Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Maiatzak 24

Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua indargabetzeko proposamena baztertu egin da

Geroa Baik eta I-Ek ez dute sostengatu EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren asmoa, hots, ituntze eredu “baztertzailea, aldaketa politikoaren premisekin bat ez datorrena” ordeztea

Gaur egindako osoko bilkuran, Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzen duen azaroaren 12ko 22/2014 Foru Legea indargabetzeko proposamena. UPN, PSN, PPN eta I-Ek proposamenaren aurka bozkatu dute, Geroa Bai abstenitu egin da, eta EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk alde bozkatu dute.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetu da EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek bultzatutako foru lege proposamen hori. Xedetzat du Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua deuseztatzea, “bazterkerian oinarritutako” ituntze eredua delakoan, “sindikatu sinatzaileentzako (UGT eta CCOO) eta patronalarentzako (CEN) finantzatze-iturri garrantzitsua; izan ere, hitzarmen izendunen onuradun izan dira, eta horrek milioietako gastua ekarri du”.

 

Araudi berri bat onetsi arte, arloko eskumenak Ekonomia eta Gizarte Kontseiluari esleitzearen alde egiten da. “Parte-hartze instituzionalerako beste organo bat da, 22/14 Foru Legearen bidez arautua, eta ordezkaritza zabal eta anitzagoa du, baina azpi-erabilia izan da”.

 

22/2014 Foru Legea, zeinaren bidez, talde sozialistak eskatuta, Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua sortu baitzen, 2014ko azaroaren 6an onetsi zuen Parlamentuak, UPN eta PSNren aldeko botoekin eta Bildu, Aralar-Nabai, PPN, I-E eta atxiki gabekoen aurkako botoekin onetsi ere.

 

Arauak bide eman zuen Nafarroako Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua eratzeko, Nafarroako Gobernuaren eta Foru Komunitateko ordezkaritasun handieneko sindikatu eta enpresa-erakundeen arteko bilgune, parte-hartze eta negoziazio organo instituzional iraunkor gisa.


Elkarrizketa sozialtzat hartzen da “langile eta enpresaburu guztiei dagozkien interes orokor, komun, sektorial eta sektoreartekoak sustatu eta defendatzeko lanak eta jarduerak egitea”; bereziki, “arlo ekonomikoko, arlo sozialeko, lanaren arloko eta gizartearen bizi-kalitatean eragina duten interes orokorreko gaien negoziazioa eta ituntzea”.


Kontseilu hori “kohesio soziala eta aurrerabide ekonomikoa” sustatzeko tresna moduan antolatuta dago, “arazo berriek ekarritako eskakizunei berregokitu beharra” abiapuntu hartuta. Kontseiluko burua Gobernuko lehendakaria da, eta kontseilukideak, lan arloko legeriari buruzko eskumena duen kontseilaria eta “Nafarroan ordezkaritasun handiena duten sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen ordezkari bana”.


Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak aho batez hartzen ditu erabakiak, eta haren organoetako bat batzorde iraunkorra da. Kontseilariak, Kontseiluko idazkariak eta sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen bina ordezkarik osatzen dute batzorde hori. Gainera, batzorde espezializatuak sor daitezke arlo zehatzak sustatzeko, eta aurreikusten da bulego teknikoa sortzea; Administrazioak bere eginkizunak betetzeko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak emanen dizkio.


Eginkizunei dagokienez, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak hainbat eskumen ditu, besteak beste, aurretiaz ezagutzea lege-aurreproiektuak edo legeak garatzeko erregelamendu-proiektuak, edota komenigarri deritzen legegintzako zein legegintzaz besteko ekimenak proposatzea.


Finantzaketa dela-eta, legeak xedatzen du urtero kontusail bat jarri behar dela Kontseiluan parte hartzen duten sindikatu- eta enpresaburu-erakundeentzat, alde batera utzita erakunde horiek, esparru ekonomiko eta sozialeko interes orokorreko erakunde gisa, beren jarduera sustatzeko jasotzen dituzten diru-laguntzak. Diru-laguntza izendunaren zenbatekoa urtero aldatuko da KPIa bezala, Komunitatearen aurrekontuaren muga gainditu gabe.


22/2014 Legeak indarra hartu eta handik hilabetera eratu zen Elkarrizketa Sozialerako Kontseilua, eta, behin abian jarritakoan, beste sei hilabete izan zituen bere barne-funtzionamendurako erregelamendua onesteko. Hori guztia, jasorik utzi zen moduan, itunaren esparrua “arrazionalizatu, modernizatu eta berritzeko, aldeentzat argiro instituzionalizatuta egon dadin betebeharren eta eskubideen arloan bakoitzak bere gain hartu beharreko eginkizuna”.