Nafarroa harrera leku izan dadila eskatu diete ordezkari politikoei zazpi ikastetxetako ikasleek
Ainhoa Aznarezek adierazi du haurtzaro eta nerabezaroan balioetan oinarritutako hezkuntza egoera hau konpontzeko ezinbestekoa dela, honela Alboan GKE-ren lanaren garrantzia azpimarratuz
Nafarroako Parlamentuan ikastetxe desberdinetako ikasleen eta ordezkari politikoen arteko topaketa bat antolatu du Alboan GKEak, izan ere, "Mugetatik haratago", erakundeak burututako hezkuntza proiektua Nafarroako ikastetxeetan mihgrazioa eta errefuxiatuen gaia lantzeko gida izan baita.
Ekitaldia Osoko Bilkuren Aretoan izan da eta bertan San Ignacio Ikastetxea, Carlos III. Eskola Teknikoa, Eunate BHI, Hijas de Jesús Ikastetxea, Sancho el Mayor BHI, Berriozar BHI eta Hezitzaileen Eskolako ikasle eta irakasleek parte hartu dute. Gainera, Alboan-eko kideek parte hartu dute, baita talde parlamentario guztietako ordezkariek ere.
Ekitaldiari Ganberako Lehendakariak eman dio hasiera, Ainhoa Aznarez Igarzak, eta Alboan erakundeari "munduan desberdintasuna eragiten duten bidegabekerien salaketarekin erakusten duten konpromisoa" eskertu dio, baita "gizartearen ongizatea bilatzen duen kultura eraikitzeko egindako lana ere, mugak aintzat hartu gabe".
Aznarezek "Mugetatik haratago" proiektuaren garapenerako erakundeak egin duen lana azpimarratu du, adieraziz "haurtzaro eta nerabezaroan balioetan oinarritutako hezkuntza egoera hau konpontzeko ezinbestekoa dela". Lehendakariak, amaitzeko oroitarazi du "botere publikoek Giza Eskubideekiko konpromiso irmoa eduki behar dutela, mugetatik haratago doana".
Ani Urretavizcayak, Alboan erakundeko Hezkuntza arduradunak, eskerrak eman ditu ekitaldi hau Parlamentua bezalako "espazio garrantzitsu eta esanguratsu honetan" ospatzeko aukeragatik, eta ikastetxeei eskerrak eman dizkie aurretik eginiko lan eta hausnarketengatik.
Urretavizcayak adierazi du erakundearen helburua "hiritar kritiko, kontzientziadun, aktibo eta konprometituak" sortzea dela, eta horregatik lan egiten dute ikastetxeekin, formakuntza eta laguntza eskainiz".
Jarraian, Iván Benítez, argazkilari eta kazetariak bere lanen erakusketa bat egin du Sirian bizitako esperientzia kontatzen zuen bitartean, eta gerra egoeran bizi diren baina era berean gerratik kanpo dauden haurren eguneroko bizitza islatu nahi izan du,
Iván Benítezen hitzartzearen ondoren, ikastetxe desberdinetako ikasleek "Mugetatik haratago" hezkuntza proiektuaren baitan garatutako hausnarketa eta lanak azaldu dituzte, eta ikastetxe bakoitzak ordezkari politikoei eskaera bat egin die.
Carlos III. Eskola Teknikoko ikasleek euren proiektua azaldu dute, "nire ahulkia, zure babeslekua" izenekoa. Ahulkiak pertsonalizatu dituzte bertan errefuxiatuen egoerari buruzko euren beldur eta hausnarketak islatuz, adierazi nahian prest daudela errefuxiatuak hartzeko eta bizi duten egoera larria ulertzen dutela adierazteko. Ordezkari politikoei eskatu diete "uler dezaten gizartea errefuxiatuei harrera egiteko prest dagoela, eta beraiek direla zentzu horretan pausuak eman behar dituztenak".
Hijas de Jesús Ikastetxeko ikasleek azaldu dute esperientzia hau nola bizi izan duten eta nola elkarbanatu duten ikastetxean, eta eskatu dute "Nafarroa harrera leku izan dadin neurriak har ditzaten".
