Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroak 15

Ikastetxe publikoetan nahiz itunduetan eskolatzea arautzen duen foru lege proposamena ez da aintzat hartu

Zenbait aldaketa planteatzen zituen, ikastetxearen aukeraketa, gelako ikasle kopuruaren jaitsiera eta laguntzaren beharra duten ikasleen banaketa hobea

Gaurko osoko bilkuran, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PPN eta I-Eren aurkako botoekin eta PSNren aldeko botoekin, Nafarroako Parlamentuak ez du onetsi Ikastetxe publikoetan nahiz itunduetan Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasketetan eskolatzea arautzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatutako foru lege proposamen horren xedea zen arau guztiak lege bakar batean biltzea, zeinak, eskolatzeari buruz indarrean dagoen araudiari funtsean jarraipena emanda, zenbait aldaketa ezartzen baititzituen ikastetxearen aukeraketari, ikasgelako ratioei eta laguntzaren beharra duten ikasleen banaketari dagokienez.

 

Hezkuntza-sisteman sartzeko baldintzak direla eta, sozialisten proposamenak zioen ikastetxearen hurbiltasun lineala izan behar zela “ikasleak onartzeko irizpide osagarri bakarra”, ohiko bizilekuaren ingurunean matrikulatu daitezen errazteko.

 

Nolanahi ere, laneko helbidea inskripziorako printzipiotzat hartzeari utzi gabe, “familiek ikastetxea hautatzeko askatasuna ikasle guztiek berdintasun baldintzetan eskolatu eta kalitatezko hezkuntza jasotzearekin” uztartu nahi zen.

 

“Ikasgela bakoitzeko ikasle-ratioak pixkanaka gutxitzea” errazteari dagokionez, araubide orokorreko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan “irakaskuntza jasangarria eta kalitatezkoa” lehenesten zen, “betiere, aintzat hartuta Administrazioak eta erakunde sindikalek lortutako akordioak”.

 

Eta laguntzaren beharra duten ikasleen banaketari dagokionez, “banaketa egokia eta orekatua” eskatzen zen, “hezkuntzaren kalitatea, kohesio soziala eta aukeren berdintasuna segurtatzeko”.

 

Azkenik, “hezkuntza-sistemarako sarbidean ahal diren gardentasun, eraginkortasun eta efizientzia handienak” lortze aldera, eskolatze batzordeen protagonismoa berreskuratu nahi zen, batzordekideek modu aktiboagoan parte har dezaten Administrazioaren erabakietan.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek arrazoi ekonomikoak eta edukiaren ingurukoak argudiatu dituzte PSNren lege proposamena aintzat hartzeari uko egitea justifikatzeko.

 

Alde batetik, argudiatu dute ratioa jaitsi egin dela jada “2016-2017 ikasturtean sare publikoan eta 2018-2019 ikasturtean sare itunduan”. Gainera, Aniztasunari Erantzuteko Planean jasotako neurriak aipatu dituzte: “neurriak hartzen ari dira ratioa beharretara egokitzen joateko, baita hezkuntza-laguntzaren beharra duten ikasleen banaketari dagokionez ere”.

 

Bestalde, aipatu dute Lege proposamenak biltzen dituen neurriek aurrekontu igoera bat suposatuko luketela, ratioaren jaitsierak irakasle kopurua areagotzea eskatzen baitu, baita zaintzaile kopurua eta ikastetxeetan lan egiten duten gainerako langileen kopurua ere.