Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 7

Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Legea onetsi da

Prebentzioaren, berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldeko apustua nabarmendu dute eta 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera derrigorrezkoa izango da etxeetako eta merkataritzako hondakinen zati organikoaren gaikako bilketa

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Hondakinei eta haien fiskalitateari buruzko Foru Legea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin.

 

Gobernuak aurkeztu duen foru lege proiektuaren xedea da hondakinen sorrerari aurrea hartzea, hondakinen kudeaketa hobetzea, ekonomia zirkularraren arloan aurrera egitea eta klima-aldaketaren aurkako borrokan sakontzea, hori guztia Nafarroako Hondakinen 2017-2027 Planarekin bat etorriz, horrela, Foru Komunitateak dituen eskumenen esparruan, Europako araudian ezarritako helmugetara iristeko.

 

Xede horri begira beharrezkoak diren antolaketa-neurriak eta tresnak zehazten ditu lege proiektuak, hondakinen sorreraren prebentzioari eta hondakinen kudeaketa egokiari ekiteko. Hala, hondakinen sorrera murrizteko eta hondakinak berrerabileraren eta birziklapenaren bidez aprobetxatzeko pizgarriak ezartzen ditu, hondakinak errausteko edo hondakindegietan ezabatzeko pizgarriak kentzen ditu, eta azken bi praktika horien gaineko zergaren araubide juridikoa ezartzen du.

 

Proiektuaren asmo nagusien artean hauek ere aipa daitezke: degradaturik gelditu diren espazioak berpiztea eta lurzoruak deskontaminatzea, Nafarroako administrazio publikoen eskumen eta antolaketa araubidea ezartzea, eta Administrazioaren eta toki entitateen arteko koordinazio egokia bermatzea etxeko hondakinak eta merkataritzako hondakinak kudeatzeko, hala garraioari eta tratamenduari dagokienez, nola materialak berreskuratzeari begira.

 

Hondakinen 2017ko Planean jada berariazko prebentzio programa bat jaso zen hondakinen hierarkiaren piramidea alderantzikatzeko eta hondakinen ezabatzeari prebentzioa nagusitu dakiola lortzeko. Gidalerro horri eutsiz, lege proiektuak IV. tituluan zehatz azaltzen du prebentziorako eta kudeaketarako zer neurri jarriko diren abian: Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Sustatzeko Bulegoa, erosketa publiko berdea, etxeko eta merkataritzako hondakinetako materia organikoaren gaikako bilketa, eta berrerabilerarako eta birziklapenerako prestaketa. Gainera, plastikozko poltsen erabilera eta erabili eta botatzeko baxeraren salmenta arautzen ditu, ontzien sorrera prebenitzeko neurriak ezartzen ditu, eta jarraibideak ematen ditu beste kudeaketa sistema batzuetarako eta ikuskizun publikoetarako. Sentsibilizazio, laguntza eta informazio kanpainak ere aipatzen ditu.

 

Lege honek etxeetako eta merkataritzako hondakinen zati organikoaren gaikako bilketa jasotzen du, eta derrigorrezkoa bihurtzen du 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera Nafarroako biztanle guztientzat. Helburua da 2020an hondakinen pisuaren %50 konposterako edo biometizaziorako erabiltzea, eta 2027an %70.

 

Gaika biltzen den zati organikoaren material desegokiak pisuaren %20 baino gehiago ezingo dira izan 2020an, %15 2022an eta %10 2027an.

 

Arauak aurreikusten du 2027ko urtarrilaren 1ean etxeetako eta merkataritzako hondakinen zati organikoak ez duela %25 gaindituko eta urte horren bukaeran berrerabiltzeko eta birziklatzeko hondakinak pisuaren %75 baino gehiago izango direla.

 

Plastikozko poltsei dagokienez eta Frantzia bezalako herrialdeetako erabilera ikusita, 2020 urteko urtarrilaren 1etik aurrera debeku orokor bat proposatzen da. Izan ere, frogatu da poltsetan material birziklatua sartzeak “ez duela saihesten produktu horiek ingurumenerako eta kudeaketa dela-eta sortzen duten kaltea”, eta badaudela erresistentzia duten produktu biodegradagarri edo konposta egiteko modukoak (paperezko poltsa). Debekuak ere bere gain hartzen ditu erabilera bakarreko baxeraren eta dosi bakarretan edo erabilera bakarreko kapsuletan ontziratutako produktuen salmenta, hondakin horien bolumen handi bat sortzen delako, “gaur egun inongo tratamendurik ez duena”. Horrez gain, debekatuta egonen da erabili eta botatzeko diren plastikozko plater, edalontzi, kikara eta erretiluak saltzea, ontziei eta ontzien hondakinei buruzko 94/62/EK Zuzentarauaren aplikazio eremuan sartzen ez direnak, salbu eta material biodegradagarriarekin egin direnak.

