Landa Garapeneko Departamentua premiatzen da zaldi abandonatuak jaso eta zaintzen dituzten elkarteekiko lankidetza-hitzarmen bat egin dezan
Modu desinteresatuan administrazioari dagozkion lanak egiten jarraitu ahal izateko, esaterako, animalien ongizatearen kontrola edo salaketen kudeaketa
Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez “Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentua (Abeltzaintza Zerbitzua) premiatzen baita zaldi abandonatuak jaso eta zaintzen dituzten elkarteekiko lankidetza-hitzarmen bat egin dezan 2018an, beharrezkoa den laguntza ekonomikoa jasoko dutena, elkarteen instalazioak, baliabide materialak eta ibilgailuak hobetzeko eta mantentzeko eta orain arte eman duten laguntza ematen jarraitzeko”.
Onetsitako testua talde guztiek aurkeztutako in voce zuzenketa baten emaitza da, Podemos-Ahal Duguk, ekimenaren sustatzaileak onartu baitu.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioak aurkeztutako ebazpenak, martxoaren 23an Parlamentuan burututako lan-bilkura aipatzen du, eta bere egiten ditu Bucéfalo elkartean egin zituen aldarrikapenak. Esaterako, elkarteak Abeltzaintza Zerbitzuari, Foruzaingoari, Sepronari eta udalei ematen dien laguntza “desinteresatua” bermatzeko eta mantentzeko instalazio egokiak eta laguntza ekonomikoak eskatu dituzte.
Elkartearen eskaerekin jarraituz, lege bidezkoagoak eskatzen dira animalien ongizatearen mesedetan, baita administrazio-kontrol eraginkorragoa ere. Bucéfalo bezalako entitateen lana goraipatzen da, “Administrazioari dagozkion lanak modu eraginkorrean burutzen baitituzte”.
Bucéfalo elkartea Abeltzaintzako ustiategien erregistroan erregistraturik dago eta baimena du abandonatu eta jasotako zaldiak edukitzeko, eta “administrazio publikoekin lankidetzan ari da abeltzaintzako ustiategietan zaldien ongizatearen kontrolak egiten, animalia-babesari buruzko salaketak kudeatzen, konfiskatu edo abandonatutako zaldiak maneiatzen eta lekualdatzen, beren instalazioetan mantenduz eta artatuz harik eta animaliaren jabea aurkitu arte edo animaliaren behin betiko destinoa ezarri arte”.
-
Mozioaren argitalpena (48. NPAO, 2018-04-20koa)