Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 4

Gobernuak baieztatu du “aspalditik” diharduela lanean, hornidura elektrikoa hobetzeko

Horixe izan da PSNk egindako interpelazio bati emandako erantzuna; izan ere, PSNk baieztatu du “hornidurak berdintasun arazoa direla, komunitatea ardazten eta lehiakortasun maila neurtzen baitute”

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariordeak, Manu Ayerdik, baieztatu du foru gobernuak aspalditik diharduela lanean Foru Komunitateko hornidura elektrikoa hobetu nahian, bereziki Lizarraldean, Pirinioetan eta Erriberan.

 

PSNk Kontroleko Osoko Bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, Manu Ayerdik honako hau adierazi du: “jakitun nago energia hornidura funtsezkoa dela gizartearen funtzionamendurako, eta, horregatik, hornidura kalitatez eta segurtasunez eskaintzea funtsezko bermea da, bizimodu arruntari begira nahiz sektore ekonomiko anitzen lehiakortasunari begira".

 

Manu Ayerdik aipatu du garraio sarea Estatuaren eskumena dela eta hori guztia zehazten dela 2015-2020 aldirako garapen plan baten inguruan; halaber, zehaztu du planteamendu horren barnean ez dela inolako azpiestaziorik aurreikusten eta zinez sentitzen duela.

 

“Hainbeste urte solasean igaro ondoren, ez dago ezta Estatuaren planifikazioan ere. Erronka da lanean aritzea Lizarraldean azpiestazio bat abian jar dadin. Elkarrizketak izan dira eta Red Eléctrica ere horren alde azaldu da. Ministerioarekin mintzatzen ari gara. Gauza hauek poliki joan ohi dira”, azpimarratu du.

 

Gainera, baieztatu du Gobernua lanean ari dela Pirinio eta Erribera inguruetan hobekuntzak lortu ahal izateko. “Zuzen ari gara. Eskumena Estatuarena da eta Nafarroako Gobernuari bultzatzea dagokio”.

 

Guzmán Garmendiak (PSN talde parlamentarioa) honako hau baieztatu du: “hornidurak berdintasun arazo dira, komunitatea ardatzen baitute. Bizi garen mundu teknologikoak, 4.0 industriaren etorrerak edo robotizazioak eraginen dute elektrizitatea gero eta garrantzizkoagoa izatea eta komunitatean gero eta ardatz egituratzaileago bihurtzea; hori dela eta, partikularrek eta enpresek aise eskuratuko dutela bermatu beharra dago".

 

Horren ondoren, hau adierazi du: “foru lurralde osoa lehiakorra ez bada, desberdintasunaz ari gara solasean. Gaur egun enpresa handi bat Nafarroan kokatu nahi izanez gero, gure geografiako edozein tokitan egin dezake, Lizarraldean izan ezik”.

 

Gainera, azpimarratu du hornidura arazoak daudela Pirinioetan, Goi Erriberan (Andosilla, Azagra, San Adrián) eta Iruñean, eta, horren ondoren, ziurtatu du lanean jarraitu behar dela, "lehen mailako eta bigarren mailako nafarrik izan ez dadin”.

 

PSNk Gobernuari egindako kritiken ondotik, Manu Ayerdik zentsuratu du sozialistak izatea halako gaitzespenak egiten dituztenak, azken 20 urteotan Nafarroako Gobernuan edo hari loturik egon direla aintzat hartuta. "Zer egin duzue zuek azken 20 urteotan? Nitaz aritu al zara edo UPNrekin izandako harremanen ispiluari begira jardun al duzu? Ikaragarria”, ondorioztatu du.

 

Carlos García Adanerok (UPN talde parlamentarioa) adierazi du lortzen ari direla Nafarroa, lehendabiziko postuetan egon ordez, geldirik egoteko helburua, eta Gobernuari ezin hobeki etorri zaiola exekutibo zentralaren bitartekotasuna; horren ondoren, Lizarraldean azpiestazio bat jartzearen alde azaldu da.

 

Rafael Eraso (Geroa Bai talde parlamentarioa) “egokitzat” jo ditu Gobernuak hornidura bermatzeko aitzina eramandako jarduketak.

 

Dabid Anautek (EH Bildu talde parlamentarioa) Nafarroako energia kudeatzeko organo baten alde azaldu da eta, horrekin batera, Lizarraldeko aspiestazioari buruz aipatu du ez dutela arazorik ikusten tamaina ertaineko estazio batean.

 

Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) bere kezka azaldu du Nafarroako herritarren berdintasunaren bermeagatik eta ohartarazi du arrazoi anitz dagoela pentsatzeko ezkutuko interesak egon daitezkeela beharrezkoak ez diren azpiegitura neurrigabeak egiteko”.

 

Javier Garcíak (PPNko foru parlamentarien elkartea) akordioaren eta negoziazioaren alde agertu da, hornidura hobetzeko, eta Ayerdiri eskatu dio bere ez egiteko Anautek energiaren Nafarroako agentzia baten inguruan adierazitakoa.

 

José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) sektore elektriko publikoa aldeztu du eta Garmendiari erran dio EAJren inbidian egon ordez Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioa sostengatu behar duela.