Hezkuntza Departamentuak “hobekuntzak” ikusten ditu eskolatze-prozesuan, “aski ez badira ere”
I-Eren interpelazio bati erantzunez, non eskola “demokratiko, askotariko eta inklusibo” baterantz aurrerapausoak emateko eskatzen baita, “eredu klasista eta diskriminatzailean murgilduta urte asko egin ondoren”
José Luis Mendoza Hezkuntzako kontseilaria eskolatze-prozesuan egin diren aldaketen alde mintzatu da gaur. Sarbidearen "gardentasuna, eraginkortasuna eta efizientzia" bermatze aldera "hobekuntzak" egin direla esan du, nahiz eta aski ez direla aitortu.
"Ez dira aski, zuzendu beharreko egoera genuelako eta ezin delako dena kolpean egin. Prozesu horretan ari gara", adierazi du, unibertsitatez kanpoko irakaskuntza-mailetako hezkuntza baliabideen antolamendua dela-eta Izquierda-Ezkerrak Hezkuntza Departamentuaren politika orokorrari buruz egin duen jabeldurari erantzunez.
Departamentuan aurrerapausoak eman direla aitortu arren, De Simónek esan du "asko" dagoela egiteko, eta "inor sobran egonen ez den eskola-eredu demokratiko, askotariko eta inklusiboa" aldarrikatu du.
Nafarroan, "tamalez urte luzeetan, eskola klasista sustatu da eskola demokratikoaren kaltetan, diskriminatzen duen eskola, batzen duen eskolaren kaltetan", deitoratu du.
Marisa de Simónek ikasleak onartzeko araudiaz, eskola-eraikuntzei buruzko politikaz eta itunen politikaz galdetu du. Politika hori berrikusi beharra dagoela iritzi dio, eta erantsi du bere taldea ez dagoela ados ikasleak hizkuntza-ereduaren arabera bereiztearekin.
Kontseilariak azaldu duenez, ikasleak onartzeko prozedurak arautzen dituen foru aginduaren bidez —zeinak etxetik ikastetxerainoko distantzia lineala ezartzen baitu irizpide osagarri bakartzat— ez dute araudia goitik behera berritzeko asmorik izan.
Egin dutena izan da, "lehendik badugun araudia baliaraziz, aldaketak egitea eskolatze prozesuaren hobekuntzara bideratutako gaietan", familiek hautatzeko duten askatasuna eta ikasleentzako aukera-berdintasuna uztartuz.
Horren harira, ikastetxea ikaslearen etxetik hurbil egotea lehenesten duen irizpidea azpimarratu ondoren, adierazi du errenta-datuak erkatzen direla Ogasun Departamentuarekin batera, behar izanez gero, errenta txikiarengatiko puntua eman daitekeen ikusteko, aukera-berdintasuna bermatzearren.
Erantsi du Toki Administrazioaren mapa berria noiz amaituko zain daudela beharrezkoak diren aldaketei ekiteko, eta eraikuntzei dagokienez adierazi du azpiegitura-plan batek zehazten duela zein diren inbertsio garrantzitsuenak.
"Higiezin multzoaren egoera eskasa ikusita", plan horretan, kontseilariak zehaztu duenez, hiru kontu-sail garrantzitsu ezarri dira, estalkiak, kanpoaldeko arotz-lanak eta galdarak berritzekoak, eta osagarri gisa prebentziorako eta zuzenketarako jarduketak eginen dira, aurreko legegintzaldian baino kontu-sail handiagoekin.
Itunak direla-eta, kontseilariak esan du UPNko lehengo Gobernua "hitzarmenak sinatzen" aritu zela, tartean ikasleak sexuaren arabera bereizten dituztenak. Itun gehiago egiteko asmorik ez dutela adierazi du, eta oraingo hitzarmenak preskribatzen direnean aztertu eginen dituztela.
LOMCE derogatzearen alde agertu da Mendoza, eta Kongresuan ordezkaritza duten taldeak horretarako lanean hastera animatu ditu.
Alberto Catalánek (UPN parlamentu-taldea) honako hau nabarmendu du: "Hezkuntza Departamentuaren politika alderdikoia da Nafarroako hezkuntzak gutxien behar duena. Nafarroako hezkuntzaren errealitatea aitortzera gonbidatzen zaituztet, eta aurreko Gobernuari buruzko kritikak gaitzesten ditut”.
Isabel Aramburuk (Geroa Bai parlamentu-taldea) ongi iritzi die araudian egindako aldaketei eta azpiegituretako inbertsioei. Ondoren Miren Aranoak (EH Bildu parlamentu-taldea) baieztatu du lanean jarraitu behar dela, zer aldatu behar den aztertuz, harik eta ikasle guztiei bermatu arte beren ingurune hurbilean kalitate goreneko hezkuntza zentroa izatea, nonahi bizi direla ere.
Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) ere aitortu egin du aurrerapausoak eman direla, eta hezkuntza sistemari eskatu dio "sarrera-berdintasuna eta kalitatezko irakaskuntza guztientzat".
Carlos Gimenok (PSN parlamentu-taldea) "nazionalista usaineko" hezkuntza politika salatu du, eta "Gobernu honek darabilen onarpen prozesua zuzentzeko lege-proposamen bat" eskatu dio I-Eri, "aurreko Gobernuarena bezala hau ere gaizki baitago".
Javier Garcíak (PPNko foru parlamentarien elkartea) adierazi du arazoak ez direla zuzenduko LOMCE indargabetuz, "Hezkuntzako arduradun gorena kargutik kenduz" baizik.