 

Aurreikusitako aldi iragankorraz gain, ezartzen da 2018ko uztailaren 1etik aurrera, debekatuta egongo dela kontsumitzaileei plastikozko poltsak doan ematea, baita on line modalitatean ere bai. Salbuespen gisa poltsa oso arinak (15 mikratik beherako lodiera dutenak) erabili ahalko dira. Merkatariek plastikozko poltsen kobrantzarekin irabazitako etekinak ingurumenerako ekintzetan erabili beharko dituzte, ez dadin izan etekin gehigarri bat banaketa-enpresentzat, eta urtero dagokion departamentuari honi buruzko informazioa igorri beharko diote.

 

Nafarroako Hondakinen Erakunde Publikoa toki entitateek eta Foru Komunitateko Administrazioak osatuko dute, eta bere eginkizunak betetzeko “egokien den” izaera juridikoa hartuko du. Bermatu eginen da erabakiak hartzen dituen organoan eskumeneko toki entitateek dutela “gehiengoa”. Aholkularitza- eta koordinazio-eginkizunak Erakundeak beteko ditu, bere zerbitzuen zorroaren bitartez.

 

Hurrengo sei hilabeteetan zehaztuko da erakunde horren forma juridikoa, eta epe berean deseginen da egungo Partzuergoa. Zergaren kudeaketa, funtsen banaketarako derrigorrezko kontsulta eta aholkularitza eta koordinazio eginkizunak burutuko ditu Erakundeak.

 

Administrazio Publikoen konpromisoetako bat da planifikatzea zer egin euren instalazioetan sortzen diren hondakinekin. Hala, prebentzioaren alde, hondakinen kudeaketarako planak burutzea sustatuko da, eta arreta berezia jarriko da gaika bildutako hondakinen erabilera egokia izan dadin. Onetsitako planen eredu eraginkorrak sustatzea da helburua, betebeharra eta honen ardura eurei dagokiela argi uzteko.

 

Testuinguru horretan, aurreikusten da ostalaritza lokalek beti txorrotako ura edateko aukera eskaini behar dietela bezeroei, doan eta establezimenduaren eskaintzaren osagarritzat.

 

Zehazki, ostalaritzari lotutako erabilitako ontzi jakin batzuk berrerabiltzeari eta edari batzuei buruzko gutxieneko helburuak finkatuko ditu 2028rako, eta esaterako, ur ontziratuen % 40 berrerabili beharko da, garagardo ontzien % 80 eta freskagarri ontzien %70. Ehunekoa %15era jaisten da Horeca sektoreaz (hotelak, jatetxeak eta catering enpresak) bestelako kontsumo-bideetan erabilitako ontziei dagokionez.

 

Gordailu, itzulketa eta itzulera sistema osagarri gisa ezartzen da honako kasu hauetako batean edo batzuetan: balorizazio edo deuseztapen zaileko hondakinen kasuan, daukaten arriskugarritasuna dela eta, kudeaketa-helburuak betetzen ez direnean edo ingurumenaren babesaren arrazoiengatik.

 

Bestalde, obra kontratuen exekuziorako pliego orokor eta partikularretan ezarriko dira erabili beharreko birziklatutako materialen kopuruak, eta hau guztia proiektuetan dokumentuekin batera justifikatu beharko da.

 

Fiskalitateari dagokionez, hondakinen arloko politika berriaren finantzaketa bermatze aldera, hondakinak erraustearen eta hondakindegietan ezabatzearen gaineko zerga ezartzen du proiektuak. Helburua da hondakinen prebentzioa, berrerabilerarako prestakuntza eta birziklapena sustatzea, eta, orobat, hondakindegietako ezabaketak eta errausketak egiteko pizgarriak kentzea. Fiskalitate hori ezartzen da hondakinen kontrolaren, ebaluazioaren eta kudeaketaren jasangarritasuna bermatzeko eta diruzko penalizazioak jartzeko, sortzen diren hondakinen arabera.

 

Helburu horrekin, zerga motak tonako 5 eurokoak izango dira 2018ko ekitaldian eta 10 eurokoak 2019an, eta 2020ko urtarriletik aurrera 20 eurokoak.

 

Hondakin industrial ez-arriskutsuen isurketaren zergapetzearen tasa (20 €/t) eta inerteena (1 €/t) kontuan hartuta, hondakinen hierarkian gora egitea lortzeko pizgarri gisa, eta hondakin ez-arriskutsuen zergapetzea teknikoki zein ekonomikoki bideraezin ikusten duten prozesu industrial finkatu eta onduetako kutsatzaileak gutxitzeko zailtasunaren aurrean, jotzen da tarteko tasa bat ezar daitekeela, 5 €/t-koa, lixibatze apaleko parametroetan dauden baina hondakin inerteen mugetara iristen ez diren matrize mineraleko hondakin industrial ez-arriskutsuetarako.

