Indargabetu egin da Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko 2/1997 Foru Legea
Laguntzak arautzeko esparru askoz malguago eta eraginkorragoa ezarri delako Diru-laguntzei buruzko Foru Legean
Parlamentuaren Osoko Bilkurak Jarduera ekonomikoetako poligonoak herrietan sustatzeko laguntzei buruzko 2/1997 Foru Legea indargabetzen duen araua onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin.
Bazter utzi da ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergaren kuotaren % 95eko hobariari dagokiona, toki erakundeei lurrak eskualdatzen zaizkienean toki eremuko jarduera ekonomikoetarako poligonoak sortzeko. Eta toki entitateek enpresei eskualdaketak egiten dizkietenean poligono horietan koka daitezen.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeek sinatutako in voce zuzenketa baten bitartez erantsitako aurreikuspen hori talde guztien oniritziarekin jaso da legean.
Zioen azalpenean, Gobernuak adierazten du ez dela jada “hain tresna eraginkorra” enpresei kokalekua emateko sortu zen arau hori, Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergaren kuotaren hobaria ere eskaintzen zuena, eta gaur egun Diru-laguntzei buruzko 11/2005 Foru Legeak hartu diola lekua, berak ezartzen baitu toki eremuko industrialdeetarako laguntzen arau-esparrua.
Gainera, laguntzak lege mailakoa ez den xedapen baten bidez antolatzea egokiagoa dela argudiatzen da, “unean-unean aukera emanen baitu malgutasunez ezartzeko atzemandako beharrei erantzuteko behar diren laguntza neurriak”.
Gaur egun industrialde urbanizatuetako lurzoru eskaintza nahikoa dela eransten da, baina 2/1997 Legeak ahalbidetzen ez zuen malgutasun horrekin “enpresen eskariari erantzuteko egokia ere” izanen dela.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (19. NPAO, 2017-01-27koa)