat egin dezaten enpresekin, ikerketa zentroekin, zentro teknologikoekin, ekintzaileekin eta Administrazio Publikoarekin eta hartara ikerketaren eta berrikuntzaren bidez produktu eta zerbitzu hobeak eta lehiakorragoak sor daitezen.
-Enpresa-kontzentrazioko prozesuak babestuko dira zenbait sektore ekonomiko bultzatzeko neurri gisa, enpresen tamaina bera haien lehiakortasunerako arazo larria baita, nazioarteratzeko, berrikuntzarako edota inbertsiorako zailtasunak direla eta.
-Ekintzaileei eta enpresei arreta eta aholku emateko zerbitzu egokiak ezarriko dira, berariazko gune bat kudeatuz, Administrazioaren beharra duten enpresa eta ekintzaileentzako informazioa eskuragarria eta erabiltzen errazagoa izan dadin.
-Jarduera ekonomikorako izapide administratibo eta burokratikoak gutxituko dira, zenbaitetan enpresa eta proiektu ekintzaileentzat oztopo besterik ez baitira. PSNk aurkeztu du. UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin onetsi da. Geroa Bai eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira, eta EH Bilduk eta I-Ek kontra bozkatu dute.
PSNren 5.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
-Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legea alda dezan, errealitate berriei eta beraren ondoren onetsitako araudiari egokitzeko. Aldaketa horrek bide emanen du Nafarroan gizarte zerbitzuak finkatu, sendotu eta hobetzeko eta herritar guztiei babes osoa eta kalitatezkoa bermatzeko.
-Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea aldatzearekin batera, Gizarte Zerbitzuen Zorroa berrikusiko da, indarra duen legeriaren arabera eguneratzeko eta programa, zerbitzu eta prestazioak Nafarroako gizartearen errealitate eta premia berriei egokitzeko. Horretarako, zahartzeak, desgaitasuna duten pertsonen gizarteratze osoak eta espazio soziosanitarioaren garapenak planteatzen dituzten erronkak erantsiko dira, besteak beste”. PSNk aurkeztu du. Aho batez onetsi da.
PPNren 2.a
“Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du ETAren terrorismoa. Baldintzarik gabe desegiteko eskatzen dio ETA talde terroristari, eta ebatzi gabe dirauten krimenak argitzen laguntzeko.
-Nafarroako Parlamentuak terrorismoaren biktimekiko konpromisoa agertzen du, izuak eragindako kaltea ahantziko ez dela bermatzeko”. PPNk aurkeztu du. UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onetsi da.
LAUKOAREN 1.a
“1978ko erregimena erantzun demokratikoak eman ezinik dabilen honetan, Foruaren Hobekuntzak, nafarrek zuzenean inoiz berretsi ez zuten esparru juridiko-politikoak, 35. urte betetzen dituen honetan, Nafarroako Parlamentuak uste du inoiz baino beharrezkoagoa dela Nafarroaren autogobernua defendatzea. Horregatik, agintzen du:
-Nafarroaren eskubide historiko eta demokratikoen aldeko bere konpromiso irmoa berretsiko duela eta horiek defendatzeko borondatea agertuko duela edozein erasoren aurrean.
-Nafarroako Foru Komunitatearen estatus juridiko eta politikoari buruzko erabakiak hartzeko gai diren protagonista eta subjektu juridiko propiotzat hartuko dituela Nafarroa eta nafarrak.
-Nafarroaren eta Estatuaren arteko harremanei aldebikotasun-baldintzetan ekiteko beharra defendatuko duela”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
LAUKOAREN 2.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1) Hurbileko produktuen —hala ekologikoen nola zero kilometrokoen— kontsumitzaileen kooperatibak garatzea sustatuko duen esparru juridiko-fiskala sor dezan.
2) Nafarroako Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren (S3) barruan 4.0 industria garatzearen ondorioz lan harremanetarako sortuko den esparruak nolako eragina izanen duen eta nolako jokalekuak sortuko dituen azter dezan.