 

Zerga horren bidez lortzen diren diru-sarrerak aurrekontuetako gastu partida berariazko batera joanen dira, Hondakinen Funtsa izenekora, eta lege proiektuan aurreikusitako helburuetarako baizik ez dira erabiliko: besteak beste, prebentzioaren arloko sentsibilizazio eta ikerketa ekintzetarako, gaikako bilketa eta garraio sistemen hobekuntzarako, andeatutako eremuak eta kutsatutako lurzoruak berreskuratzeko, eta berrerabilerarako prestatzeko jarduketetarako.

 

Noizbait desagertu beharreko zerga da, zaborrak hondakindegietan ezabatzeagatik ordaintzen baita. Mankomunitate batek zenbat eta zabor gutxiago eraman hondakindegira, orduan eta gutxiago ordainduko dute mankomunitateko herritarrek.

 

Ingurumen esparruan, dagokion departamentuak urtero Hondakinen Funtsaren aurrekontu-saila banatuko du, eta lehentasuna izango dute helburuen betetze emaitza onena duten entitateek, Nafarroako Hondakinen Entitate Publikoari galdegin ondoren.

 

Lege honetan ezartzen diren helburuen betetzea baldintzatzen dute Ingurumen Departamentuaren giza eta baliabide materialek, hartu beharreko neurrien analisi, kontrol eta jarraipenari dagokionez, fiskalitateari dagokionez, eta hondakinen kudeaketa eta prebentzio lanak era egokian garatzeari dagokionez.

 

Baliabideak eskaintzea Gobernuari dagokio, eta bi urtetan, ikasketa teknikoetatik eta esperientzia pilotoetatik ateratako ondorioen inguruko kontuak eman beharko ditu, gordailu, itzulketa eta itzulera sistema berri osagarrien ezarpen posible baterantz aurre egiteko.

 

Hondakin kudeaketa azpiegiturak dituzten udalerriei kalte-ordain bat ematea adostu da, gainerako toki entitateekin alderatuz jasaten duten ingurumen karka eta karga sozial gehigarria arindu asmoz.

 

Legea indarrean sartu eta urtebeteko buruan, azterlan bat eginen da beren ezaugarri fisikoengatik eta lixibatze-ezaugarriengatik erauzte-jarduerek andeatutako espazioak lehengoratzeko –ingurumenari eta pertsonei hondeatutako lurren eta harrien erabileraz beste arrisku gehigarririk eragin gabe– erabil daitezkeen hondakin mineralen erabileraren bideragarritasun teknikoari eta ingurumen-bideragarritasunari buruz. Eraikuntza- eta eraiste-obretako hondakinak sortu zirenez beste betelan- eta obra-operazioetan nola erabili arautzen da, obren exekuzio zorrotzerako beharrezkoak diren hondeatzeen soberakin gisa sortzen diren material naturalak badira, arriskutsuak ez direnak eta kutsatu gabe daudenak; esate baterako, lurrak, buztinak, lohiak, hareak, legarrak edo harriak.

 

Azkenik, 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera, tresna fiskal berriak gaituko dira, deuseztatzeko edo errausteko azpiegituretara bideratutako etxeko hondakinen garraioa proportzionaltasunez zergapetze aldera.

 

2015 urteko datuek diotenez, Nafarroan etxeetako eta merkataritzako hondakinen 266.530 tona jaso ziren, hau da, eguneko eta pertsonako 1,14 kg. Kopuru horren %33 soilik jaso zen gaika, eta Exekutiboak datorren hamarkadarako finkatu duen erronka bildutako hondakinen %70 gaika jasotzea da.

 

Nafarroak edukiontzien, kartoi eta beiraren birziklapen tasa altua duen arren, materia organikoa etxeetan bereiztea ez da oraindik errotu. Gehiengoa lortze bidean, Nafarroako Hondakinen Planak jasotzen du 2017 eta 2018 urteetan materia organikoaren jasotzea Foru Erkidegoko leku guztietara zabaltzeko helburua, Mankomunitate bakoitzak erabakitzen duen sistemari jarraiki.

 

Osoko Bilkuran gauzatutako eztabaidan izaera teknikoa duten lau in voce zuzenketa gehitu dira. UPN eta PPNk aurkako botoa eman dute eta Podemos-Ahal Duguk, Geroa Bai, EH Bildu, PSN eta I-Erekin batera beste hirurak babestu dituen arren, azkenekoan abstenitu egin da.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Foru lege proiektua (157. NPAO, 2017-12-22koa)

• Osoko zuzenketak (25. NPAO, 2018-02-27koa)