Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Ekainak 9

Kultura Batzordea Leitzan izan da, eta zinema zaharra herri areto bihurtzeko proiektua ezagutu du

Proiektu estrategikoa da, 1,2 milioi eurotan baloratua dagoena, eta legezko gabeziak eta gabezia funtzionalak konpontzera bideratuta dago, sormenari eta arlo sozialari lotutako grina bideratzeko

Nafarroako Parlamentuaren Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordeak gaur bisitatu ditu, EH Bildu talde parlamentarioak hala eskatuta, Leitzako zinema zaharreko instalazioak. Udal-hornidura da, arauditik kanpo dagoena, eta bertan udalak Herri Aretoa sortu nahi du, “modu duin batean” herriak eta eskualdeak duen sormenari eta arlo sozialari lotutako grina bideratzeko.

 

Bertan egon diren Batzordeko kideak hauek izan dira: Cristina Altuna, Luis Zarraluqui, (UPN talde parlamentarioa), Consuelo Satrustegi (Geroa Bai talde parlamentarioa), Miren Aranoa (Bildu talde parlamentarioa) eta Guzmán Garmendia (PSN talde parlamentarioa).

 

Mikel Zabaletak, Leitzako alkateak, Ane Zabaletak, idazkariak, Itziar Arizmendik, arkitekto teknikoak, eta Julián Zabaletak, zinegotziak, egin diete harrera Parlamentuaren ordezkariei.

 

Miren Aranoak azaldu duenez, bisitaren helburua “Leitzako zinema zaharraren birmoldaketa-proiektua in situ ezagutzea izan da. Eraikinak hiru solairu ditu eta 50 urte baino gehiagoan, azken proiekzioa 2016an gauzatu zen arte, egitarau anitza izan zuen, eta gaur egun ere, nahiz eta eskasia larriak dituen, hainbat jarduera sozial eta kultural egiten dira bertan”.

 

Ondoren, bilera egin dute eta Mikel Zabaleta eta Itziar Arizmendik “estrategikoa” den proiektu baten xehetasunak azaldu dituzte; proiektua 1.219.114 eurotan baloratuta dago eta “ezin izanen da gauzatu Nafarroako Gobernuaren laguntzarik gabe. Gure asmoa ez da azpiegitura handiegirik egitea, bakarrik legezko gabeziei eta gabezia funtzionalei irtenbide bat eman nahi diegu, inguruko artista eta eragile sozialek dituzten beharrei erantzuna emateko”.

 

Hala, nabarmendu nahi izan du “antzeko biztanleria duten udalerrietatik (3.000 bizilagun inguru) Leitza dela bakarra erabilera anitzetarako aretorik ez duena” eta Udaleko arduradunek azpimarratu dute beharra dagoela “izaera eta komunitateko nortasuna sendotzeko, aukera berdintasunetan oinarrituz eta sormen eta kontsumo kulturalaren alorrean hain zuzen ere”. Hala, “hemen sortzen diren proiektuetan oinarrituz herria ezagutzera emateko” aukera sortuko da.

 

Zinema zaharretik zehar egin duten ibilbidean, parlamentariek hainbat alorretan dauden gabeziak egiaztatu ahal izan dituzte, besteak beste irisgarritasunari, isolamenduari, teilatuari eta segurtasunari dagokienez. Hala ere, eta nabaria den eskasia albo batera utzi gabe, eraikin horretan 111 jarduera gauzatu ziren 2015 eta 2016 artean.

 

Kultura Batzordeak positiboki baloratu du Leitzako Udalak sustatutako proiektua, eta etorkizuneko jarduketei eutsi die, hala badagokio, justifikatutzat jotzen duten ekimen baten aurrean erabakiak hartzeko.

 

Leitzako zinema zaharra herritarren ekimenez sortu zen 1956an, eta hala, jada desegokia zen parrokiaren lokala utzi zuten eta Udalak eraikin hori egitea onartu zuen. 1964an eraikina handitzeko obrak egin zituzten eta Elizaren jabego gisa erregistratu zen. Ondoren, Udalak berreskuratu zuen eta 1988an berriz ere atondu zuten. Proiektagailua zaharkitua geratu zen, formatu digitala erreproduzitu ezinik, eta emankizunen ardura zuen boluntario taldeak (azkena María Uriarte) 2016an utzi zion lanari.