3) Aurrera egin dezan 2030 Agendan hartu dituen konpromisoak eta garapen jasangarriaren arloko helburuak betetzeko:
a) Egoeraren diagnostikoa bukatzea, eta tokiko edota eskualdeko irakurketak egin ahal izateko adierazleen garapenerako oinarrizko gida definitzea.
b) Parte-hartzearen eta eztabaida sozialaren arloan aurrera jarraitzea (bilerak, mintegiak, jardunaldiak eta esperientzia trukeak) garapen jasangarriaren arloko eta 2030 Agendako helburuetan sakonduz. . Halaber, mota guztietako jendeari zuzendutako zabalkunde programa bat garatzea.
c) Garapen jasangarrirako helburuen aplikazioarekin zerikusia duen informazioaren jarraipena egiteko eta arlo horretan esku hartzen duten entitate eta erakunde guztiei helarazteko protokoloa ezartzea, Departamentuarteko Batzordearen bidez.
d) Nafarroako Lurralde Estrategia (NLE), haren helburuak, adierazleak eta lanerako estrategiak eta ildoak berrikustea eta 2030 Agendako garapen jasangarrirako helburuei egokitzea, zeharka gara daitezen politika publiko guztietan.
4- Bere esku dagoen heinean, ekonomia eta enpresa arloko eragileekin dituen harremanen esparruan, gutxieneko ordainsariak handitzen lagunduko duten jarduketak eta neurriak susta ditzan, horrela Nafarroako gizartean behera egin dezan bizi proiektu pertsonal duin bat garatzearekin ia bateraezinak diren ordainsariak dituzten pertsonen ehunekoak”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta PPNren kontrako botoarekin onetsi da.
LAUKOAREN 3.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hurrengo bi urteetan zerbitzu publikoen garapena eta indartzea sustatzen jarrai dezan, hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte babesaren arloetako prestazio publikoak handitu eta haien kalitatea hobetzeko:
-Irakaskuntza publikoa sendotzeko plan bat taxutu eta gara dezan, honako hauek jasoko dituena: hezkuntza eskaintza handitzea, eskolatze eskari osoari erantzutea, eskola azpiegiturak eraiki eta hobetzea, irakasleak gehitu eta egonkortzea lan-eskaintza publiko baten bidez, murrizketak ezabatzea eta eskolatzeari buruzko araudia aldatzea ikasleak modu orekatuan banatzeko.
-Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua indartu eta hobetu dezan, eskuragarri dauden baliabideak berrantolatuz eta erabiliz, eta lan-eskaintza publiko oparo bat eginez, plantillak egonkortuko dituena; eta oinarrizko osasun laguntza indartuz eta itxarote-zerrendak laburtuz bere baliabide propioekin. Hobekuntza hori NUPen Medikuntzako gradua sortzeari eta osasun arloko ikerketaren alde apustu argia egiteari lotuta egonen da.
-Mendekotasuna eta desgaitasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak sustatu eta hobetu ditzan, ezarrita dauden koordainketak murriztuz eta erabiltzailearen ekarpena haren errentaren eta ondarearen zuzeneko proportzioan zehaztuz”. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
GEROA BAIren 4.a
“1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako hezkuntza sistemaren defentsaren eta Nafarroak hezkuntza arloan dituen eskumenen aldeko konpromisoa adierazten du.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Foru Komunitatearen hezkuntza arloko eskumenekiko errespetua eta leialtasuna eskatzen dizkie Estatuko erakundeei, eta eskumen horiek murritz ditzakeen ekimenik onar ez dezatela eskatzen die.
3. Nafarroako Parlamentuak aldarrikatzen du Nafarroako erakundeek apustu egin behar dutela hezkuntza sistema propioa sakondu eta garatzearen alde, gure errealitateari eta beharrei egokitua, kudeaketa publikoa ardatz nagusi duena eta herritar guztiei hezkuntzarako eskubidea bermatzen diena berdintasunezko baldintzetan”. Geroa Baik aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
GEROA BAIren 5.a
“1.- Nafarroako Gobernuak nabarmentzen du garrantzitsua dela haurrak egungo agenda politiko eta sozialeko lehentasunen artean kokatzea.
2.- Nafarroako Parlamentuak 2018. urtean Haurren Lege berria egiteko beharra aldarrikatzen du.
-Lege horrek haurren eskubideak bermatzeko esparru bat eratu behar du, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1989an onetsitako Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioak aitortzen duen ikuspegi integrala izanen duena, konbentzio horrek haurren eskubideen zatiezintasuna ezartzen baitu.
-Lege horrek gainditu egin behar du abenduaren 5eko 15/2005 Foru Legearen ikuspegi sektoriala, eta bermeak ezarri behar ditu bai eskubide zibil eta politikoez, bai eskubide ekonomiko, sozial eta kultural guztiez baliatzeko.
-Lege horrek, adingabeen babes eta tutoretzarako eta gizarteratzeko establezimendu publikoen kudeaketa arautzeaz gainera, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotako eskubide guztiak baliatu ahal izateko aukera emanen die Nafarroako haur eta nerabe guztiei, hau da, 18 urtetik beherako pertsona guztiei, edozein dela ere haien egoera administratiboa.
