Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 10

Mozio bat baztertu da, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen eraikuntza-proiektuaren diseinua hobetzeko proposamenak egin zitzan

Hiri-hornidurarako, ureztaketarako eta Erriberan nekazaritzako elikagaien industria bultzatzeko izaera estrategikoa duen proiektua dela argudiatzen zen

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat baztertu du gaur UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkakoekin, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “proposamen sorta bat defenda zezan Canasaren Administrazio Kontseiluan, Nafarroako Ubidearen bigarren faseko diseinua hobetzeko”.

 

Aipatutako proposamenen artean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “apustu egitea ubidearen proiektuak, bere bigarren fasean, ibilbide osoan manten ditzan behar adinako emaria eta presio naturala hodi bidezko eroapenean, ubidea ahal den altuerarik handienean hastearen ondorioz. Neurri horrek ahalbidetuko luke presioa amaiera arte edukitzea, halako moduan non aukera hori izanen bailitzateke errentagarriena eta ingurumen afekziorik txikienekoa”.

 

Era berean, Foru Exekutiboa premiatzen zen “defenda zezan Erriberako herri guztiak presio naturalaren bitartez hornitzea ahalbidetuko duen eraikuntza-aukera, goragune garestiak egin behar izan gabe”.

 

Hala, Gobernuari eskatzen zitzaion “proposa zezan hodi bidezko eroapena urtegi batean buka zedin, ahal den altuerarik handienean, Ebro ibaiaren eskuineko ibaiertza presio naturalez erregulatu eta hornitu ahal izateko”.

 

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Cintruénigo-Corella adarkadura, eskaintzan jada jasota dagoena, Fiteroraino luza zedin, eta hodi bidezko adarkadura gehiago aztertzea, ura Erriberako herrietara hurbiltzeko”.

 

PSN talde parlamentarioak gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, PPNk onartu duena, “urtegien edukiera errespetatzeko uraren erabilera jasangarria sustatzeko, oinarrizko eta ezinbesteko baliabidea baita, eta hondakin hidrikoak beste erabilera posible batzuentzat mantentzeko aukera errespetatzea”.

 

UPNk ere gehitzeko zuzenketa bat aurkeztu du, PPNk onartu duena. Lehenik eta behin, eskatzen zen “Montes de Cierzoko urtegi inguruan energia berriztagarriak ezartzea urtegiko irteerarako hodiak presurizatzeko”. Bestetik, “Pitillasetik Montes de Cierzo urtegira doan hodiaren edukiera Erriberako etorkizuneko beharrak asetzeko bestekoa izan dadila”. Azkenik, “Canasa premiatzeko behin proiektua amaituta, Nafarroako Ubidearen bigarren faseko obra has dezan, eta lizitazioa berehalakoak egin dadila Nafarroako Erriberan ur kalitate eta kantitate egokia eduki dezaten”.

 

Zioen azalpenean, PPNk sustatutako ebazpenak aipatzen zituen “lehorteak, egoera hori luzatuko dela dioten iragarpenak, eta Ebro ibaiak epe luzean baliabide aski emateko ahalmenik izanen ez duela”, eta zentzu horretan argudiatzen du “ubideak Erriberaren eta Nafarroaren etorkizunarentzat izaera estrategikoa” duela. Hobetzeko proposamen hauek defendatzen ditu, “Erriberako herri guztietan ur-premiak modurik zabalenean eta eraginkorrenean asetzeko xedez”.

 

Hala, “Erriberako hiri-hornidurarako, ureztaketarako eta nekazaritzako elikagaien industria bultzatzeko behar adina ur eraman dezakeen azpiegitura bat bermatzeko” beharraz ohartarazi ondoren, Gobernua premiatzen zen Canasa sozietate publikoaren Administrazio Kontseiluaren aurrean defenda zitzan proiektuaren diseinua hobetzeko proposamen guztiak.