Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urtarrilak 17

Nafarroako 2017ko Kontu Orokorrei buruzko Foru Legea onetsi da

Kontuen Ganberaren txostenak nabarmentzen du Hitzarmenaren gaurkotzeak eta 2016ko zerga-erreformak Foru Administrazioaren finantza-egoeraren “hobekuntza argirako” ekarpena egin dutela

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak Nafarroako 2017ko Kontu Orokorrei buruzko Legea onetsi du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin. Lege horretan 3.983,75 milioiko gastuak eta 4.528,23 milioiko diru-sarrerak jaso dira.

 

Behinola Kontuen Ganberak emandako txostenaren arabera, Nafarroako 2017ko kontu orokorrek Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioaren gaineko ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Ildo horretan, txostenean jaso dira Nafarroako Gobernuaren kontuak eta haren erakunde autonomoenak, Nafarroako Kontseiluarenak, sozietate eta fundazio publikoenak, Parlamentuarenak eta haren menpeko organoenak (Kontuen Ganbera eta Nafarroako Arartekoa).

 

Txostenak nabarmentzen du Foru Administrazioaren finantza-egoerak “hobekuntza argia” izan duela aurreko ekitaldien aldean, eta “Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoaren ekarpenaren gaurkotzea eta 2016ko zerga-erreforma” izan direla aldaketa horren arrazoia.

 

Bilakaera positibo horren emaitza gisa, diru-sarrera arruntak 272 milioi euro handiagoak dira gastu arruntak baino, finantza-zama barne. Testuinguru horretan, azpimarratu egiten da azken urteetan lehen aldiz diruzaintzako gerakinak 360 milioiko balio positiboa duela, eta, horrenbestez, “Nafarroak gaitasuna duela zorra amortizatzeko edo inbertsioei ekiteko”.

 

Nafarroako Gobernuaren kontuei dagokienez, urte horretan 3.983,75 milioi euro gastatu zituen eta 4.528,23 euroko diru-sarrerak izan zituen. Gastuak ia ez ziren aldatu 2016ko datuen aldean, eta diru-sarrerak % 12 handitu ziren.

 

Gastuetako kapitulu nagusia transferentzia arruntena da (1.488,89 milioi). Bigarren garrantzitsuena langileen gastuen kapitulua da, 1.237,58 milioirekin. Ondasun eta zerbitzuetan egindako gastu arruntek 587,27 milioi egin zuten, eta 119,14 milioiko inbertsioak egin ziren guztira.

 

Diru-sarrerei dagokienez, zuzeneko zergek 1.726,01 milioi egin zuten eta zeharkakoek 1.932,39 milioi. Hirugarren finantzaketa iturri garrantzitsuena zorpetzea izan zen, hala finantzatu baitziren 498 milioi.

 

Aurrekontu-saldoa doikuntzen aurretik 544,47 milioikoa izan zen, eta behin doituta 551,41 milioira murriztu zen. Diruzaintzako gerakina, guztira, 414,56 milioikoa izan zen. Horietatik 55,35 onartuta daude, eta gainerakoak, gastu orokorrei dagozkienak, 359,20 dira.

 

Osasun arlokoa izan zen gastu portzentajerik handiena (% 26), eta bigarren handiena Hezkuntzakoa (% 16). Estatuarekiko Hitzarmen Ekonomikoak guztizko gastuaren % 13 eragin zuen: 511,39 milioi Nafarroak bereganatu gabeko eskumenengatik, aurreko ekitaldian baino 29 milioi gutxiago. Zor publikoak gastuaren % 10 eragin zuen, eta gizarte zerbitzuek % 8.

 

Tributuen diru-bilketa likidoa 3.682,67 milioikoa izan zen, 2016koa baino % 11,8 handiagoa. Gastuei dagokienez, hiru arlotan izandako gehikuntza nabarmentzen da: Osasunean 1.017 milioi gastatu ziren, eta aurreko urtean 974 (+% 4); Hezkuntzako gastuak 597 milioitik 634ra igo ziren (+% 6); eta gizarte-babesaren arloan 497 milioi gastatu ziren, eta 2016an 468 (+% 6).

