Hezkuntza Batzordea Salestarrak Ikastetxe Bateratu Politeknikoan egon da bisitan
Ikastetxeak LH duala industria-inguruneari egokitzeko beharra planteatu du; laguntza handiagoa eskatu du oinarrizko LHrako, eta Elektromedikuntzak eta Inprimaketa Funtzionalak izan duten arrakasta azpimarratu du
Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordea bisitan egon da gaur, PPNko foru parlamentarien elkartearen ekimenez, Salestarrak Ikastetxe Bateratu Politeknikoan. Hezkuntza komunitate hori 1927an sortu zen, eta gaur egun 900 ikasle inguru dauzka irakaskuntza arautuetan (LH, DBH, Batxilergoa), bai eta beste 350 ere lanerako prestakuntza jarraituan.
Honako hauek dira bertaratu diren batzordekideak: Alberto Catalán, Iñaki Iriarte (UPN talde parlamentarioa), Rafa Eraso (Geroa Bai), Esther Korres (EH Bildu talde parlamentarioa), Tere Sáez, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Conchi Ruiz (PSN) eta Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea).
Salestarren zuzendari Jorge Lanchasek eta LHko ikasketaburu Txema Zuzak hartu dute Parlamentuko ordezkaritza.
Bisitaren helburua izan da, aitzinsolas moduan Javier Garcíak zehaztu duen bezala, “bilera bat egitea zuzendaritzaren eta irakasleen taldearekin, ikastetxearen hezkuntza-proiektua sakontasunez ezagutzeko; izan ere, laneratze-maila oso-oso handia da ikastetxearen bereizgarrietako bat ”.
Ondoren, bilera bat egin da Jorge Lanchasekin. Azken horrek ikastetxearen historia azaldu du: ezarri zenetik, 1927an, 50eko hamarkadara arte Nafarroan lanbide heziketa eskaintzen zuen bakarra zen, beti “enpresa-munduarekin estu lotua”; gaur egun, izan ere, mundu horretan “Salestarren antzinako ikasle ugari dago”.
Zuzendariak aipatu du “era askotako ikasleak daudela (29 naziotakoak; 214 ikasle daude hezkuntza premia bereziekin, eta 145 egoera soziokultural txarrekoak dira edo ikastetxean berandu sartu direnak)”; eta “ibilbide berezituak” daudela, eta horiexek direla “prestakuntza bateratuan” eta “orientazio akademiko eta profesionalean oinarritako inspirazio kristauko” hezkuntza baten bereizgarriak.
Aralar kaleko egoitzetan 90 urte eman ondoren eta Sarrigurenera leku aldatzearen zain —bertan asmoa dute “goi mailako teknologiako tailer batzuk eta LH eskaini ahal izateko beste 50 edo 100 urtez”—, Lanchasek nabarmendu du Salestarrek etengabeko ahaleginak egiten dituztela hezkuntzaren esparruan berrikuntzak egiten jarraitzeko.
Horri dagokionez, zuzendariak gogoratu du zenbateko arrakasta izan duen Elektromedikuntza ikasketak, zeinaren lehenengo promozioa 2013an graduatu baitzen. “Nafarroako lehen ikastetxea gara moduluen araberako prestakuntza espezializatu hori ematen duena, eta aldez aurretik esan dezakegu merkatuan irtenbide ona duela. Ospitale eta zentro medikoetako aparatuen mantentzeaz arduratzen diren pertsonei ematen diegu lanerako ziurtagiria, baina gure ideia da erdi mailako eta goi mailako graduak eskaintzea, ezartzen direnean”.
Testuinguru horretan, Jorge Lanchasek Navarra Functional Print delakoa aipatu du, inprimaketa funtzionaleko kluster bat, zeina 2014an sortu baitzuten Ikerketa Teknologikoko Zentroarekin eta Teknologietako Diziplina anitzeko Zentroarekin (Cemitec) batera, “arte grafikoen sektorerako negozio-ildo berriak aztertzeko”.
“Europa mailako laugarren edo bosgarren kluster onena dela jotzen da, eta onarpen izugarri ona dauka; izan ere, gure proiektuak mundu osoan aurkeztu izan dira. Liburuen eta aldizkarien edizio konbentzionala jada ez da negozioa; hortik heldu da esparru honen potentzial izugarri handia. Oso pozik gaude emaitzekin”, nabarmendu du Salestarren zuzendariak.
Era berean, Lanchasek LH dualean hobekuntzak egitera bideratutako ekimen berrien berri eman du, “Alemaniako lanbide heziketarako sistema dual arrakastatsua bertatik bertara aztertu ondoren; izan ere, sistema hori oso desberdina da Nafarroan 2013/14 ikasturtean hasi zen LH dualaren sistematik”.
“Erronka da LH duala gure industria-inguruneari egokitzea, eta hori presaz egin beharreko zerbait da, eta horretarako ikasketak hiru urtetan programatu behar dira, ez bitan. Gure ikasleetatik ia guztiei bilatzen diegu lantokia, eta praktikak bigarren mailako azken bi hiruhilekoetan egiten dituzte. Alemanian, ordea, —jarraitzen du Lanchasek— diru guztia Merkataritza Ganberetatik dator; ikasleek lehenengo mailatik egiten dituzte ordainpeko praktikak, eta hirugarren mailarako —jada lanaldi osoa dutela— produktiboak dira, eta orduan hasten dira lantegiak itzulkinak hartzen ordura arte irakasle tituludunen ikuskapenarekin aritu diren gure ikasleen lanetik”.
Bestetik, Salestarren zuzendariak parlamentariei helarazi die Oinarrizko LHk irakasleen eta orientatzaileen gero eta behar handiagoak sortzen dituela, ikasleen profil konplexua dela eta. Lanaldi osoa duten irakasleek irakastordu gutxiago eduki beharko lituzkete, zeren eta errekuperatu behar baitira behar bezala lan egin ahal izateko. Bestetik, orientatzaileek lan guztiari ezin aurre eginez aritzen dira. Motibazioaren eta kontrolaren arloetan lan izugarria dago. Erronka da ikasleak kalera atera eta haiei gaikuntza ematea”.
Adierazitakoaren ildotik, Jorge Lanchasek talde berezi baten aipamena egin du (antzinako HLKP-B): minusbaliotasun fisiko edo mentalen bat duten ikasleei zuzenduta dago, eta arte grafikoen arloan lan egiten du; bertan, “pena merezi duen beste lan interesgarri bat dago”.
Etorkizuneko proiektu batzuk laburki aipatu ondoren —online modulu edo zikloren bat abian jartzea, edo ingelesa sartzea ikasgai hori ez duten erdi mailako graduetan, edo praktikak nazioartekotzea— Jorge Lanchasek eskerrak eman ditu Parlamentuko Hezkuntza batzordeek urteetan Salestarrei egin izan dieten “aitortza”rengatik.
UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta PPNko eledunek Salestarren ekarpenak azpimarratu dituzte, batez ere “Nafarroaren abiatze eta garapen industrialari dagozkionak”.
Topaketaren amaieran, zuzendaritza-taldeak parlamentariak Salestarren egoitzak eta tailerrak ezagutzera eraman dituzte.