LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko Legea onetsi da
Aniztasun sexual eta afektiboaren aitorpen sozial eta politikoan aurrera egin nahi da erabateko berdintasunean eta errespetuan oinarritutako erregelamenduzko baldintzetan
Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Lesbiana, gay, bisexual, transexual, transgenero eta intersexualen (LGTBI+) berdintasun sozialari eta Nafarroako Foru Komunitatean sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatik diskriminatzearen aurkako politika publikoei buruzko Foru Legea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-E taldeek aldeko botoa eman dute, UPNk abstenitu egin da eta PPNk aurkako botoa eman du.
PSN talde parlamentarioak aurkeztutako foru lege horren xedea da “printzipioak, baliabideak eta neurriak ezartzea eta arautzea, LGTBI+ pertsonen eskubideak eta benetako berdintasun gauzatua erabat bermatzeko, bidea izanik sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitateagatiko diskriminazio ororen prebentzioa, zuzenketa eta deuseztapena, Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen eskumenekoak diren esparru guztietan”.
Zehazki, eremu zibila, lanekoa eta soziala, osasuna, hezkuntza, ekonomia, kultura, arlo publikoa eta instituzionala aipatzen dira. Eta, “edozein dela ere egoera administratibo edo pertsonala”, bizitzako etapa eta gertakizun guztietara hedatzen da, benetako babesa bermatuz, berdintasunerako, ikusgarritasunerako eta diskriminaziorik ezerako eskubidea urratzera eraman dezaketen egoeren aurrean. Diskriminaziotzat jotzen da “pertsonaren sexu- edo genero-identitatearekin bat ez datorren tratua”.
Testuinguru horretan, zeharkako diskriminazio positiboa sustatzeaz gain, eskubide-urraketaren “ordaina” bermatzen da, “historikoki bereizkeria jasan duten kolektiboentzako” konpentsazio eta aitortza ekintzak abiaraziko direla agintzen da, eta sustatzen da erakundeek bat egin dezaten Homofobiaren, Lesbofobiaren, Bifobiaren eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna bezalako ekitaldi eta ospakizunekin (urtero maiatzaren 17an Parlamentuak zein Gobernuak ostadarraren bandera paratuko dute beren egoitzetan), LGTBI+ pertsonen berdintasun sozial erabatekoa eta gauzatua finkatzeko.
Xede horrekin, “aniztasuna balio erantsi gisa” onartzean oinarritutako aldarrikapenaren aitorpen sozial eta politikoan aurrera egiteko, zenbait baldintza ezartzen dira LGTBI+ pertsonek eta taldeek bizitza sozialeko eta instituzionaleko arlo guztietan parte hartzea eta ordezkaritza izatea errazteko, betiere jokaera fobikoen “prebentzioaren eta antzemate goiztiarraren” ikuspuntutik. Nafarroako administrazio publikoek eta Arartekoek horretan lagunduko dute, eta “ofizioz jardun ahal izanen dute, salaketarik jaso behar izan gabe”.
Arau horren bidez hartutako konpromisoen artean nabarmentzen dira “adingabe, gazte eta nerabe kalteberen babesa” eta, halaber, politika publiko guztiekin lotuta dauden konpromisoak, “lan, osasun, komunikazio, aisia, kultura edo kirol arlokoak”.
Bestalde, familia-egitatearen heterogeneotasunaren aitortza jasotzen da Nafarroako zuzenbide publiko zein pribatuan, jarduera judizialean eta administratiboan.
LGTBI+ Berdintasunerako Organo Koordinatzailea sortzea aurreikusten du lege proposamenak: foru legean jasotako politikak eta neurriak betearazteko behar adina autonomia, ahalmen eta baliabide izanen dituen erakundea, zeinak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin (NBI) batera, bere barruan eratuko baitu Nafarroako LGTBI+ Kontseilua, “aholku emateko eta herritarrek parte hartzeko” organo goren gisa.
Homofobia, lesbofobia, bifobia edo transfobiagatiko indarkeriaren biktimak artatzeari dagokionez, legeak xedatzen du Nafarroako Delituen Biktimei Laguntzeko oraingo atalak behar diren neurriak hartuko dituela dauden langileei prestakuntza emateko eta profesional espezializatuak eskuratzeko.
Nolanahi ere, LGTBI+ Berdintasunerako Organo Koordinatzaileak jarduteko berariazko protokolo bat prestatuko du profesionalentzat, edozein esparruri atxikita daudela ere, prebentzio, antzemate, arreta, laguntza eta oneratze lanak errazteko osasun, hezkuntza, lan, gizarte-zerbitzu, justizia eta segurtasun indar, kirol eta aisia eta komunikazio arloetan.
Protokolo hori bat etorriko da Pertsona transexualak genero-nortasunagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko azaroaren 19ko 12/2009 Foru Legeak ezartzen duenarekin, eta horretan sartuko da, gainera, familiei akonpainamendua egiteko aukera, bereziki adingabeak direla eta.
Ugalketaren eta genitalen esparruan, bermatuta egonen da ugalketa lagunduko teknikak erabiltzea, eta horien onuradun izanen dira haurdun gelditzeko gaitasuna duten LGTBI+ pertsona guztiak edo/eta haien bikotekideak. Gonaden ehuna eta ugalketarako zelulak izozteko aukera eskainiko zaie tratamendu hormonalak hartzen dituzten transexualei, eta, era berean, arreta urologiko edo/eta ginekologikoa bermatuko da.
Osasun neurriak zentzuzko denbora-tartean garatuko direla bermatze aldera, aintzat hartuko dira Sexu- eta ugalketa-osasunaren arloko prestazio sanitarioen antolamendua ezartzen duen azaroaren 16ko 103/2016 Foru Dekretuan jasotako jarduketak eta epeak. Gainera, legean sei hilabeteko gehieneko epea ezartzen da pertsona transexual eta intersexualei laguntzeko protokoloak ezartzeko.
Hezkuntzan, Nafarroako Unibertsitate Publikoak sustatuko du bere gradu eta masterren ikasketa-planetan eduki berariazko eta egokiak sartzea, sexu- eta genero-bestelakotasunaren arloa lantzeko.
Bestalde, LGTBI+ errealitateari buruzko azterlanak eta ikerketa-proiektuak egiten laguntzeko neurriak hartuko dira NUPen, eta berariazko zerbitzu bat sortuko da unibertsitate-campus eta esparru guztietan sexu-joera, genero-adierazpen eta sexu- edo genero-identitatearen aniztasunarekiko errespetua bermatzeko behar adina langile, espazio eta baliabide ekonomikorekin.
Osoko bilkuran egindako eztabaidan 7 in voce zuzenketa onetsi dira, akonpainamenduarekin, adingabearen adostasunarekin eta zehapenik gabeko administrazio-prozedurekin zerikusia duten alderdiak argitu eta osatzeko. Azken arlo horretan, zehaztu denez, “diskriminazio egoera egozten zaionaren eginbeharra izanen da justifikazio objektibo eta zentzuzkoa ematea”.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerra taldeek sinatutako zazpi zuzenketa horiek aurrera egin dute. UPN eta PPN abstenitu egin dira.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru lege proposamena (102. NPAO, 2016-09-09koa)
- Zuzenketak (73. NPAO, 2016-05-22koa)
- Irizpena (82. NPAO, 2017-05-06koa)