-Lege horrek bermatu egin beharko ditu nortasunerako eskubidea, familiaren baitan garatu eta hazteko eskubidea, ohorerako, intimitate pertsonalerako eta norberaren irudirako eskubidea, entzuna eta aditua izateko eskubidea, aisialdirako eskubidea, informaziorako eskubidea, osasunerako eta osasun arretarako eskubidea, hezkuntzarako eta hezkuntza arretarako eskubidea, gaitasun digitala garatzeko eskubidea, kulturarako eskubidea, kirolerako eskubidea, hiri eremu baterako eskubidea, haurren parte-hartze eta elkartegintzarako eskubidea eta ingurumen osasungarrirako eskubidea.
-Lege horrek haur eta nerabeen gaineko inpaktuari buruzko aurretiazko txostenak egin beharra ezarri behar du Nafarroako Parlamentuak onesten dituen xedapen arauemaile guztietarako, eta erakunde publikoek haurrei buruz onartzen dituzten erregelamenduzko xedapen guztietarako.
-Haur eta nerabeen arloko politiketarako zuzendaritza-organo bat sortu beharko du, haur eta nerabeei zuzendutako politika eta plan sektorialak koordinatzeko gaitasunaz eta horretarako behar diren baliabideez hornitua.
3.- Nafarroako Parlamentuak erakunde guztiei adore ematen die haurren pobreziaren aurka eta haurrak gizarteratzearen alde borrokatzeko behar diren neurriak har ditzaten”. Geroa Bai. Aho batez onetsi da.
EH BILDUren 4.a
“Nafarroako Parlamentuak Erregelamenduaren 61. babesean batzorde berezi bat eratzeko konpromisoa hartzen du, sei hilabeteko epean Euskarari buruzko Foru Lege berri baterako proposamena presta dezan. Hauek izanen dira lege horren printzipio inspiratzaile edo oinarrizkoak: Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak betetzea, zonifikazio linguistikoa gainditzea eta euskara Nafarroa osoan ofizial bihurtzea, lurraldeko errealitate soziolinguistiko desberdinetatik abiatuz eta haiei egokituz.
Halaber, prozesu horri parte-hartzearen bidez ekiteko borondatea adierazten du, hau da, toki erakunde interesdunen, eragile sozialen eta sindikatuen ekarpenak jasotzekoa”. EH Bilduk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta UPN, PSN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
PODEMOS-AHAL DUGUren 4.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1.- Hurbiltasun irizpideen arabera ekoitzitako elikagaien kontsumoa susta dezan, ahal dela elikagai ekologikoena. Horretarako, kooperatibak babestuko ditu, eta jardunaldi, eztabaida, mintegi eta abarren bidez herritarrei ezagutaraziko dizkie, beste esperientzia batzuen artean, tokiko kontsumo taldeen sorrera edo “C’est qui le patron” bezalako nazioarteko ekimen arrakastatsuak, non kontsumitzaileek erabaki baitituzte esnearen prezioa eta fabrikatzeko baldintzak.
2.- Apustu irmoa egin dezan energia-ekoizpen barreiatu eta deszentralizatuaren alde eta banaketa-sareetan ahalik eta energia gutxien galtzearen alde. Horretarako, ordezko energia ekoitzi behar da iturri txiki eta ugarietan, kontsumo zentroetatik ahalik eta distantzia laburrenetara.
3.- Bultzada sendoa eman diezaien, legegintzaldia amaitu baino lehen, erabilera-lagapenaren araubideko bi etxebizitza-kooperatibari, gutxienez ere, horiek, esperientzia pilotu gisa, hurrengo legegintzaldirako bidea erakusten joan daitezen.
4.- Duela urtebeteko mandatu parlamentarioa bete dezan, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Foru Administrazioa software librera migratzeko plan bat sor zedila eskatzea eta horretarako urtebeteko epea ezartzea.