Berriozar BHIko ikasleek ikastetxean garatutako "proiektu interkulturala" azaldu dute, ikaslegoaren jatorria ezagutzeko egin dituzten inkesta batzuetan oinarritutakoa. Proiektu horri esker, azaldu dutenaren arabera, errefuxiatuekin identifikatuta sentitu dira, eta hori dela eta, "pertsona guztientzako tratu duina eta errespetua" eskatu dute, "pertsona bat bera ere ez delako ilegala".
San Ignacio Ikastetxeko ikasleek, Alboanen hezkuntza proiektuan oinarrituta burutu duten lana azaldu dute, dirua jasotzetik ikusgarritasunerako txapak egitera. Ordezkari politikoei eskatu diete "ordezkatu gaitzaten. Gizarte irekia, librea, interkulturala izan dadin eta datozen pertsonak aberastasun sinbolotzat har ditzaten".
Hezitzaileen Eskolako ikasleek "Desesperados" proiektua azaldu dute, errefuxiatuek euren bidean bizi duten desesperazioa islatzeko egindako lana. "Giza Eskubideak bete daitezen eta harrera oso eta erreala izan dadin konpromiso erreala" eskatu dute.
Amaitzeko, Sancho El Mayor BHIko ikasleek adierazi dute euren lana migrazioa eta errefuxiatuen gaia ezagutzean oinarritu dela, kontzeptuak ikasi eta egoera ulertzea. Haien eskaera izan da "Foru Erkidegoko ikastetxe guztietan gure hizkuntza erakusteko prest dauden irakasleak egotea, atzerritarren integrazioa errazagoa izan dadin".
Eunate BHIko ikasle batek bere esperientzia pertsonala kontatu du, "Oporrak bakean" izeneko proiektu batean parte hartzen baitu Saharako egoera landuz. Haien eskera "errefuxiatuentzako babesa eskatzean oinarritu da, batez ere babes psikologikoa beharrezkoa baita".
Ordezkari politikoen txandan, Koldo Martínezek (Geroa Bai) ikasleen hitzartzeekin "emozionatu" dela aitortu du, eta zoriondu ondoren, hala jarrai dezaten eskatu die, izan ere, "betetzen ari zareten 50 ahulki horiek etorkizunean gaur proposatutako printzipioak defendatuko dituzten ordezkariak beharko dituzte".
Cristina Altunak (UPN) Alboan erakundeari eskerrak eman dizkio arazo larri hau ikusgai bihurtzeko egiten duten lanagatik. Altunak aniztasun kulturalaren garrantzia azpimarratu du, "gaur hemen ikusi den balioen hezkuntza", eta aitortu du espero duela "datorren belaunaldia arazo hauei aurre egiteko gai izango dela".
Bestalde, Esther Korresek (EH Bildu) adierazi du "hezkuntzan dagoela arazo hauei aurre egiteko indarra", eta horregatik Alboani eskerrak eman dizkiot hezkuntza proiektu hau egin izanagatik, "gobernuak iristen ez diren lekuetara iristeagatik".
Tere Sáezek (Podemos-Ahal Dugu) azpimarratu du "irmoki borrokatu behar dugula pertsona guztiok giza eskubideak aitortuak izan ditzagun lortu arte".
Carlos Gimenok (PSN) hezkuntzaren garrantzia nabarmendu du, esanez "hiritarrak askeago, kritikoago eta gizartea aurreratuagoa eta justuagoa izateko" tresna dela hezkuntza.
Javier Garcíak (PPN), eskerrak eman dizkio Alboan erakundeari "egunerokotasunean buruan ez daukagun errealitate hau hurbiltzeagatik", eta aitortu du poza ematen diola gazteek errealitate hori presente dutela ikusteak.
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) ikaslegoa eta Alboan erakundea zoriondu ditu gizakiak bizi duen krisi larri hau argitara emateagatik. Adierazi du denok lan egin behar dugula, "tragedia hauek eragiten dituzten egiturak aldatzeko" denok dugu eskuhartzeko betebeharra.
Amaitzeko, ikastetxeetako irakasleek Alboan GKE-ko kideekin batera ordezkari politikoen konpromisoa eskatzen duen manifestua irakurri dute.
Archivos adjuntos