Garapen Ekonomikorako Batzordea Garesera bisitan joan da ‘Gares Energia’ proiektua ezagutzera
Erminetako zentrala berreskuratu ondoren, energia berriztagarri publikoa ekoitzi eta udalerriko beharrak % 48raino ase nahi dira
Garapen Ekonomikorako Batzordea Garesera bisitan joan da gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeek eskatuta, Erminetako zentral hidroelektrikoa berreskuratzeko proiektuaren nondik norakoak ezagutzera. Nafarroako Energia Planean jasotako berreskuratze horren bidez energia berriztagarri publikoa ekoitzi nahi da udalerriko beharrak % 48raino asetzeko.
Batzordeko kide hauek joan dira: Carlos García Adanero, Carmen Segura (UPN talde parlamentarioa), Rafael Eraso, Consuelo Satrustegi (Geroa Bai talde parlamentarioa), Esther Korres (EH Bildu talde parlamentarioa), Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioa) eta Guzmán Garmendia (PSN talde parlamentarioa).
Julián Mena plazan egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei. Bertan izan dira Oihan Mendo Garesko alkatea, Martín Ibarra Nafarroako Energia Planaren ataleko burua, José María Díez industria ingeniaria, Javier Zardoya Udaleko energia arloko teknikari aholku-emailea, eta pilotalekuko estalkia berritzeko proiektua egiteko ardura duten arkitektoak, Borja Barredo eta Edurne Ramírez.
Bisitaren helburua, nabarmendu denez, energia eredu berriaren norainokoa zuzenean ezagutzea izan da. Erminetako zentrala 1918tik 1980ko hamarkadara arte egon zen funtzionamenduan, eta kaleko argiak, Udalaren hiru eraikin eta pilotalekua energiaz hornitzeko asmoz berreskuratu nahi da. Pilotalekuko estalki berrian panel fotovoltaikoak jarriko dira eta bertako produkzioa zentralarenari gehituko zaio. Horrenbestez 349.000 kWh-ko ekoizpen-ahalmena lortuko dela kalkulatu da, ekipamendu horien beharren % 95 hornitzeko adinakoa.
Ondoren parlamentariek Zamariain pilotalekua eta mikrosarearen konexiogunea ikuskatu dituzte. Gero Erminetako zentralera jo dute, antepara eta Electra-Regadíoren zentrala bera ikustera. Maiatzean Parlamentuan egindako lan saio batean aurreratu zenez, aurten edo heldu den urtean amaitu nahi dira estalkia eta mikrosarea, gero zentrala birgaitzeari ekiteko. Zentraleko bigarren solairuan energiari buruzko ikasgela antolatu nahi da 2019an eta 2020an zehar. Milioi bat euroko aurrekontua dago.
Gares-Energia proiektuak dagoeneko sariak jaso ditu proiektu berritzailea izateagatik hala energiaren aldetik (Germinador social) nola gizartearen aldetik (Emun kooperatiba). Proiektuaren ezaugarri nagusien artean, hezkuntzaren eta lanaren arloko ekarpenez gain (langabeak kontratatuko dira birgaitze lan batzuk egiteko), uraren erabilera soziala eta produkzioaren gaineko kontrola nabarmentzen dira.
Hainbesteraino ezen proiektu hori, beste batzuen artean, jarraitu beharreko eredutzat aipatu baitzen Europako Batzordearen Smart specialisation and social innovation: fron policy relations to oportunities and challenges txosten teknikoan.
Horren haritik, eta esandakoaren arabera, zentralak segundoko 600 litroko emakida izanen du, eta horren herena ureztatzaileentzat izanen da: ura eskuragarri izanen dute udan eta Udalak behar ez duen beste une batzuetan.
Berariaz egin diren azterlanen arabera, Garesko Udalak 150.000 euro inguruko faktura elektrikoa ordaintzen du, 750.000 kilowatteko (kWh) kontsumoaren ondorioz. Kontsumitutako energiaren % 52 argiztapenerako erabiltzen da eta gainerako % 48a eraikinetarako.
Erminetako zentral hidroelektriko txikiaren historia 1918an hasi zen, Udalak eta ureztatzaileek sozietate bat eratu zutenean erdi bana, energia elektrikoa ekoizteko. Zati bat kaleko argietarako erabiltzen zen, eta eskatzen zuten herritarrei saltzen zitzaien gainerakoa (bonbillako kobratzen zen). Ederki funtzionatu zuen 80ko hamarkadara arte. Orduan, energia sistema osoa zentralizatu zela eta, bertan behera utzi zuten. Hala ere, eraikina, makineria eta sistema lagungarria, ur-hargunea, ubidea eta antepara mantendu egin zituzten baratzeak ureztatzeko. Aurretik hiru saiok huts egin ondoren —agian helburua salmenta izan delako eta ez autokontsumoa—, oraingoan martxan jarriko dela espero da.
Beren hitzaldietan, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta PSN taldeetako eledunek balorazio positiboa egin diote Gares-Energia proiektuari, eta geroagoko jarduketen zain gelditu dira beren babesa zehazteko.