Noiz argitaratua Asteazkena, 2018.eko Maiatzak 2

Gardentasuna eta Gobernu Irekia: exijentzia ala ziurtasuna?

Adela Mesak, EHUko irakasleak Gobernu Irekiari buruzko hausnarketa eskaini du NUP eta Nafarroako Parlamentuaren Iritzi Publikoa eta Berrikuntza Sozialaren Katedrak antolatutako hitzaldian

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (UPNA) eta Nafarroako Parlamentuak, 2017ko ekainean martxan jarritako Iritzi Publikoa eta Berrikuntza Sozialaren Katedrak sortutako elkarlanari esker, “Gardentasuna eta Gobernu Irekia: exijentzia ala ziurtasuna?” hitzaldia antolatu dute, Adela Mesa del Olmok, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Politikoetako Irakasleak eskainia.

 

Maiorga Ramírez (EH Bildu), Parlamentuko Mahaiko Lehen Idazkaria izan da gaur arratsaldeko 18:00ean Erabilera Anitzeko Aretoan eskaini den hitzaldia aurkeztu duena. Carmen Innerarity aurkeztu du, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakaslea eta Iritzi Publikoa eta Berrikuntza Sozialaren Katedrako arduraduna, baita hitzaldiko hizlaria izan den Adela Mesa del Olmo ere.

 

Innerarityk Nafarroak gardentasun eta parte hartzearen esparruan izan duen garrantzia azpimarratu du, izan ere, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legea aitzindaria izan zen estatuan, eta gainerako erkidegoentzako abiapuntu izan da, baita estatuarentzat ere. Innerarityk, gainera, adierazi du herritarren eskaera bat pil pilean dagoela, parte hartzea zabaltzeko bidean: “berrikuntza demokratiko bat eskatzen dute eta berrikuntza hori herritarren parte hartzea handitzean oinarritzen da”.

 

Adela Mesa del Olmok Gobernu Irekiaren sorreraren oinarriak laburtu ditu, eta bere diskurtsoa bi zutabetan oinarritu du: Gobernu Irekiaren terminoa eta bere egingarritasuna. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak ohartarazi du praktikan, Gobernu Irekiak itzal asko dituela, izan ere, “zenbait kasutan partxe gisa erabiltzen da: informazio iluna eskaintzen da, estatistika ugari eta informazio gutxi ematen dituzten datuak”. Kontsignak izan behar du “datu argiak, beharrezkoak, berrerabilgarriak, interesekoak eta instituzioak ebaluatzeko balio dezaten”.

 

Mesak gardentasuna eta parte hartzearen arteko harreman sinergikoa defendatzen du. Prozesuen hasieran, parte hartzea oinarrizkoa izan beharko litzateke, kontsulta ezinbestekoa da informazioa biltzeko; bestalde, inplementazio fasean, gardentasunak ezinbesteko papera betetzen du. “Hau da herritarren eskatzen duten prozedura”.

 

Nafarroako parte hartze prozesuen eta Gobernu Irekiaren inguruko zertzelada batzuk eman ostean, Mesak azpimarratu du “Gobernu irekia gelditzeko etorri dela”, eta hitzaldiarekin amaitzeko, hausnarketa gisa hainbat afera mahai gaineratu ditu, esaterako: gardentasunak mugak eduki behar al ditu?

 

Adela Mesa del Olmo Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Zientzia Politikoetako eta Administrazioko Irakaslea da. Bere doktoretza tesia euskal administrazioko kargu altuen ingurukoa izan zen, eta 2002 urteaz geroztik ikerketa lanetan dihardu gobernu elektroniko eta gobernantza modernoen inguruan.