Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Irailak 14

Lehortea pairatutako nekazariei kaltea arintzeko neurri fiskalak hartzeko eskatzen zuen mozioa ez da onartu

Nafarroako Ubidearen bigarren fasea hasierako proiektuaren arabera garatzeko eskatzea nahi zuen PPk, beharrizanei erantzuten dien bakarra delakoan

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPN taldeen aldeko botoekin, atzera bota du mozio bat, zeinaren bidez proposatzen baitzen Nafarroako Gobernua premiatzea “neurriak ezar ditzan lehorteak kaltetutako nekazariek pairatutako kaltea arintzeko; adibidez, salbuespen fiskalak, ordainketen geroratzea edo PFEZaren moduluak jaistea”.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak bultzatutako mozioaren zioen azalpenean argudiatzen zenez, neguko lehorte luzearen eta apirilean erregistratu diren tenperatura altuen eraginez egoera jasanezina pairatu dute nafar nekazari askok; bereziki, beren lursailak Nafarroako hegoaldean dituztenek, Ubidea oraindik iristen ez den eremuetan.

 

Horregatik, proposatzaileak eskatzen zuen “Nafarroako Ubidearen bigarren fasea lehenbailehen garatzea eta 21.500 hektarea hartzeko ahalmena izanen duen tamaina handiko azpiegitura baten bidez egitea”, eta eztabaidan jartzen zuen Nafarroako Gobernuaren asmoa, hodiaren ahalmena murriztekoa, ez dielako erantzuten sektorearen premiei, “Ebro ibaiaren eskuinaldeko nekazariek eduki dituzten galera handiek” frogatzen duten bezala.

 

Epe laburrerako neurriei begira, Espainiako Gobernuko Nekazaritza Ministerioak abian jarritako neurrien antzekoak hartzeko eskatzen zitzaion Nafarroako Ogasunari. Izan ere, Espainiako Gobernuak “beherapen fiskal nabarmena egin du zerealen, tomatearen, esnetarako behi-aziendaren, untxi-hazkuntzaren, abeltzaintza estentsiboaren eta erlezaintzaren PFEZaren moduluetan”.