5.- Arte sorkuntzaren arloko eremu autokudeatuen plan pilotuaren sorrera sustatzea. Duela urtebete Parlamentu honek plan horretarako aurretiazko diagnostikoa egiteko konpromisoa hartu zuen”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
PODEMOS-AHAL DUGUren 5.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1- Komunitatearen egoerari buruzko hurrengo eztabaidaren aurretik Etxebizitzari buruzko Lege bat aurkez dezan. Lege horrek etxebizitzen merkatu librean kalteberak diren pertsonen babesa bermatuko du, programa-akordioan etxebizitza gaiei buruz jasotako akordio finkatuak betez, eta apustu eginen du errenta ordaintzeko berariazko diru-laguntza ekonomikoak ematearen alde, familiek horren beharra duten bitartean, etxebizitza ordaintzeko gaitasuna egokitzeko, eta, halaber, etxebizitzarako laguntza osagarri bat ezartzearen alde, prestazio bermatu gisa, errenta bermatuaren hartzaile guztientzat”. Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
IZQUIERDA-EZKERRAren 4.a
“1.- Nafarroako Parlamentuak interes orokorraren eta herritarrek dituzten eskubide sozialen aurkako erasotzat jotzen du Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren erreforma, 2011n onetsia, aurrekontu-politikaren erabateko lehentasun gisa inposatzen duelako zor publikoaren ordainketa; eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du.
2.- Nafarroako Parlamentuak interes orokorraren eta herritarrek dituzten eskubide sozialen aurkako erasoa deritzo Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko 2/2012 Lege Organikoari, murrizketa zorrotzak ezartzen dizkiolako administrazio publikoen aurrekontu-politikari, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du.
3.- Nafarroako Parlamentuak langileen eskubideen aurkako eraso larri eta bidegabea deritzo Gobernu zentralak 2012an onetsitako lan-erreformari, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du.
4.- Nafarroako Parlamentuak interes orokorraren eta zerbitzu publikoen kalitatearen aurkako erasoa deritzo lan-eskaintza publikoak egiteko ahalmena zorrozki mugatzen duen Estatuko oinarrizko araudiari, eta, beraz, hura indargabetzeko eskatzen du”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren kontrako botoekin onetsi da.
Hau da BAZTERTUTAKO ebazpenen zerrenda:
UPNren 1.a
“Nafarroako Parlamentuak Konstituzioaren eta Foruaren Hobekuntzaren aldeko konpromisoa agertzen du, bizikidetzarako funtsezko arauak baitira, gure lurrean ongizate eta askatasun maila handienak ekarri dizkigutenak”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
UPNren 2.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enplegua sortzeko eta ekonomia biziberritzeko neurriak ezar ditzan, enplegu plan bat onetsiz, presio fiskala arinduz eta Espainiako Gobernuarekin lankidetzan arituz AHTa eta Nafarroako Ubidea martxan jartzeko”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
UPNren 3.a
“Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Nafarroako Gobernuak darabilen hezkuntza-politika, alderdikoia delako, inposizioa duelako oinarri eta Nafarroako hezkuntza sistemaren egiazko beharretatik urrun dagoelako”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
UPNren 4.a
“Nafarroako Parlamentuak Nafarroak bereak dituen sinboloen aldeko konpromisoa agertzen du, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen dio sinbolo horiek defenda ditzala Nafarroako erakundeetan ikurriña inposatu nahi dutenen aurrean”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
UPNren 5.a
“Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du Nafarroako Gobernuak euskara inposatzeko eta euskaraz hitz egiten ez duten pertsonak gutxiesteko erabiltzen duen hizkuntza-politika”. UPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
PSNren 1.a
“1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure autogobernuaren foru printzipioak manten ditzan: erakundeen leialtasuna, hitzarmena eta adostasuna, legeen errespetuaren barnean. Gure foru sistema gure bizikidetzaren oinarri nagusia da. Estatus juridiko propioa duen Nafarroa bat, Espainiaren barnean, horren parte delarik. Ezaugarri ditugun kultura-, hizkuntza- eta lurralde-aniztasuna eta dibertsitatea errespetatzen eta onartzen dituen autogobernu bat. Horixe da gure autogobernuaren oinarri nagusia, eta alde bakarreko bideetatik urrun dago.
2.- Parlamentuak konpromisoa hartzen du herritar guztien askatasuna errespetatzen eta pizten duten politikak sustatzeko, indarra duen legeria urratu gabe, askatasun hori babesten duten ekintzak bultzatuz, bizikidetza baketsua inposizio kultural edo politikoen bidez hausten ez duen esparru batean”. PSNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
PSNren 3.a
-“Nafarroako Parlamentuak ez du onartzen Hezkuntza Departamentuak hurrengo lan-eskaintza publikoan irakasleen zerrenda bakarra egitea, Nafarroako irakasle gehienen aurkako bazterkeria delako eta enplegu publikoa eskuratzeko aukera-berdintasuna urratzen duelako.
