Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Abenduak 17

Memoria Historikoari buruzko Legearen esparruan ordain moralerako 31 agiri emateko ekitaldia

“Giza Eskubideen Adierazpena betetzeko zortzi hamarkada behar izan dituen herrialde honen historiako azken ehun urteak argitzen jarraitzeko” deia luzatu du Aznarezek

Nafarroako Parlamentuan Ordain eta Aitorpen Pertsonalaren Adierazpena emateko ekitaldia egin da gaur arratsaldean, orain arte egin den bosgarrena, 2011ko abenduaren 15ekoaren (orduan 69 agiri eman ziren), 2014ko martxoaren 21ekoaren (30), 2015eko maiatzaren 29koaren (60) eta 2017ko martxoaren 24koaren (64) ondoren; oraingo honetan Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Familien Elkarteko (AFFNA) 31 kideri eman zaie agiria, guztiak Gerra Zibilean eta diktaduran indarkeria eta jazarpena jasan zituzten herritarren ondorengoak.

 

Unai Hualdek eman dio hasiera Memoria Historikoari buruzko Legearen babesean egindako ospakizunari, eta «herrialde honen historiako azken ehun urteak argitzeko» beharra azpimarratu du, «zortzi hamarkada behar izan baititu duela 70 urte sinatutako Giza Eskubideen Adierazpena betetzeko”.

 

Nafarroan adiskidetzearen bide luzean eman diren « urrats irmoak » azpimarratu ostean, Lehendakariordeak denen artean « frankismoaren heriotz-agiria idazteko » deia luzatu du, eta horretarako derrigorrezkotzat jo du « egiarako eskubidea eraginkortzea, justiziarekin eta ordainarekin batera » etorriko dena. « Gaur egun oraindik ere bizitza publiko eta politikoan iragana lurperatu nahi duten pertsonaiekin egiten dugu topo, zauriak berrirekiz historia idatzi nahi dutenekin. Baina benetako demokrazia ahazten ez duen demokrazia da, horregatik gaude gaur hemen eta horregatik dago gurekin Estatuko Justizia Idazkaria ».

 

Hualdek, halaber, arrazoi ideologiko eta politikoengatik euren ondasun guztiak kendu eta erbesteratuak eta umiliatuak izan ziren milaka pertsona horiek oroitarazi nahi izan ditu, « errepresio eta sarraski sistematiko » haren biktimak. Hori dela eta, Nafarroako Fusilatuen Senitartekoen Elkarteari eskerrak eman dizkio «gizarte honen osasun demokratikoa hein handi batean haien lan nekaezinari zor baitzaio. Gerra genozidioa eta gerra ostea mendekua izan ziren arren, barkamen bat besterik ez baituzue eskatzen, egindakoaren aitortza bat eta arduren onarpena. Eskerrik asko zuen borrokagatik».

 

Jokin de Carlos, AFFNAko lehendakaria, pozik agertu da beste behin ere Parlamentuak ekitaldi honen antolakuntzan izan duen inplikazioagatik, “ordain ekitaldi honek iragana berreraikitzeko balio baitu. Errepresioa jasan zuten guztiak, eta bereziki 31 hauek oroitzera etorri gara gaurkoan, berriz ere bihotzetik pasa ditzagun. Honako erreparazio eta ordain adierazpenekin, 300 familia inguru dira lagundu ditugunak. Dokumentu hau paper bat besterik ez den arren, gure senitartekoak injustuki erailak izan zirela erakusten duen dokumentu ofiziala da. Guk gure senitartekoen zor diegun borrokan jarraituko dugu, genozidio eta ideologia hau zuritzen saiatzen direnen aurka”.

 

Manuel Jesús Dolz Lagok, Estatuko Justizia Idazkariak, Giza Eskubideak aipatu ditu “Estatuko Gobernuaren eta Justizia Ministerioaren jarduera ardatz nagusitzat”, eta oroitarazi du ekainean Memoria Historikorako Zuzendaritza Nagusi bat sortu zela, zeinaren helburua den “Diktaduran eta Gerra Zibilean desagertutakoen bilaketa sustatzea. 3000 areketan sakabanatutako 114.226 biktima daudela kalkulatzen da, eta gizarte demokratiko batek ezin du beste alde batera begiratzen jarraitu”.

 

Dolzek aipamen berezia egin die emakumeei, generoa dela eta “errepresio zehatz bat” jasan baitzuten eta ez baitira dokumentuetan agertzen. Azkenik, “balio demokratikoak indartzearen beharra” azpimarratu du, “egun bizi dugun albiste faltsuen mundu honetan historia eta memoria beharrezkoak dira”.

 

Uxue Barkosek, Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, “ordaina eta aitortza” bezalako hitzen eduki eta indarra azpimarratu du, “hitz hauek gaur zentzua hartzen baitute, urteetan zehar isiltasunean eta erakundeen ahazturan egon baitira. Gobernu honek zor historiko hori kitatu nahi izan du Memoria Historikoa aldaketarako politiken ardatzetako bat bihurtuz, eta horren erakusle, Nafarroa gai honetan aitzindari bihurtu da. Zuei zor genizuen”.

