Iruñerriko Mankomunitateak ematen duen zerbitzua aitortu du Parlamentuak
UPNk eskatu du ez dadila azkendu Iruñerriko Mankomunitatea, Nafarroako Gobernuak toki-maparen erreforma dela-eta aurreikusten duen bezala, baina eskaerak ez du aurrera egin
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen ebazpen batean, Legebiltzarrak “Iruñeko Mankomunitatea sortu izanaren egokitasuna aitortzen du, eta orobat aitortzen du erabiltzaile guztiei ematen dien zerbitzua”. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, PPN eta I-Ek aldeko botoa eman dute eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin da.
Onetsitako ebazpenak bazuen bigarren puntu bat, baina ez da onetsi. Puntu horretan bazter uzten zen “Iruñerriko Mankomunitatearen azkentzea”, eta hura mantentzearen alde apustu egiten zen, “haren esparruan bizi diren pertsona guztiei berdintasun-baldintzetan kalitatezko zerbitzuak bermatzen dizkien entitate gisa”. UPNren eta PPNren babesa ez da aski izan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu baitute, eta PSN abstenitu.
UPN talde parlamentarioak sustatu du ebazpen hori. Zioen azalpenean eztabaidan jartzen da “Nafarroako Gobernuak erabaki izana Iruñerriko Mankomunitatea azkentzea, toki-maparen erreforma dela-eta”. Horri dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateko teknikariek egindako txosten baten arabera aurreikuspen hori ez dagoela “teknikoki funtsatuta” adierazten da, beste arrazoi batzuen artean, ez delako frogatu “haren titulartasuneko zerbitzuak ematen jarraitzeko ezintasunik”.
Horren harira, proposatzaileak Iruñerriko Mankomunitatearen ibilbidearen azalpena egiten du. Erakundea 1982an sortu zen, uraren arazoari irtenbide bat bilatzeko. “Ur-hornidurako zerbitzu integrala eta bikaina eman du, eta beste batzuk gehitu zaizkio, esaterako, hiri-hondakinen bilketa, tratamendua, balorizazioa eta kudeaketa, edo 17 udalerri hiriburuaren erdialdearekin lotzen dituen garraio sarea”.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (46. NPAO, 2017-03-17koa)