 

Foru Administrazioaren 2017ko abenduaren 31ko finantza-zorra 3.258 milioikoa zen, 2016an baino 200 milioi gehiagokoa (% 6,6 handiagoa). Horren arrazoia, hein handian, zorraren mugaeguneratzeei aurre egiteko kanpoko finantzaketaren beharra izan zen. Zorraren % 9 (293 milioi) epe laburrean mugaeguneratzen da. Zorra diru-sarrera arrunten % 82 da, 2016an baino ehuneko zortzi gutxiago.

 

Zor itundua 2017an % 14 jaitsi da 2016koarekin alderatuta, baina amortizatuak ere ehuneko % 29 egin du behera. Bi zenbateko horiek nabarmen baldintzatzen ditu zorra amortizatzeko ezarritako egutegiak.

 

Berriz ere zorraz ari dela, Kontuen Ganberak gogora dakar iragan martxoan Standard&Poor’s rating agentziak “A, perspektiba positiboarekin” kalifikazioa eman ziola Nafarroari, Foru Komunitatearen kaudimenarekiko konfiantzaren seinale.

 

Foru Komunitateak emandako abalen zenbatekoa 216,84 milioikoa da.

 

Fiskalizazio-organoaren txostenak dioenez, Foru Komunitateko Administrazio Publikoak 2017an finantzaketa-beharren bolumenarekin lotutako helburua bete zuen, bai eta finantza-iraunkortasunarena ere, eta ez zuen bete gastu-araua.

 

Legezkotasunaren azterketari dagokionez, Kontuen Ganberak egiaztatu du Foru Administrazioaren jarduera ekonomiko-finantzarioa araudi indardunarekin bat datorrela; baina, salbuespen gisa, indarraldia amaitua duten kontratuekin edo kontratu-euskarririk gabe ordaindutako prestazioen gastua aipatzen du.

 

Bestalde, 17 enpresa publikoei dagokienez, ekitaldiko emaitza orokorrean 369.000 euroko galerak izan ziren. Sozietate publikoek 1.100 langile dituzte guztira, goi zuzendaritzakoak barne.

 

Bost fundazio publikoek 1,8 milioiko ondare garbia dute eta 154 langile dituzte. Haien epe luzeko zorra 5,4 milioikoa da.

 

Kontuen Ganberaren txostenean azterketa egin da Foru Administrazioaren plantilla organikoari buruz eta langile finkoen azken urteetako eboluzioari buruz.

 

2013tik 2017ra bitartean funtzionarioen 3.523 baja izan dira, gehienak erretiroa hartu duten funtzionarioenak. Estatuak enplegu publiko finkoaren eskaintza mugatu duen garaian, 601 funtzionario baino ez dira sartu Foru Administrazioan. Horrenbestez, alde negatiboa sortu da: 2.922 funtzionario gutxiago azken bost urteetan.

 

Alde hori konpentsatzeko, aldi baterako kontratazioak nabarmen egin du gora. Hain zuzen, 2017aren amaieran Foru Administrazioaren plantillan aldi baterako langileak % 45 ziren. Kontuen Ganberak indize horri “gehiegizkoa eta kezkagarria” deritzo. Langileriaren deskapitalizazioa eta plantillaren zahartzea gertatu direla eta horrek ondorio negatiboak ekar ditzakeela ohartarazten du. Ildo beretik, txostenak nabarmentzen du funtzionarioen erdiak baino gehiago 50 urtetik gorakoak direla.

 

Horregatik guztiagatik, lan-eskaintza publikoen bitartez plantillaren behin-behinekotasuna lehenbailehen murrizteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari.

 

Aurreko txostenetan emandako gomendioen jarraipena ere egin du Kontuen Ganberak. Gauzatu gabe dauden gomendioen atalean, Nafarroako Kontabilitate Publikoko Plan Orokorra onetsi beharra edo, halakorik ezean, Kontabilitate Publikorako Plan Orokorra bere zabaltasun osoan aplikatu beharra aipatzen da. Hau ere gomendatzen da: Funtzionarioen Montepioaren betebeharrak balantzean jasotzea, Foru Administrazioaren ondasun guztien inbentarioa egitea, eta kontabilitate-sistemak zerbitzu publikoen kostuari buruzko informazioa eskaintzea.