Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Azaroak 8

Izapidetzeko onartu da 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua

Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 16an amaituko da, eta abenduaren 21an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 4.157.610.426 eurokoa da; kopuru horretatik 3.883.280.219 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 274.330.207 euro, finantza-gastuari.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 4,07 igo da 2017ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 3.731,45 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 151,82 milioiko aldea dago.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, 2018rako Nafarroako Aurrekontuak Parlamentuan izapidetzeko egutegia onetsi dute gaur.

 

Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —bihar bertan argitaratuko da, azaroak 9—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek azaroaren 16ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta azaroaren 22ko 12:00etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.

 

Azaroaren 23an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, abenduaren 11tik 15era bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean.

 

Azkenik, abenduaren 21ean Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordeak 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proposamenaren gainean emandako irizpena.

 

2018rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua iragan asteartean sartu da Legebiltzarrean, azaroaren 7an. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, bere langela ofizialean hartu zuen Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin zion.