Kultura Batzordeak Enneco, Haritzaren Memoria proiektua ezagutu du gaur Etxarri Aranatzen
Nafarroako Erresuma zaharraren erreferentzia historikodun zentroa izan nahi du, eta bultzatzaileek instituzioen laguntza eskatu dute euren helburuak ezagutaraz daitezen
Kultura, Kirol eta Gazteria Batzordea gaur, EH Bildu talde parlamentarioak eskatuta, Enneco, Haritzaren Memoria Zentroan egon da bisitan. Nafarroa Bizirik Fundazioak Nafarroaren historia ezagutarazteko bultzatutako parke-museo-erakustoki bat da, interpretazio zentroa eta Aralar eta Urbasa mendilerroen artean natura-ibilbide bat duena.
Bertaratu diren parlamentariak Virginia Alemán (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu), Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu) eta Guzmán Garmendia (PSN) izan dira.
Legebiltzarreko ordezkaritzari harrera egin diotenen artean zeuden Eneko Maiz, Etxarri Aranazko alkatea, Dabid Oroz, Sakanako Mankomunitateko Lehendakaria, Karmele Marañón, Arbizuko alkatea, Juan Ángel Beraza, Irañetako alkatea, María Sáez de Albéniz, Etxarri-Aranazko zinegotzia, Julián Cenoz, Patxi Arrosagarai, Koldo Amatriain, Orreaga Fundazioko kideak, Adur Elizalde, Xabier Elizalde, Enneco Auzolaneko kideak, Aintzane Gartziaindia, Mugaipe Aisialdi Enpresakoa eta Iñaki Erdozia, arkitektoa.
Bisitaren helburua, Asun Fernández de Garaialdek zehaztutakoaren arabera, "Enneco, Haritzaren Memoria Zentro Kultural eta Historikoa in situ ezagutzea izan da, interpretazio zentro bat duen parke baten sorrerarako proiektua, ikerketa ekintzak burutzeko asmoa duena, baita historia zabaltzea eta bateragune gisa funtzionatuko duena, Baskonia-Nafarroako Erresumaren memoria historikoa berreskuratzeko helburuarekin".
Parlamentariek eraikitzen ari diren parkean ibilbide gidatua egin dute, Etxarri Aranazko Udalak utzitako eta herriko campingetik hurbil dagoen ariztian 60.000 metro karratuko lursaila, eta ondoren udal karguekin eta proiektuaren bultzatzaileekin bilkura egin dute.
Auzolanean sortutako proiektua da, eta bultzatzaileek azaldu dutenez, instituzioen laguntza beharko lukete, hasierako izpiritua errespetatuz, helburuak bultzatu, zabaldu eta ezagutarazteko. "Gure sustraiak zabal daitezen interpretazio zentro bat eraiki nahi dugu eta elkarlanaren fruitua izan dadin nahi dugu. Historiarako leku bat izateaz gain, naturaz gozatzeko leku paregabe baten aukera ematen du, Aralar eta Urbasa mendilerroen artean natura ibilbide batekin. Gutxinaka parkea forma hartzen ari da".
Eraikin nagusi baten inguruan ibilbide zirkular bat aurreikusten du diseinuak, museo paleolitiko bat, euskarari buruz beste bat, mitologia eta ohiturei eskainitako esparru bat, erdiaroko dorre bat eta kastro baskoi bat.
Parkeak aurreko udan ireki zituen ateak, eta uztaila eta abuztuan 600 bisitari izan zituen. Aisialdi gunerako aterpe bat dauka, eta bertan jolas eta ekintza desberdinak ezartzea pentsatu dute, tirolinak etab. Erdi Aroko dorrea altxatuko duen garabia ere ikus daiteke.
Enneco, Haritzaren memoriak Nafarroako Gobernuko gizartearenereseko kalifikazioa lortu du, Nafarroako Kultura Kontseiluaren bidez, eta Mezenasgoaren Lege berriak ezartzen dituen etekin fiskalak ere lortu ditu.