Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Apirilak 4

Kongresuak aintzat hartu du Nafarroako Parlamentuaren lege proposamena

GIBa eta beste gaixotasun “bazterketa-eragile” batzuk dituzten pertsonak zenbait prestazio eta zerbitzu eskuratzeko garaian diskriminatzen dituzten klausula guztiak abolitzeko prest agertu dira sigla nagusiak

Diputatuen Kongresuan Sergio Sayasek (UPN), Koldo Martínezek (Geroa Bai) eta Nuria Medinak (PSN) arrakastaz defendatu dute Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina, 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia, aldatzen duen Lege proposamena, eta Kongresuak proposamen hori aintzat hartzea onartu du.

 

Eztabaidan eledunek hartu dituzten jarrerak ikusita, lege-proposamena aintzat hartuko da (ostegunean eginen dira bozketak), gutxienez ere, PP, PSN, Podemos, Ciudadanos, Esquerra Republicana, EAJ, EH Bildu eta UPNren babesarekin.

 

2014ko maiatzaren 6an (eta lehenago, 2011n) PPk proposamena izapidetzea eragotzi zuen bere gehiengo osoa baliatuz, baina oraingoan irizpena eginen da Batzordean, eta gero lege proposamena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak bultzatutako legearen xedea da “deusez eta eraginkortasunik gabekotzat” jotzea edozein pertsona “GIB/HIESa edukitzeagatik edo seropositiboa izateagatik” zenbait prestazio edo zerbitzu eskuratzeko garaian “diskriminatzen edo baztertzen” duten klausulak, Konstituzioan jasotako eskubideen eta batez ere “berdintasunerako” eskubidearen erabilera eragozten dutelakoan.

 

Proposamenean Espainiako Gobernuari urtebeteko epea ezartzen zaio lege proiektu bat egiteko, zeinaren bidez ezarriko baita foru legean jasotako printzipioen aplikazioa hedatu behar dela “harreman juridikoetan ondorio baztertzaile berak” ekar ditzaketen beste gaixotasun batzuetara.

 

Nafarroako Parlamentuak (PPNren abstentzioarekin) joan zen urtarrilaren 19an onetsitako ekimen horren alde Sergio Sayas UPNko eleduna mintzatu da lehenik. “Hesiak kentzera, bazterkeriaren eta estigmatizazioaren zantzu oro ordenamendu juridikotik erauztera bideratutako lege batez ari gara. Helburua da, azken batean, hainbat eta hainbat pertsonaren bizimodua hobetzea, berdintasun printzipioa eraginkor eta egiazko bihurtuz”, adierazi du.

 

GIBa dutenek “mundu zibilaren arloan, kontratuen arloan” jasan behar duten “desabantaila” berdintzeko eskatu du Sayasek. “2011n etorri ginen eta proposamena baztertu egin zen. 2014an itzuli ginen eta orduan ere ez zuen aurrera egin. Baina nafarrok tematiak gara eta kasu honetan ez dago esan beharrik helburuak merezi duela. Berez nahiko sufritzen duen jendeari bizkarrean harriak jartzeari uzteko garaia da”.

 

Koldo Martínezek (Geroa Bai) salatu egin du “GIBa duten pertsonek behin eta berriz, baita aseguru pribatuak edo osasun aseguruak egiterakoan ere”, bereizkeriazko egoerak jasan behar dituztela, eta ordenamendu juridikoan aldarrikatzen den “aukera berdintasuna” zalantzan jarri du. “Babes mekanismo berriak eta hobeak behar ditugu bereizkeriak saihesteko, bai nahita egiten direnak, baita inertziaren, axolagabetasunaren eta aurreikuspen faltaren ondoriozkoak ere”.

 

GBko parlamentariak esan du EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren izenean ere ari zela, eta deitoratu egin du UPN eta PSNren eledun titularrak Kongresuan ez izatea. “Nahiago izan dute Iruñean gelditu Euskarari buruzko Legearen aldaketaren kontra egiteko, udalen borondatearen menpeko ariketa demokratiko hori sektarismoaren eta inposaketaren seinaletzat hartzen baitute”.

 

Nuria Medinak (PSN) lehendabizi zoriondu egin ditu gizarte mugimenduak, prebentzioaren arloan diharduten Nafarroako GKEak eta, bereziki, Sare elkartea eta Hiesaren aurkako Herri Batzordea. “Izan ere, haiek Foru Komunitateko Arartekoari helarazi dioten ekimena jaso besterik ez du egin Nafarroako Parlamentuak. Justizia sozialean aurrera egiteko haiek duten borondatea geure egiten dugu, PPk bere arrabolarekin 2013an galarazi zuena oraingoan gauzatuz; orduan agerian jarri zuen ez duela sentiberatasunik eta ez duela sinesten eskubideen berdintasunean, gauza bat baita legezkotasuna eta beste bat, guztiz bestelakoa, errealitatea”.

 

Medinak nabarmendu duenez, asmoa da “gizarteko aukerak mugatzen dituen estigma, batzuetan ikusezina, gainetik kentzea bereziki seinalatutako kolektibo bati. Tamalez, PPNren abstentzioaren ondorioz proposamen hau ez da aho batez onartu. Espero dugu PPk bere botoa aldatuko duela eta hain konpromiso eskasaren erakusgarri den abstentzio hori zuzenduko duela. Izan ere diskriminatzea berdintasun-baldintzen araberako bizikidetasuna eragoztea da, eta horrexen bila ari gara”.

 

Kontsumitzaile eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren eta beste lege osagarri batzuen testu bategina aldatzeko Lege proposamena aintzat hartzea onartu ondoren, legegintzako prozedura arruntari jarraituz, proposamena Lantaldean eta Batzordean eztabaidatuko da eta zuzenketak aurkeztu eta bozkatuko dira.

 

Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 211. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.

 

Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egin da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.

 

Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.

 

  • www.nafarroakoparlamentua.eus
  • Erkidego eta hiri autonomoen lege proposamena (BOCG. Diputatuen Kongresua, B saila, 83-1 zenbakia, 2017ko otsailaren 3koa. Espediente zenbakia: 125/000008)