 

Uxue Barkos 36ko biktimen senitartekoei zuzendu zaie, eskerrak emanez “injustiziaren, ahanzturaren eta memoria ezaren” aurka egin dituzten ekimen guztietan zabaltzen duten “elkarbizitza” mezuaren atzean dagoen “eskuzabaltasunagatik". “Zuen mezuak beti egia bilatzeko helburua izan du, gorrototik urruti, eta eraikitzailea izan da”.

 

“Frankismoak biktimak erantzule egin nahi izan zituen isiltasunaren eta beldurraren bidez, eta Trantsizioko isiltasun instituzionalak ere biktima hauen sufrimenduan eragina” izan zuela adierazi ondoren, Gobernuko Lehendakariak Nafarroako Gobernuaren konpromisoa adierazi du “biktimen alde lan egin nahi duten elkarte eta erakundeekin elkarlanean lan egiteko. Hemendik gure besarkada eta aitortza adierazten diogu AFFNA36 elkarteari eta frankismoko errepresaliatu guztiei. Mila esker”.

 

Jarraian, familien ordezkari batzuk, Benita Vallés, María Pilar Marco, Juan José Paredes eta Ignacio Autor, oholtzara igo eta beren senideei buruz mintzatu dira. AFFNAren lana goraipatu dute “erokeria hura ez ahazteko” egiten duen lanagatik.

 

Ordezkariok beren testigantza eman ondoren, Unai Hualde Parlamentuko lehen lehendakariordeak, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko Lehendakariak, Manuel Jesús Dolz Lago Estatuko Justizia Idazkariak eta Jokin de Carlos AFNAko lehendakariak agiriak banatu dizkiete Gerra Zibilean eta ondoren izan zen diktaduran errepresaliatuak izandako 31 pertsonen senideei.

 

Ospakizunari amaiera emateko, Edurne Zarok aurreskua dantzatu du, eta lore eskaintza egin da 2015eko urtarrilaren 12tik Parlamentuan “1936ko matxinada militarraren ondorioz eraildako Nafarroako hautetsi guztien omenez” ezarrita dagoen plakaren ondoan. Plaka hori 2013ko azaroaren 14an onetsitako Errekonozimendua eta Ordain Morala Emateko Foru Legearen aginduz jarri zen, eta 2016ko apirilean atarira aldatu zen.

 

Musikan lagundu duen hirukotea Leyre García Zúñigak (ahotsa), Mikel Cano Berryk (kitarra) eta Carmen Sánchez Salvadorrek (bibolina) osatu dute.

 

Ekitaldian honako hauek izan dira, besteak beste: Maiorga Ramírez, lehen idazkaria; Maribel García Malo, bigarren idazkaria; Ana Ollo, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilaria; Álvaro Baraibar, Bake, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendari; Javier Eneriz, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa; Eduardo Santos, Diputatua; Iñaki Bernal, Senataria; José Luis Arasti, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako idazkari nagusia; Javier Esparza (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez, Virginia Alemán (Geroa Bai parlamentu-taldea), Bakartxo Ruiz, Dabid Anaut (EH Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez, Tere Sáez, (Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai parlamentu-taldea), María Chivite, Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea), José Miguel Nuin eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea), Alfredo Irujo, Nafarroako Kontseiluko lehendakaria eta Pablo Azcona, NUKFko lehendakaria.

 

Ordain moralerako agiri horiek abenduaren 26ko 52/2007 Legearen 4. artikuluko 1. zenbakian xedatzen denari jarraikiz egin da, “zeinaren bidez Gerra Zibilean eta diktaduran jazarpena edo indarkeria pairatu zutenen eskubideak onartzen eta zabaltzen diren, eta haien aldeko neurriak ezartzen diren”.

 

Memoria Historikoari buruzko Legearen artikulu horren arabera, “Gerra Zibilean eta diktaduran aurreko artikuluetan aipatutako ebazpenen ondorioak pairatu zituztenek birgaitze eta errekonozimendu pertsonaleko Aitorpena lortzeko eskubidea dutela onartzen da. Eskubide hori guztiz bateragarria da aurreko arauetan kaltea ordaintzeko onartutako gainerako eskubide eta neurriekin, baita auzitegian aurrera eraman litezkeen ekintzak gauzatzearekin ere”.

 

Honako hauek dira omendutako pertsonak:

 

Hilario Baigorri Ayegui, Ricardo Baigorri Ayegui, Manuel Bermejo Apesteguía, Ubaldo Diest Villa, Juan Pío Fraguas Arellano, José María Goñi Villanueva, Manuel Goñi Villanueva, Valentín Goñi Villanueva, Laureano Guerra Bernarte, Víctor Ibáñez Sesma, Anastasio Lacasta Garasa, Valentín Lacasta Garasa, Eustaquio Lacasta Janices, José Lacasta Janices, Mateo Leuza Corera, Perfecto Leuza Legorburu, Félix Leuza Legorburu, Ignacio López Lázaro, Victoriano López Lázaro, Liborio Marco Miguéliz, Pedro Blas Martínez Jiménez, Ignacio Moreno Martínez, Lucas Ortega Expósito, Eusebio Pérez Aznar, Francisco Pérez Molina, María Concepción Pérez Molina, Andrés Rubio Vallés, Gerónimo Ruiz Lara, Joaquín José Sesma, Guillorme, Remigio Yoldi García, Vicente Zozaya Belio.