-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio ez dezala “zerrenda bakarra” baliatu irakasleen kidegoetan sartzeko mekanismo gisa”. PSNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren kontrako botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
PPNren 1.a
“- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du Foru Komunitatearen ikur propio eta ofizialen alde.
-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzeko eskatzen du arlo guztietan: politikan, hezkuntzan, telebistan, kulturan nahiz kirolean”. PPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
PPNren 3.a
“-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako garapen ekonomikoa sustatzeko neurriak har ditzan, presio fiskala arinduz, enpresa berriak ezartzea erakargarriagoa izan dadin, eta kontrataziorako pizgarriak emateko beharrezkoak diren enplegu planak behin betiko onetsiz.
-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako garapen ekonomikoa ahalbidetuko duten azpiegituren alde apustu egin dezan, hala nola Abiadura Handia, Espainiako gainerako lurraldeekin eta Europarekin lotzeko, edo Nafarroako Ubidearen bigarren fasea, gehieneko edukierarekin”. PPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
PPNren 4.a
“-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gurasoen eta ikasleen hezkuntza-askatasuna errespeta dezan.
-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aukera-berdintasuna berma dezan, ikasle guztiek Hizkuntzak Ikasteko Programan sartzeko aukera berdinak izateko eta beketan ere berdintasuna izateko, unibertsitate publikoetan nahiz pribatuetan ikasi”. PPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
PPNren 5.a
“-Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere ekintza politikoaren erdigunean familia jar dezan, familien gaineko inpaktuari buruzko txostenak eginez Nafarroako Foru Komunitateak egiten dituen araudi guztietarako”. PPNk aurkeztu du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren kontrako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin baztertu da.
EH BILDUren 5.a
“-Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du tokiko erakunde sarea udal autonomiaren, subsidiariotasunaren, lurralde-orekaren eta finantza-nahikotasunaren oinarrizko printzipioetatik abiatuta egokitzeko lan egiteko eta lan horren beharra defendatzeko, eta Nafarroako toki erakundeei beharrezkoak diren tresna teknikoak eta ekonomikoak emateko beren eskumenak garatu eta lurralde-oreka bermatu ahal izan dezaten Nafarroako eskualdeen garapen sozial eta ekonomikoan.
-Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du errepideko zirkulazioaren eredu bakarra ezartzearen alde Nafarroa osorako, gaur egun leku jakin batean bizitzeagatik herritarrak zigortzen dituzten bidesariak kentzearen alde, eta egungo “itzaleko bidesarien” kontratu-baldintza abusuzkoak kentzeko formulak aztertzearen alde.
-Nafarroako Parlamentuak uste du Nafarroan badela topagune oinarrizko eta koherente bat trenbideen arloan, lurralde kohesioaren eta lurralde antolamenduaren ikuspegitik: toki erakundeei eta herritar guztiei irekitako parte-hartze prozesu bat abiaraztea, Nafarroari komeni zaion trenbide eredua definitzeko. Horren definizioa hainbat azterketaren eta Nafarroako eskualdeetako inguruabarren eta errealitateen baturaren emaitza izanen da.
-Nafarroako Ubidearen jarraipena eraikitzeari dagokionez, Nafarroako Parlamentuak uste du uraren eskuragarritasuna bermatu behar dela Nafarroako Erriberan, eta ureztatzaileek berek parte hartuko dutela, erabakietako bakoitzaren ondorio ekonomikoez jabeturik, ubidearen fluxuak izan beharko duen dimentsioa taxutzen.
-Nafarroako Parlamentuak berariaz aitortzen ditu Nafarroaren aniztasuna, horren errespetua, kanonen homogeneizazioa inposatzea saihestuz, eta hura ikusgai egitearen aldeko apustua, aberastasunaren eta balio erantsiaren erakusgarri gisa. Nafarroako Parlamentuak, halaber, bere jardun osoan aniztasunaren aitorpen berariazko hori aintzat hartzeko konpromisoa agertzen du”. EH Bilduk aurkeztu du. UPN, PSN, Geroa Bai eta PPNren aurkako botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin onetsi da.
IZQUIERDA-EZKERRAren 5.a
“Nafarroako Parlamentuak erabakitzen du bere babesa ematea Espainiako Estatuan errepublika federal eta solidarioa eratzeko prozesu politikoa has dadin, Nafarroako herritarrek erabakitzeko duten eskubidean oinarrituta”. Izquierda-Ezkerrak aurkeztu du. I-Ek aurkeztu du. UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, EH Bildu, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren abstentzioekin eta I-Eren aldeko botoarekin baztertu da.