Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Martxoak 15

Lan erreforma indargabetzeko estatu mailako legegintzako ekimen bat aintzat hartu da

Aurrera eginez gero, Parlamentuak Kongresuan Lege proposamen bat aurkeztuko du 2012ko lan erreformak kaltetutako legeek aurretik zuten idazkera berreskuratzeko

Nafarroako Parlamentuak aintzat hartu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPNren aurkakoekin, lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko uztailaren 6ko 3/2012 legea indargabetzeari buruzko Lege proposamena.

 

Lege proposamenaren jatorria, pasa den urriaren 27an Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan onetsitako ebazpenean dago, Izquierda-Ezkerrak aurkeztu zuen lan erreforma indargabetzeko xedez, euren hitzetan “langileen eskubideen aurkako eraso larri eta bidegabea” delako.

 

Helburu horrekin, eta 2012ko lan erreformaren ondorioz martxan jarritako lege aldaketek eragindako “atzerapen sozialari” aurre egiteko, aipatutako araudiaren moldatze horrek kaltetutako legeak berreskuratzea proposatzen da, honela, egungo “eredu ekonomikoaren berrikuntza, lehiakortasun eta ekoizpen gabeziak sortutako krisiak langileengan eta euren lan baldintzetan eragina izan ez dezan”.

 

Hala, 3/2012 Legeak zazpi urte hauetan zehar sortu duen “segurtasun eza, prekarietatea, eskubideen murrizketa eta pobreziaren areagotzea” azpimarratuz eta urte hauen guztien “balantze negatiboa” egin ondoren, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako testuak “politika eraginkorragoak eta klase behartsuenen beharrekin bat datozenak” ezartzea defendatzen du.

 

Ekimenaren titularren iritziz, oraintxe baldintza egokiak betetzen dira, Foru Komunitateak eskumenik ez duenez, Kongresuaren sostengua behingoz lortzeko. Hala balitz, Nafarroako ekimena, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluaren itzalpean formulatua, lege arrunt gisa izapidetuko litzateke.

 

Konstituzioaren 87.2 artikuluaren arabera, autonomia erkidegoetako legebiltzarrek Kongresuaren Mahaiari lege proposamenak igorri ahal dizkiote (edo Estatuko Gobernuari lege proiektuak onartzeko eskatu), eta gehienez hiru ordezkari izenda ditzakete, Kongresuan ekimen horiek defenda ditzaten.

 

Kongresuan legegintzako ekimenak aurkezteko ahalmen hori Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 212. artikuluak garatzen du. Proposamenak legegintzako prozedura arruntaren bidez izapidetu behar direla adierazten du. Desberdintasun bakarra dago: Osoko Bilkurak proposamena onetsitakoan, ez zaio Nafarroako Gobernuko lehendakariari igortzen, Diputatuen Kongresuko lehendakariari baizik, azken legebiltzar horretan izapidetu dadin.

 

Lege proposamena Kongresuan defendatzeko ardura duten foru parlamentarien izendapena Mahaiak ezarritako arauei jarraituz egingo da, Eledunen Batzarrak erabaki loteslea hartu ondoren.

 

Arau horiek diotenez, proposamenaren aurka bozkatu ez duten hiru parlamentarik defendatu behar dute proposamena, eta Mahaiak izendatu behar ditu. Horietako bat ekimena sustatzen duen taldeak proposatuko du, eta beste biak Eledunen Batzarrak hautatuko ditu (boto ponderatua) taldeek proposatutakoen artetik.