Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Maiatzak 4

Gobernuak sexu-indarkeria errotik erauzteko konpromisoa berretsi du

Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzunez, zeinak, foru legearen eta ekintza planaren balioa aitortzen badu ere, dauden zerbitzuak gehiago indartzeko eskatzen baitu

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak, Ana Ollok, Nafarroako Gobernuaren "konpromisoa" agertu du "sexu-indarkeria errotik erauzteko", eta esan du "inoiz baino beharrezkoagoa" dela esku hartzea biktimen babesean eta baita "indarkeria hori eragiten duten arrazoien inguruko prebentzioan eta sentsibilizazioan ere".

 

Ollok Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzun dio Kontroleko Osoko Bilkuran. Azpimarratu egin du sexu-indarkeriak "kezkatu" egiten duela Gobernua, "emakumeen kontrako indarkeria motetako bat, giza eskubideen urraketa bat, emakume gehiegi ukitzen dituena, eta giza eskubideen urratze ohikoenetako bat".

 

"Egia da errealitate horren zati bat oraindik ikusezina dela", aitortu du kontseilariak, eta xehetasunak eman ditu: estatistika osoak eginak diren azken urteko datuen arabera, 2015ean Nafarroan genero-indarkeriaren 1.010 salaketa jarri zitzaizkien polizia kidegoei, horietatik 69 sexu-indarkeriarengatik (% 6,3).

 

Gainera, delituen biktimei laguntzeko bulegoan 16 emakume artatu zituzten, guztira, sexu-indarkeriaren biktima gisa. Eta bulego horretan 38 emakume artatu zituzten laguntza psikologikoko zerbitzuan.

 

Beste alde batetik, Nafarroako Gobernuaren harrera-baliabideetan 2015ean 112 emakumeri eman zitzaien laguntza, eta haietatik 28 sexu-indarkeria jasandakoak ziren.

 

Kontseilariak adierazi duenez, datu horiek erakusten dute "baliabideetan laguntza jasotzen duten emakumeen kontrako sexu-indarkeriaren maiztasuna % 20 ingurukoa dela, bostetik bat, nahiz eta polizia kidegoek emakumeen kontrako indarkeriagatik jasotzen dituzten salaketa guztien % 8 izan".

 

"Egia da argazki osatugabea dela, iceberg-aren punta, izan ere biktimek kasu gehienetan isilik pairatzen baitute sexu-indarkeria", azpimarratu du Ollok. Hori dela eta, beraren ustez "inoiz baino beharrezkoagoa da biktimen babesean esku hartzea, baita prebentzioan ere, indarkeria hori eragiten duten arrazoien inguruko sentsibilizazioan, eta hura agerian jartzeko neurrietan".

 

Horri dagokionez, "hortxe kokatzen dira bultzatzen ari garen politika publikoak", nabarmendu du, eta hau baieztatu du: "lanean ari gara bai indarkeriazko egintza gertatzen den unean, bai prebentzioan eta sentsibilizazioan. Kontzientzia harraraziz soilik egin ahalko diogu aurre giza eskubideen urratze horri".

 

Ollok baieztatu du, gainera, foru gobernua lanean ari dela, beste helburu batzuen artean, "dauden zerbitzuak baliabide gehiagoren bidez eta espezializazio handiagoaren bidez indartzeko. Europako Kontseiluaren aholkuei jarraituz, lanean ari gara sexu-erasoen ondoko ekintza eta laguntza berariazkoetan, eta indartu eginen da biktima horientzako laguntza psikologiko eta juridikoa", erantsi du.

 

Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) adierazi duenez, bestalde, talde moreak ez du uste Nafarroan ez dela ezer egiten ari sexu-indarkeriaren aurka, baina "are gehiago" egin behar da. "Emakumeen aurkako indarkeria gizonen arazoa da, emakumeek jasaten dutena, eta egungo gizarteetan gertatzen diren urratze ohikoenetako bat", azpimarratu du.

 

"Sexu-erasoak gure egunerokoaren parte dira, bazter guztietan daude", ohartarazi du Sáezek, eta gogorarazi du Nafarroak “foru lege bikain bat" egin duela "emakumeenganako indarkeriaren kontra jarduteko, eta ekintza plan on bat”. Hala eta guztiz ere, deitoratu egin du "foru mailako daturik ez egotea mota guztietako sexu-indarkeriari buruz".

 

Ana San Martínek (UPN talde parlamentarioa) garrantzizkotzat jo du arlo horretan lan egitea, aurrera segitzea sexu-indarkeria ezabatzeko egungo legearen esparruan, hobekuntzak eginez.

 

Virginia Alemánek (Geroa Bai talde parlamentarioa) baieztatu du gizarteari kontzientzia harraraztea eta berdintasunean heztea giltzarri direla, eta Gobernuak onetsitako ekintza plana defendatu du, aurrera egiteko bide gisa.

 

Bakartxo Ruizen (EH Bildu talde parlamentarioa) iritziz, aurrera egin da arlo horretan, Nafarroako Berdintasunerako Institutua "ongi ari da lanean" eta ahalegina egiten ari da aurreko legegintzaldiko murrizketei buelta emateko, nahiz eta baliabideak oraindik ere urriak diren.

 

Nuria Medina (PSN) bat etorri da aurrera egin dela esatean, baina, beraren uztez, "sexu-indarkeriaren adierazpen guztiak agerian jarri eta aitortzea falta da". Giltzarritzat jo ditu prebentzioa eta biktimentzako arreta, eta "benetako hezkidetza plan bat" eskatu du.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) nabarmendu du biktima guztiak defendatzeko neurriak ezarri beharra dagoela, eta sexu-indarkeriaren iturriei ekitearen garrantzia azpimarratu du.

 

Eledunek salatu egin dute emakumeei beren burua defendatzen irakatsi izan zaiela beti, baina ez dela hainbesteko ahaleginik egin gizonei ez erasotzen irakasteko.